Gustu guztietarako jarduerez lepo datoz Donostiako Euskal Jaiak
Urtero lez, Euskal Jaietan murgilduko da Gipuzkoako hiriburua iraileko lehen egunetan. Euskal Kulturaren jaia abuztuaren 28tik irailaren 8ra bitartean izango da, eta, denera, adin eta gustu guztietarako 60 ekitalditik gora izango dira.
Ekitaldirik jendetsuenen artean, 2024ko Kontxako Banderaren estropadak, Sagardo Eguna eta Euskal Dantzak dira aipatzekoak.
XVII. Kontxako Banderaren estropadan emakumezkoen 20 traineru eta gizonezkoen 23 traineru lehiatuko dira sailkatze estropadetan abuztuaren 28an eta 29an, hurrenez hurren. Bandera lortzeko lehia, aldiz, irailaren 1ean eta 8an jokatuko dira. Berdintasunarekiko konpromisoari eutsiz, sari berdina izango dute emakumezkoek zein gizonezkoek.
XXXVII. Sagardo Eguna irailaren 7an izango da, Konstituzio plazan, 11:00etatik 13:45era. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak ekoitzitako 39 sagardo mota dastatzeko aukera izango da, baita txorizo-pintxoak, bakailao-tortillak eta gazta. Hori guzti hori trikitilarien soinuek alaituta.
Dantza Sueltoko txapelketa irailaren 1ean izango da, igandea, Konstituzio plazan, arratsaldeko 18:00etan. Guztira, 14 bikotek hartuko dute parte eta guztiek Fandango bat eta Arin Arin bat dantzatu beharko dute. Gainera, puntuatuko diren beste bi froga ere egin beharko dituzte: "Besoak airean" (Fandangoko 2 pauso) eta "txapela gainean" (Arin arineko 2 pauso).
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda