Hileko oinazeen kontrako borroka ozenduz
Iratxe Uriarte Gorritxok (Getxo, 1980) ondo gogoan du hilekoa etorri zitzaion lehen egun hura: "12 urte nituen, uztailaren 16a zen"; egun hartan, minez, pilula bat hartu behar izan zuen. 20 urteren buruan, oinaze handiak jasan, eta dozenaka medikuk artatu ostean jakin zuen zer gertatzen zitzaion: endometriosia zuen, ugaltzeko adinean dauden emakumeen % 10-15k bezala.
Gaitzak endometrioari egiten dio erreferentzia, umetokiaren barrualdea estaltzen duen ehunari, hain zuzen. Osasuntsu dauden emakumeek hilekoarekin askatzen dute endometrioa; endometriosia dutenei, ordea, antzeko ehunak gorputzeko beste toki batzuetan geratzen zaizkie ezarrita, hantura eraginez. Konparatuko bagenitu, eritasunak jotako emakumearen ugaltze sisteman, txokolate zatien moduko orbantxoak ikusiko genituzke hainbat gunetan itsatsita:
Santiago Diez Lazaro Gurutzetako Ospitaleko Endometriosi Unitateko buruak azaldu digunez, mina da sintoma ohikoena: hilekoarekin, sexu harremanetan, sabela hustean...
Iratxe Uriartek honela laburtu digu pairatutakoa: "Min handia nuen, hilabeteko egun askotan ezgaituta egoten nintzen, ez bakarrik hilekoarekin. Arazoak nituen ikasteko, eta kontzentratzeko, lanak. Uneoro nengoen nekatuta, odol asko botatzen nuen, eta hiru asteko menstruazioak izaten nituen. Anemia garatu nuen (…) Arazoak nituen begiak biltzeko, mina titietan, goragalea (…) Odol jarioa nuen sexu harremanak nituen bakoitzean, eta koitoarekin, kordea galtzen nuen". Uriarteren hitzetan, bizitzako arlo guztiei eragiten die endometriosiak: "Arlo sozialari, pertsonalari, autoestimuari. Nik aldapa gora etengabe bat dela esaten dut maiz; hondatu egiten zaitu".
Amaia Pujana Canterok (Bilbo, 1979) ere endometriosi gaitza du, baina 23-24 urterekin eduki zituen lehen sintomak: "Minarekin hasi nintzen, gero eta txarrago. Kolikoak nituen, botaka egiten nuen. Bizitza erabat aldatu zitzaidan. Hilabete osoan zehar neukan mina: hasieran, hilekoarekin bakarrik, baina gero, horren ostean ere bai; eta ondoren, baita obulatzean ere. Oso puztuta nengoen beti, eta antiinflamatorioak hartzen nituen egunero".
Endometriosi gaitzaren diagnosia batez beste 8-12 urtekoa da. Hileko mingarrien normalizazioa da atzerapen horren arrazoietako bat da. Amaia Pujanak horrela kontatu digu: "Medikuarenera joan eta minez nengoela esatean, normala zela erantzun zidan, hilekoak min ematen duela".
Endometriosi Unitateko buru eta ginekolokoak, ordea, argi dio: "Emakume bat osagilearengana badoa hilekoarekin mina duela esanez, zergatik den ikertu behar da, harago jo (...) Ikusten ez dena ez da existitzen".
Susana Gonzalez Rodriguez EndoEuskadi endometriosi gaixoen elkarteko presidentea da 2018tik, sorreratik bertatik, alegia. Hain justu, "hileko minez datozkigun emakumeak artatzea" da elkartearen zeregin nagusia. Azaldu digunez, "hilekoak ez du minik eragin behar, eta hala bada, atzean gaixotasun bat dagoelako da, normalean, endometriosia. Ia ezagutzen ez den eritasuna da, eta hilekoaren minak normalizatu ditugulako da. Zuretzat normala bada hilekoarekin minez egotea, inoiz ez dizute horrekin zerikusia duen gaitzik atzemango". Gonzalezen esanetan, gaixotasunak "ez die emakumeei bakarrik eragiten, % 12 horri bakarrik, bikotekideei, familiei, lankideei... Emakumearen inguru guztiari eragiten dio".
Mediku batetik bestera, ia noraezean
Uriarteri eta Pujanari, biei, berandu atzeman zieten gaitza, eta biak sentitu dira bakarrik, abandonatuta. Sozialki ez ezik, osasungintzako profesionalek ere ezikusia egin dietela sumatu dute. Uriartek azaldu digunez, 36 urterekin hileko minei digestio arazoak batu zitzaizkien. "Ginekologoarengana nihoan, eta gero digestibora, eta berriro buelta. Lehengoak urdaileko arazoa zela esaten zidan; bigarrenak, ezetz, kontua ginekologikoa zela. Ikaragarria da medikuen dantza, ahituta bukatzen duzu. Pilo bat arazo dituzu, eta entzuten ez zaituztela sentitzen duzu; ez dizkizute probak egiten. Lotsagarria bezain tristea da proba bat egiteko erregutu behar izatea", salatu du.
Endometriosia gaitz sistemikoa da. Sintomak askotarikoak dira, eta, hortaz, tratamenduan hainbat eremu hartu behar dira kontuan, berbarako, ginekologikoa, ugalketa arlokoa (antzutasuna eragin dezake), digestiokoa, psikologikoa, elikadura eta fisioterapia. Disziplinarteko talde batek artatu behar du gaixoa. Beharrizan horretaz jakitun, duela 15 urte sortu zuten Gurutzetako Ospitalean Endometriosi Unitatea. Gaur-gaurkoz 1.000 bat emakume artatzen dituzte urtero. Horrela azaldu zion eitb.eus-i Santiago Diez unitateko buruak:
EndoEuskadi elkarteko presidentearen aburuz, Unitatea sortzea "mugarri" izan zen gaixotasunaren kontrako borrokan. "Endometriosiak jotako emakumeak eta diagnostikatu gabekoak, denak hartzen dituzte. Zure kasua aztertzen dute, eta kirurgia behar baduzu, ebakuntza egiten dizute; ugalkortasun tratamendua behar baduzu, bideratzen zaituzte (…) Botila-lepoa Lehen Arretan dago. Medikuak ginekologoarengana bidali behar zaitu, eta beste horrek, aditua ez bada, Unitatera", azpimarratu digu.
Unitateak, baina, badu ilunik. Sortuta dagoen arren, Osakidetzak ez du oraindik ofizialki izendatu. "Arazo handia da hori, bestela, beste ospitaleek ere esan dezakete endometriosia artatu nahi dutela, eta oraingoz, ez daude prestatuta". Gaiaz galdetuta, Gurutzetako Ospitaleko Unitateko arduradunak onartu digu egiteke dutela "Endometriosiak jotako emakumeak artatzeko Gida". Testuaren zirriborroa eginda dago, baina hura adostu eta praktikan jartzea falta da.
Eta halako batean, diagnostikoa
Diagnosiarekin gertatzen zitzaiena ulertzeko modua izan zuten elkarrizketatutako emakumeek. Une traumatikoa, inondik inora. Amaia Pujanak horrela gogoratzen du: "29 urterekin, mediku berria nuen, eta horrek erabaki zuen frogak egitea, endometriosiaren susmoak zituelako. Tumorazio froga bat egin zidaten, eta indize altua atera zitzaidan. Oso argi esan zidan: 'Ala endometriosia da, ala minbizia'. Egun horretan bertan, ginekologora bidali ninduen, negarrez joan nintzen kontsultara. Minbiziarena oso gogorra egin zitzaidan. Han esan zidaten endometriosia zela. Azaldu zidaten oso mingarria zela, bizitza osorako gaitza, sendaezina. Ama izateko arazoak edukiko nituela ere jakinarazi zidaten. Kolpe latza izan zen. Minbizia edukitzeko aukera izatetik, endometriosia izatera igaro nintzen, dena egun bakarrean".
