Costumerok epaiketan adierazi du Aldundiko langileak gezurretan ari direla
Irune Costumero alabaren zaintza kendu zioten emakumeak epaiketan salatu du Aldundiaren txostenak partzialak direla eta akusatuak gezurretan ari direla. Haurra topaguneetara beti eraman zuela ere esan du, eta Aldundiak ez ziola inoiz esan araua hausten ari zenik. Auzitegira iristean, gainera, aurki alaba etxean bueltan izatea espero duela adierazi du.
Costumerok esan du alaba "indarrez" kendu ziotela "existitzen ez den" sindrome baten aitzakian, "haurrari galdetu ere egin gabe zergatik ez zuen joan nahi aitarekin".
Gogorarazi du "ihes" egin zuela alabarekin aitaren tratu txarrak salatu ostean. Fiskalari aitortu dio prozedura hura artxibatu egin zela, eta fiskala Aldundiaren defentsarekin lerrokatu da eta salatzaileak ama gisa egiten zuen lanaren inguruan galdetu die lekukoei.
Costumeroren arabera, gainera, aitak alaba "bahitu" zuen 21 hilabete zituenean, eta "leku ezezagun batean" eduki zuen zenbait hilabetez, "bizirik edo hilda zegoen" jakin gabe. Gainera, Osakidetzak aitak ustez alabari egindako tratu txarrengatik hiru prozedura abiatu zituela aipatu du, baina epaileak erabaki zuela "lesioak ez zirela horren larriak".
Aurrez, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako egungo diputatuak deklaratu du, alaba kentzeko agindua sinatu zuenak. Gainerako hiru langileekin bat etorriz, adierazi du amak eragindako tratu txar psikologikoen txostenetan oinarritu zela agindua, eta aitarekin uzteko zalantzaren bat izango balute, adingabearen tutela diputazioak mantenduko lukeela. Langile publikoek gaineratu dute, berriro jardun beharko balute, berdin jokatuko luketela.
Gizarte Ekintzako diputatuak eta Haur Zerbitzuko hiru funtzionarioek, emakumeari alaba kentzeagatik auzipetuek, aitortu dute adingabea arriskuan zegoela ondorioztatu zutela "gurasoak eragindako alienazio sindromea" zuela zioen txosten batean oinarrituta.
Bizkaiko Auzitegian egin duten epaiketaren lehenengo saioan, auzipetuek ziurtatu dute udaletako eta aldundietako zerbitzu sozialek 2011n Jaurlaritzak egindako sistema erabiltzen jarraitzen dutela, eta horren arabera, arrisku larritzat edo oso larritzat hartzen dela alienazio sindromea.
Munduko Osasun Erakundeak zientifikoki errefusatu duen sindromea da, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Haurren Babeserako Legeak jazarria, amen sinesgarritasuna eta tratu txarren lekukotzak zalantzan jartzen dituelako.
Murillok eta beste funtzionarioek legea errespetatuz jokatu zutela azaldu dute, eta 2013an epaile batek agindutako zaintza partekatua bertan behera uztea erabaki zutela. Hala, haurra aitarekin uztea adostu zuten, adingabearentzat onena zelakoan, eta ama ez zelako "alabari zaintza egokia" ematen ari eta horrek "kalte psikologikoa" eragin ziezaiokeelako. Kontrako aldean, aita beti laguntzeko prest agertu zela azaldu dute.
Gaineratu dute Barakaldoko zerbitzu sozialak izan zirela haurra arrisku larrian zegoela ondorioztatu zutenak, eta horregatik utzi zutela kasua Aldundiaren esku. Hori horrela, familian "esku hartzea" erabaki zuten, "dibortzio gatazkatsu baten" ostean.
Haurrak aita errefusatzen omen zuen, eta jo egiten zuela errepikatzen zuen. Topagunean hainbat bisita "zail" egin ostean (haur zerbitzuak dio amak bilerak "oztopatzen" zituela), 2017ko abuztuan erabaki zuten alaba amari kendu eta aitaren esku uztea harremana "berreskuratzeko", "ez zegoelako frogarik aitak tratu txarrak ematen zizkiola pentsatzeko, amaren salaketa bakarrik".
Funtzionarioen ustez amak, amonak eta alabak "neurriz kanpoko oihuak" egin zituzten haurra aitarekin eraman zutenean. Fiskalaren eta defentsaren arabera "entrega" bat izan zen, baina amarentzat "legez kanpo" kendu zioten.
