ELKARTASUNA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zaporeak elkarteak gaur ditu ematekoak azken otorduak Lesbosen

2016an abiatu zuten elkartasun jarduna, eta ordutik zortzi milioi janari errazio prestatu eta banatu dituzte errefuxiatuen artean. Besteak beste, Europako migrazio politikak gogortzeak eta boluntarioen kriminalizazioak bultzatu dute sukaldea ixteko erabakia.

Zaporeak elkartearen sukaldea Lesbosen
Elkarteko boluntarioak Lesbosko sukaldean. Argazkia: Zaporeak elkartea

Ehunka mila errazioen artean, azkena. Zaporeak elkarte solidarioak gaur kozinatu eta banatuko du azken otordua Lesbosko errefuxiatu eremuan (Grezia). Elkarteak duela bi bat aste iragarri zuen elkartasun sukaldea ixteko erabakia, migrazio politikak gogortzeak eta urteotan metatutako nekeak eraginda. Hala, abenduaren 31n behin betiko amaituko du 2016an Greziako uhartean abiatutako proiektua. 

Urteotan errefuxiatuei elikadura duina bermatzeko zereginean egon da elkartea. Zortzi milioi janari errazio baino gehiago prestatu eta banatu ditu, eta 2.000 boluntariok baino gehiagok hartu dute parte ekimenean. Badira zenbaki gehiago: milioi bat kilo lehengai bildu eta bidali dituzte Euskal Herritik, eta bi milioi elikagai fresko erosi dituzte Grezian bertan. Proiektua ezinezkoa litzateke euskal gizartearen eta erakunde publikoen laguntzarik gabe: Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen ekarpenek osatu dute aurrekontuaren % 40, eta enpresa pribatuek eta bazkideek emandakoek, beste horrenbeste. Gainerako % 20a proiektuak antolatutako ekitaldien bidez lortu dute.

Zaporeak 2016ko martxoan hasi zen, Greziako Kios uhartean. Donostiako Intxaurrondo auzoko zazpi lagunen behin-behineko ekimena zena euskal esparruko proiektu bihurtu zen gero. Kiostik Atenas eta Patrasera lekualdatu zen elkartasun sukaldea, eta 2019ko urtarrilean, Lesbosera. 

Elkartearen arabera, hainbat arrazoik bultzatuta hartu dute ekimenari amaiera emateko erabakia. Batetik, Europak migrazio politikak gogortu izana: gero eta zailtasun gehiago izan dituzte errefuxiatu eremuetara sartzeko, eta agintariek boluntarioak kriminalizatu dituzte. Bestetik, pilatutako neke fisiko eta mentala dago. 

Krisi humanitarioa konponduta dagoelako amaitu nahiko luke Zaporeak elkarteak bere jarduna, baina 2016an ezarritako helburuak bete dituztela nabarmendu du. "Guztion artean erakutsi dugu batasunetik, elkartasunetik, ezer ez dela ezinezkoa", adierazi du elkarteak. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X