Atzeratutako diagnostiko hark bestela izango ez lituzkeen osasun ondorioak izan zituen Iratxe Uriarterentzat. "Guztira, hiru ebakuntza egin dizkidate. 2014an, obario bat kendu zidaten. 2020an, histerektomia totala egin behar izan zidaten —umetokiaren lepoa eta gorputza, beste obarioa eta Falopioren tronpa erauzi zizkioten— eta heste lodiaren zati bat kendu. 2021ean, iztaiko hernia baten ondorioz operatu ninduten, pelbisean nituen ondorioak tarteko". Minaz gain, endometriosiak arrastoa utzi dio gorputzean, eta lotura duten beste gaitz batzuk ditu: bularreko fibroadenoma, fibromialgia, heste-buxadura, heste minberaren sindromea, elikadura intolerantziak... "36 urterekin, menopausia eragin zidaten, eta botika ugari izan ditut ordudanik (opiazeoak, ziztadak…)". Uriartek endometriosi sakona du, larrienetako bat.
"Erresonantzia oso bat egin arte, ez zuten ikusi gorputzeko hainbat lekutan nuela endometriosi-ehuna. Proba hori gabe ezingo lukete atzeman. Diagnostikoa arinago ez edukitzeagatik uteroa erauzi zidatela sentitu nuen", kontatu digu minduta.
EndoEuskadi elkartearen ustez, diagnostiko goiztiarra giltzarri da ondorioak apaltzeko eta gaixotasuna gehiago ez larritzeko. Diabetesarekin alderatu du Gonzalezek: "Antzina, diabetikoak berandu diagnostikatzen zirenean, gaixotasunarekin bizi zitezkeen, baina batzuk itsu geratzen ziren, edo hanka bat galtzen zuten. Orain eritasun bera dute, baina eramangarriagoa da".
"Gure borroka da emakume guztiei proba ez-inbaditzaile bat egitea. Gaur egun, giza papilomaren birusa atzemateko zitologia bat egiten den bezala, endometriosia ote dugun jakiteko proba bat egitea", azaldu digu elkarteko presidenteak. Horren berbetan, orain gutxira arte, laparoskopiak egiten ziren diagnostikoa lortzeko, zenbait kasutan ez zuten eskuratzen, eta gainera, "kalteak eragiten zituzten, saihestu zitezkeenak".
Amaia Pujanak farmakoei esker, azken belaunaldiko Umetoki Barneko Gailu (UBG) batekin, lortu du bizitza kalitatea berreskuratzea. "Oso ondo nago, mina izaten dut noizbehinka, baina bizitza normala egin dezaket", adierazi du.
Okerragoa da Iratxe Uriarteren egungo egoera. Bi urte daramatza bajan, legeak onartutako maximoa. "Arrazoi beragatik bajan bi urte baino gehiago egon ezin zarenez,
lanerako ezintasun iraunkorra eskatu nuen, baina ukatu egin zidaten. Langabezia neukan eta erabili egin dut, oraindik ez nagoelako lanera bueltatzeko moduan. Urtarrilean bukatuko zait, eta lan mundura itzuli beharko dut. Desgaitasunaren paperak prestatuko ditut, baina ez da gauza bera", azaldu digu.
Bien bitartean, EndoEuskadi elkarteari laguntzen dio, eta geratzen zaizkion energiak "emakumeoi bizi kalitate duin bat emango dien diagnostiko goiztiarrak lortzeko" borrokara bideratzen ditu. "Nekatuta egon arren, itxaropentsu nago, gaur egungo neskek ez dituzte guk izan genituen zalantza berak izango", diosku.
Bi emakumeon arabera, egoera asko hobetu da azken hamarkadan. Amaia Pujanak mezu positiboa helarazi nahi die endometriosia atzeman berri dieten emakumeei: "Gaixotasun mingarria da, baina ez desesperatu badaude gauzak-eta hobetzeko. Hitz egin zure egoera berean dauden emakumeekin, elkartera jo. Nik ez nuen horren berri, berandu ezagutu nuen. Egia esan, damutzen naiz, jakin izan banu…".
