Ikasturte hasiera
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hezkuntza Sailak eta eskola garraioko elkarteek tarifen inguruko akordioa itxi dute

Enpresek % 35-40ko igoera galdegiten zuten kostuei aurre egiteko. Azkenean, ordea, % 24,1eko igoera adostu dute bi aldeek. Erregaien prezioa hilero berrikusiko dute, eta balizko garestitzea modu proportzionalean jasoko dute.
Hainbat ume, eskolara sartzen.
Hainbat ume, eskolara sartzen. Artxiboko argazkia: EFE

2022/23 ikasturterako eskola garraiorako tarifen inguruan akordioa itxi dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eskola garraioko zerbitzua eskaintzen duten enpresek, eta, hala, ostegun honetan ikasturtea hastekoa denean, zerbitzua bermaturik egongo da, Saileko iturriek Radio Euskadiri baieztatu diotenez. 

Enpresek % 35-40ko igoera galdegin dute kostuei aurre egin eta dirua ez galtzeko, baina Jaurlaritzak % 6koa baino ez omen zuen eskaintzen. Azkenean, ordea, % 24,1eko igoera bat adostu dute bi aldeek. Lau ordu eta erdiko batzar bat behar izan dute akordioa lortzeko, uztaila erdialdetik negoziatzen ibili badira ere.

Adostutakoaren arabera, hilero berrikusiko dute erregaiaren prezioa zertan den, eta irailaren 5arekin alderatuta (orduko data du izenpetutako kontratuak), batez besteko prezioan igoerarik balitz, modu proportzionalean aplikatuko litzateke erregaiaren kostuengatik ezarritako kopuruari —itundutako portzentajea % 24,1ekoa da, baina erregaiaren garestitzeari dagokiona % 20,79koa da—.

Gastu horiek guztiak Hezkuntza Sailak hartuko ditu bere gain, eta, beraz, datorren urteko aurrekontuetan jasota gelditu beharko dira.  

21.000 bat ikaslek erabiltzen dute eskola garraioaren zerbitzua EAEko ikastetxe publikoetan. Azken unera arte, kolokan izan bada ere, azkenean bermatuta izango da.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela

ELAk  adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X