GIPUZKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zumarragako 11 adingabe epaitzen hasiko dira ostegun honetan, ikaskide bati eskola-jazarpena egitea egotzita

Fiskaltzak uste du eskolak "utzikeriaz" jokatu zuela kasuaren aurrean. Hala, arduradun zibil jo ditu gurasoak eta Eusko Jaurlaritza, zentroaren jabe den heinean.
Donostiako Justizia Auzitegia. Artxiboko irudia.
Donostiako Justizia Auzitegia. Artxiboko irudia.

Zumarragako eskola bateko 14 eta 16 urte arteko hamaika adingabe epaituko dituzte bihartik aurrera Donostiako Justizia Auzitegian, bitan bere buruaz beste egiten saiatu zen ikaskide bati bullyinga edo eskola-jazarpena egitea egotzita.

Fiskaltzaren behin-behineko akusazioaren idatzian agertzen denez, bere buruaz beste egiteko saiakerak "adingabeen ekintzen eta egoera konpontzeko hezkuntza zentroak izan zuen nagikeriaren ondorio" izan ziren.

Ministerio Publikoak osotasun moralaren kontrako delitua leporatzen die bederatzi mutil eta bi neskei, eta horietako biri mehatxu delitu arinak ere egozten dizkie.

Hala eta guztiz ere, guztientzat zigor bera eskatzen du: hamabi hilabetez lan sozio-hezitzaileak egitea "leporatutako gertakarien inguruko lanketa eta gogoeta egiteko eta egindakoaren ardura bere gain hartzeko".

Fiskaltzak gurasoak ere sartu ditu akusazioan, arduradun zibil gisa, eta Eusko Jaurlaritza, arduradun zibil subsidiario gisa.

Biktima ordezkatzen duen akusazio partikularraren kasuan, hezkuntza-zentroa ere sartu du akusazioan, eta 12 hilabetetik 24 hilabetera igo du zigor-eskaera.

2021ean hasi ziren gertakariak

2021eko irailetik aurrera hasi ziren epaituko dituzten gertakariak, Ministerio Publikoaren testuaren arabera, biktimak DBHko bigarren mailako ikasketak hasi zituenean.

Hilabete batzuk geroago, 2022ko maiatzean, zentroak bullyingaren aurkako protokoloa jarri zuen indarrean, ikaslea "jazarpena" pairatzen ari zela eta. Ikaslea "bakarrik" ibiltzen omen zen, "etengabe min egiten saiatzen ari zitzaizkiolako".

Hala ere, Fiskaltzaren arabera, 2022ko irailean, hurrengo ikasturtearen hasieran, hezkuntza-zentroak ez zuen neurririk hartu "jazarpen egoera errepikatu ez zedin".

Testuinguru horretan, irainak eta bultzakadak jaso zituen ikasleak, "umiliatzeko" asmoz, eta mehatxatu ere egin zuten.

Fiskaltzaren esanetan, jazarleek "akordioa" zuten biktimaren "egunerokoa zailtzeko", "guztien aurrean jokatzen baitzuten horrela, gainerako ikaskideek gertatzen ari zena entzun eta ikus zezaten". Biktimak zentroa utzi zuen 2022ko amaieran.

Akusazio partikularraren arabera, "adingabeen eta hezkuntza-zentroaren ekintzen ondorioz", adingabea mediku tratamendua jasotzen ari da 2022ko azaroaren 10etik.

Gainera, biktima bi aldiz saiatu da bere buruaz beste egiten, 2022ko azaroan eta 2023ko otsailean, eta ospitaleratu egin behar izan zuten.

Zure interesekoa izan daiteke

Pago basoa
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Gero eta baso gehiago dugu Euskal Herrian: larreek zuhaitzei leku utzi diete

Lur Geroak baso-kudeaketa planak egin ohi ditu Nafarroako udalentzat. Izan ere, bertan mendi eta baso gehienak publikoak dira; Nafarroako udalek dute basoen % 80 ingururen jabegoa. Nafarroako araudiaren arabera, baso-kudeaketa planak finantzatzeko eskuduntza Foru Gobernuak dauka, baina udalek plan horiek onartu behar izaten dituzte eta askok herritarren parte-hartzea eskatzen dute.  Aholkularitza enpresak, besteak beste, baso horiek modu sostenigarrian nola ustiatu proposatzen du; alegia, baso bakoitzetik zenbat egur atera daitekeen 10 edo 15 urtetan, basoak bolumenik galdu gabe. Horrez gainera, udalak behartuta daude mendian inbertitzera haien ustiapenetik (egurraren salmentatik edota lursailen alokairutik) jasotzen duten diruaren % 20. Inbertsio horiek nola egin ere aholkatzen du.  

Gehiago ikusi
Publizitatea
X