Alaba amari kendu zion funtzionarioak esan du negar egiten zuela, baina ama aurrean ez zegoenean lasaitu egin zela. Baina Costumerok eta bere amak, haurraren amonak, esan dute "tiraka" eraman zutela "antsietateak jota", eta urrunetik entzuten zirela bere negarrak.
Amonak azaldu du une horretan haurra tiraka eraman zutela, "panpin bat bezala" eraman zutela.
Epaiketa asteazkenera arte
09:30ean hasi da Bizkaiko Auzitegian Sergio Murilloren eta bere saileko beste hiru funtzionarioren kontrako epaiketa, Irune Costumerori bere bost urteko alabaren zaintza kentzeko foru agindua sinatzeagatik, umea "aitaren kontra manipulatu" egiten zuela argudiatuta. "Gurasoak eragindako alienazio sindromea" egotzi zioten, nazioarteko inongo erakunde mediko edo psikiatrikok onartzen ez duen gezurrezko patologia bat, baina prozesu judizialetan aplikatzen dena, askotan amei haurrak kentzeko, aita ikusi nahi ez duten umeek sindrome hori dutela argudiatuz.
2017an banandu zuten umea amarengandik, eta, etengabe saiatu den arren, kasua orain arte ez da epaitegietara iritsi. Orduz geroztik, aitarekin bizi da haurra. Gaurtik asteazkenera egingo den epaiketan, akusazioak bost urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatuko du akusatuentzat. Prebarikazio administratiboa, tratu txarrak eta lesio psikologikoak eragitea leporatu die, alaba epaileak jakin gabe kentzeagatik, honek zaintza partekatua ezarria baitzuen. Fiskaltzak auzia artxibatzeko eskatu du.
Arratiako mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin dute 09:00etan, Bilboko justizia jauregiaren aurrean.
BIDEOA | Irune Costumeroren aldeko bilkura Bizkaiko Auzitegiaren aurrean
EAEtik ez ezik, Espainiako Gobernutik ere heldu zaio babesa Costumerori. Irene Montero Berdintasun ministroak txioa argitaratu du goizean ama bizkaitar horri "bakarrik ez" dagoela jakinarazteko. Nabarmendu duenez, Costumerok "erreparazioa" merezi du indarkeria matxistaren aurrean alaba babesten jardun duela ez onartzeagatik.
Indarkeria instituzionala egon ote zen ebatzi beharko du epaimahaiak
Adin txikikoen zerbitzuko arduradunek zuzen ari ez zirela jakinda banandu ote zituzten ama-alabak ebatzi behar du epaimahaiak, eta, era berean, horien sufrimenduaren arduradun ote diren.
Gauzak horrela, indarkeria instituzional kasu bat ote den argitu beharko du epaileak, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2020ko irailean argitaratuko txosten batean Espainiari kargu hartuta iradoki zuen bezala.
NBEren txostenean kontatzen denez, 2013an zaintza partekatua ezarri zien epaileak Customerori eta horren bikotekide ohiari. Ondoren, aitak salaketa jarri zuen amaren kontra Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, amak umearengan berarekin egon nahi ez izatea eragiten zuela esanez. Aurrez, Costumerok bikotekide ohia salatu zuen tratu txarrengatik, baina absolbitu egin zuten.
Gizarte Zerbitzuek amari haurraren zaintza kentzea erabaki zuten, haren tutoretza Administrazioaren esku jartzea, eta, era berean, aitari uztea. Horretarako, Costumero eta alabarekin hitzordua ezarri zuten, zertarako zen esan gabe, eta, behin han zirela, besoetatik kendu zioten alaba Poliziaren, segurtasun agenteen eta zerbitzu horretako langileen laguntzaz. Banantze hori ez zen epaitegian jakinarazi, eta ez zuen epailearen baimenik.
Epaiketan, Bizkaiko Foru Aldundiak "modu ez zilegian" eta "bortitzean" kendu ziola alaba frogatzen saiatuko da Customero.
"Justizia espero dut, baina batez ere alaba nirekin egotea"
Irune Costumerok eitb.eus-i eskaini dion elkarrizketa batean azaldu duenez, "eskatu dituzten zigor eskaera horiek ez dute konponduko alabaren sufrimendua, ezta gutxiago ere". Justizia espero duela dio, baina batez ere "alaba nirekin egotea behingoz, etxera bueltatzea".
Bere azken urteotako borroka "Davidek Goliaten aurka" egindakoa bezalakoa dela esan du: "Euskal Herrian ez dut babesik topatu. Oso gai ezezaguna izateaz aparte, Aldundia botere izugarria duen erakunde bat da".
