Alerta laranja ezarri dute euriagatik iganderako, denboraleak 133 km/h-rainoko haize-ufadak eragin ostean
Orduko 133 kilometrorainoko haize-ufadak neurtu dituzte gaur Euskadin, eta alerta laranja ezarri dute biharko, igandea, euria dela eta. Nabigaziorako ere alerta laranja aktibatuko dute, olatu handiak espero baitira.
Larunbat honetan, ipar-mendebaldeko haizeak gogor jo du, tarteka oso indartsu, Gipuzkoako eta Bizkaiko haizeguneetan bereziki. Hala, 133 km/h-ko haize-ufada bat izan da Cerrojan, 121ekoa Matxitxakon, 110ekoa Oizen, 106koa Garbean eta 101ekoa Santa Klaran.
Bihar, igandea, antzera jarraituko dugu. Zerua estalita egongo da eta euri ugari egingo du. Elur-kota 800-1.000 metro inguruan kokatuko da, baina ez da baztertzen ekialdeko zenbait lekutan 800 metrotik behera ere egitea elurra. Gainera, trumoi-ekaitzak jo eta txingorra ere bota dezake. Ipar-mendebaldeko haize zakarrarekin jarraituko dugu, batez ere egunaren lehen partean, eta tenperatura maximoak 7-11 ºC ingurukoak izango dira. Mendi inguruetan, izotza egingo du.
Astelehenean, negu giroarekin jarraituko dugu. Egunaren lehen partean, zaparradak botatzen jarraituko du, eta baliteke trumoi-ekaitzak izatea goizaldean eta goizean goiz. Elur-mailak 800-1.000 metro inguruan jarraituko du, eta ekialdean zertxobait beherago egon daiteke. Arratsaldetik aurrera, zaparradak tartekatuagoak izango dira, baina bustitik jarraituko dugu. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango, eta mendi inguruetan izotza egin dezake berriro.
Abisuak
Eguraldi makurra dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hainbat abisu ezarri ditu larunbaterako: prezipitazio iraunkorrengatik isurialde atlantikoan (00:00etatik 24:00etara), haizeagatik bi lurraldeetan (00:00-18:00) eta elurragatik barnealdean (00:00etatik 24:00etara). Itsasoan ere ez da giro izango, eta itsasaldeko arriskuagatik abisu horia eta nabigaziorako alerta laranja aktibatuko dituzte, sei metrorainoko olatuak espero baitira.
Nafarroan, alarma gorria ezarri dute elurragatik Pirinioetan, 40 zentimetro elur pilatuko baitira 1.200 metrotik gora 24 orduan.
Igande eguerditik astelehen eguerdira, berriz, alerta laranja egongo da indarrean prezipitazio handiengatik isurialde atlantikoan. Metro koadroko 80 litro pila daitezke 24 orduan.
Ipar Euskal Herrian eragina izango du Darragh ekaitzak
Frantzia iparraldean dagoen Darragh ekaitzaren ondorioz, giro desatsegina izango da Ipar Euskal Herrian asteburuan, euri, haize eta hotz fronteak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ere harrapatuko baititu.
Kostaldean eta barnealdeko haranetan, euria eta haizea izango dira protagonistak, eta Pirinioetan, berriz, elurra.
Neguko bidezaintza planak, martxan
Iragarpen meteorologikoak ikusita, Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du, "jarraipen eta informazio fasean". Izan ere, alerta laranjan dago EAE larunbat eta igande honetan, itsasaldeko arriskuagatik eta igande eta astelehen honetarako aurreikusitako euriteengatik.
Bizkaiko Suhiltzaileek 18 irteera egin dituzte
Gaurko 18:00ak arte 18 irteera egin dituzte Bizkaiko suhiltzaileek, eroritako zuhaitzak bidetik kentzeko eta saneamendu lanetarako, gehienak.
Horien arabera, Artatzako parkearen inguruan sortu dira arazo gehien; Getxon, Sopelan eta Erandion, hain zuzen ere.
Gorabehera ugari izan dira Gipuzkoan
Euriak eta haizeak gorabehera asko eragin dituzte Gipuzkoan, baina ez dira larriak izan.
Suhiltzaileek 30 bat irteera egin dituzte bertan, zuhaitzak, txintxorrak, tximiniak eta teilatu-hegalak erori direlako.
Krisi mahaia deitu dute Getxon
Getxoko alkate Amaia Agirrek krisi mahaia deitu du larunbat honetan, Eusko Jaurlaritzak prezipitazioengatik alerta laranja jarriko baitu indarrean igandeko 12:00etatik asteleheneko 12:00ak arte.
Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Udaltzaingoarekin batera unean uneko neurriak hartuko dituzte, egoeraren arabera. Horregatik, kalean, mendian zein itsasoan kirolik ez egiteko eta mendixketara ez igotzeko eskatu die herritarrei.
Bilboko Udalak ere ohartarazpen bera egin die herritarrei, eta beharrezkoa ez bada autorik ez hartzeko eskatu die, baita uholdeak izan daitezkeen tokietatik autoak erretiratzeko ere.
Leioako Udalak, bestalde, iragarpena ikusita, bertan behera utzi du biharko deituta zegoen nekazaritza eta abeltzaintza azoka.
Donostiako Pasealeku Berria, itxita
Babes Zibilak jakinarazi duenez, larunbatean Donostiako Pasealeku Berria itxi dute 17:00etan ibilgailu eta oinezkoentzat, eta Leizaola Pasealekurako eta Haizearen Orrazirako sarrerak ere itxi dituzte. Neurri horiek gutxienez astelehenera arte egongo dira indarrean.
Gainera, gabonetako azoketako postu gehienak itxi dituzte, baita atrakzioak ere.
Zure interesekoa izan daiteke
% 77,8ra igo da Euskadi anitz batean bizi nahi duten herritarren kopurua
Ikuspegiren azken txostenaren arabera, herritarren % 24,2k onartu du azken urtean diskriminazio-egoeraren baten lekuko izan direla eta % 14,6k diskriminazio motaren bat jasan duela aitortu du, lanpostu bat edo alokairuko etxebizitza bat lortu nahi izan duenean batez ere. Kolektibo diskriminatuenak ijitoak eta migratzaileak dira, inkestaren arabera.
Medikuek greba astean jarraitzen dute, estatutu propioaren alde
EAEko medikuak aste honetan bigarrenez kalera irten dira Osasun Ministerioak adostutako estatutu orokorraren aurka. Medikuek lan baldintzak negozioatzeko ahalmena izatea eskatzen diote Osasun Ministerioari. Gutxieneko zerbitzuak ostiralera arte ezarriko dira, medikuen eskubideak aldarrikatzeko.
CCOO sindikatuak ez du lekukorik eramango aurtengo Korrikan
Euskadi Irratiko "Faktoria" irratsaioan egindako elkarrizketan Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak adierazi duenez, Errenteriako Lan Deialdi Publikoan gertatu dena "mugarria" izan da Korrikako antolatzaileen ustez. Hortaz, sindikatuko kideekin egindako bileran, azaldu zieten ez zutela bateragarri ikusten haien jardunbidea eta 24. Korrikan parte hartzea.
'Aita Mari' Italiako Vibo Valentiako portura iritsi da, erreskatatutako 32 migratzailerekin
Aita Mari ontzia astearte honetan iritsi da Italiako Vibo Valentiako portura, erreskatatutako 32 migratzailerekin. Mediterraneo erdialdeko uretan topatu zuten ontzia igandean, jendez gainezka, "oso baldintza eskasetan". Erreskatatutako lagunen artean bederatzi adingabe eta haurdun dagoen emakume bat daude.
Zabalik dago AP-8 autobidea, Iurreta parean, istripu baten ondorioz itxita egon ondotik
Kamioi bat irauli da gaur goizean AP-8an, Iurreta parean eta Donostiarako noranzkoan. Istripuaren ondorioz, bi errei itxi dituzte.
Baionan desagertutako 50 urte inguruko gizon baten bila ari dira
Larunbatean ikusi zuten azkenengoz, Lapurdiko hiriburuan, goizaldeko ordu bata pasata.
Espainiako Poliziaren buru ohiaren sexu erasoak berretsi ditu epailearen aurrean salaketa jarri zuen inspektoreak
Epaileak atzera bota du Poliziako buru ohia emakumearekin ez komunikatzeko salaketa-jartzaileak egindako eskaria, "arriskurik ez" dagoela iritzita.
Espainiako Estatuko herritarren % 79k uste dute "posible" dela etorkizunean gerra batean arma nuklearrak erabiltzea
CISen inkesta baten arabera, herritarrak gehien kezkatzen dituen beste beldur batzuk dira gertuko senide bat galtzea, osasuna galtzea, itsu geratzea eta minbizia hartzea.
Gorpu bat aurkitu dute itsasoan, Ondarroa eta Lekeitio artean
Gorpua ezin izan dute identifikatu, baina baliteke asteartean Mendexan desagertutako 82 urteko arrantzalea izatea.
Tasa turistikoa 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko da Euskadin
Gipuzkoako Foru Aldundiak turismoari lotutako zerga berria arautzen duen Foru Arauaren proiektua onartu du. Zergaren oinarria gau kopuruaren arabera kalkulatuko da.