Iratxe Uriarteren aburuz, "aringarriena maitasuna eta ulermena dira, eta politika feministak". Horren harira, aurki, hileko mingarriak dituzten emakumeentzat egongo diren aldi baterako bajak aipatu ditu. "Politika feministak behar ditugu, emakumeok arnasa hartzeko beta izan dezagun. Gutxi da merezi dugun guztirako", aldarrikatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Auzitegi Konstituzionalak erabakiko du EAEko enplegu publikoko hizkuntza-eskakizunei buruz
EAEko Auzitegi Nagusiak Konstituzio Auzitegiari galdetu dio ea konstituzionala den edo ez EAEko lanpostu publiko guztiek hizkuntza-eskakizun bat ezarrita izatea. Epaileetako batek boto partikularra igorri du; bere ustez, zalantzan dagoen legeak ez du "inolako desorekarik eragiten". Eusko Jaurlaritzak "oso larritzat" jo du erabakia.
Gipuzkoak alzheimerraren arreta goiztiarrerako zerbitzu aitzindaria izango du 2026an
Donostian egongo da, eta Europako erreferente bihurtu nahi da bere ikuspegi berritzaile, prebentibo eta komunitarioagatik.
Emakume bat hil da trenak harrapatuta, Gasteizko geltokiaren inguruan
Ezbeharra 14:30ak aldera gertatu da, eta, ondorioz, ordu eta erdiz trenbideko zirkulazioa eten behar izan dute.
Barakaldoko Udalak elkarretaratzea egin du udalerriko emakume baten hilketa matxista salatzeko
Barakaldoko Udalak elkarretaratzea egin du Herriko Plazan 54 urteko emakume baten hilketa matxista salatzeko. Miren Elgarrestak, Emakunderen zuzendariak, irmo gaitzetsi du hilketa, eta errua "desberdintasun sozialei" egotzi die "matxismo soziala" areagotzearen eragile nagusi gisa.
Gripe kasuek behera egin dute bigarren astez jarraian EAEn
Gripearen eraginak behera egin duen arren, Gabonetan jarduera sozialak gora egingo duela-eta kontuz ibiltzeko deia egin dute Osasun Sailak eta Osakidetzak.
325 milioi euro gastu sozialera beharrean erabilera militarrera bideratu daitezkeela salatu dute Eusko Legebiltzarraren aurrean
Euskadiko GKEen Koordinakundeak eta Zehar-Errefuxiatuekin deitutako protesta batek astearte honetan Eusko Legebiltzarrean salatu duenez, Eusko Jaurlaritzaren 2026rako aurrekontu proiektuak atea irekitzen dio erabilera militarrera bideratzea inbertsio industrialerako ziren 325 milioi euro. Azaldu dutenez, gobernu-taldeek (EAJ eta PSE) zuzenketa bat aurkeztu dute Lankidetza eta Elkartasunaren Euskal Legearen 10. artikulua aldatzeko eta "armamentuen industriarekin ekonomikoki elkarlanean aritzeko, betiere Europakoa bada".
Barakaldoko 54 urteko emakumearen heriotza hilketa matxista izan dela baieztatu dute
27 urteko gizon bat atxilotu dute ustezko hiltzaile gisa. Agintariek hilketa gaitzetsi eta elkarretaratzea deitu dute gaurko: 12:00etan, Barakaldoko Herriko Plazan. Argitan talde feministak, bestalde, beste bilkura bat deitu du: 19:00etan, Bide Onera plazan.
Ustezko delitu-sare bateko 50 pertsona atxilotu dituzte, 400 pertsonari baino gehiagori online iruzur egiteagatik
Guardia Zibilak hiru etxebizitza miatu ditu, Bilbon, Barakaldon eta Miranda de Ebron (Burgos), eta ikertutako delituekin lotutako materiala konfiskatu du.
Albiste izango da: Aurrekontu Orokorren Proiektuaren eztabaida eta ebazpena, kontzentrazioa Barakaldon eta Olentzero eta Mari Domingiren bisita Bilbon
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Olentzerok eta Mari Domingik ilusioz beteko dituzte Bilboko kaleak gaur
Kalejira 17:30ean hasiko da, Moyua plazatik, eta Kale Nagusia zeharkatuko du Arriaga antzokiraino. Bertan, ikuskizuna, tailerrak eta Euskal Herriko Gabonetako pertsonaiarik maitatuenak izango dira.