Aldundiak "kasuaren larritasunagatik" jardun zuela esan du
Aldundiak kasuaren kronologia bat egin du, eta "kasuaren garrantzia tarteko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Haurren Zerbitzuaren esku hartzea beharrezkoa" zela ondorioztatu zuela azaldu.
Maite Iturrate Haurren Zerbitzuko egungo zuzendariak esan duenez, "Haurren Zerbitzuko erabakiak ez dira inoiz samurrak izaten, legeak agindutako irizpide teknikoen arabera hartzen dira beti, eta lehenengoa beti da adingabearen goreneko interesa".
Zure interesekoa izan daiteke
Lau urteko haur bat oso larri Oionen, bigarren solairutik erorita
13:30 aldera gertatu da istripua, eta helikopteroz eraman dute Gurutzetako ospitalera, buruan kolpe handi bat zeukala.
Talde animalistek protestak egin dituzte Bilbon eta Iruñean, ehizaren eta ehiza-txakurren erabileraren aurka
Espainiako Estatuko 44 hiritan eta beste 41 herrialdetan izan da mobilizazioaK, Galgoaren Munduko Egunarekin bat eginez.
Diru bilketa abiatu dute Aroztegia auzian zigortutako zazpi kideei jarritako isunei aurre egiteko
Zazpi ekintzaileek ez zuten kartzela zigorrik jaso, baina 62.000 euroko isuna ordaintzera kondenatu zituzten. Isunez gain, defentsa eta gainerako gastuak ordaintzeko bilketa egingo du orain Aroztegiko Elkartasun Komiteak.
Joko areto baten aurka protesta egiteagatik auzipetutako Sopelako lau gazteen aurkako epaiketa atzeratu dute, data jarri gabe
32 urteko kartzela zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatu dute lau sopeloztarrentzat. Auzia birritan artxibatu dute, eta akusazio partikularra da pertsonatutako akusazio bakarra. Hain justu, auzipetuei elkartasuna adierazteko manifestazioa egin zuten atzo Sopelan.
Gizon batek bikotekidea hil du Pontevedran
Emakumearen gorpua ahizpak aurkitu du, bere etxebizitzako lurrean, eta gizona ihes egiten ikusi du. Guardia Zibila gizonaren bila ari da atxilotzeko.
Osasun Sailak zehaztu du iraungitako txerto hexabalenteak Iztietako (Errenteria) eta Ondarretako (Donostia) osasun-zentroetan jarri zituztela
Osakidetza hasi da kaltetutako 30 pertsonak (25 haurtxo eta 5 heldu) berriro txertatzen. Iraungitako txerto tetrabalentea edo hirukoitz birikoa jaso zutenek (75 bat lagun) asteon jasoko dute gertakin zuzena.
Matrikulazioa % 5 jaitsiko dela uste du Hezkuntza Sailak, baina ikasturtean zehar heldutako ikasleekin orekatu daitekeela erantsi du
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, matrikula kopuruak % 5 inguru egin du behera, datu demografikoak kontuan hartuta egindako estimazioen arabera. Dena dela, iragarri du beherakada "matrikulazio biziak" konpentsatuko duela; izan ere, irailetik 5.400 ikaslek eman dute izena EAEko hezkuntza sisteman.
Gidari bat ikertzen ari dira istripu batetik ihes egin eta alkoholemia proba egiteari uko egiteagatik
Ertzaintzak ikertu gisa inputatu du bart Trapagaranen beste ibilgailu baten kontra istripua izan eta ihes egiten saiatu zen gidari bat, bide-segurtasunaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larunbatean, 21:00ak aldera, bi ibilgailuk talka egin zuten Bizkaiko udalerri horretan, eta gidarietako bat bertan artatu behar izan zuten. Beste gidaria, onik atera zena, ihes egiten saiatu zen, baina agenteek geldiarazi egin zuten. Gizonak uko egin zion alkoholemia proba egiteari.
Hiru pertsona artatu dituzte Usurbilen, sute batean kea arnasteagatik, eta beste bat Errenterian
Usurbile, hiru pertsonak tokian bertan artatu dituzte, baina Errenterian, Donostia Ospitalera eraman behar izan dute emakume bat. Barañaingo supermerkatu batean ere sutea izan da larunbat honetan baina ez da inor zauritu.
Manteroen kontrako "poliziaren esku-hartze bortitza" salatu dute dozenaka lagunek Bilbon
Mbolo Moye Doole eta Manteroekin bat! plataformek deituta, ostegunean Ertzaintza eta Udaltzaingoa manteroen aurka indarkeriaz aritu zirela salatu dute. Horien esanetan, "ez da gertaera isolatua izan", hilero jazotzen baitira halakoak.