13 urte eta 6 hilabeteko espetxea ezarri diote Mario Lopez entrenatzaile ohiari, sexu-eraso jarraituengatik
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 13 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Mario Lopez Gernikako nesken saskibaloi talde bateko entrenatzaile izandakoari, adin txikiko bati modu jarraituan sexu-erasoak egitea leporatuta. 1998 urtean hasi ziren erasoak, eta 3 urte eta erdi inguru iraun zuten: biktimak 13 urte zituen eta auzipetuak 31.
Epaileak probatutzat eman du gutxienez 50 alditan elkartu zela Lopez adin txikikoarekin, eta horietan "sexu-izaerako jokabide ugari" izan zituela entrenatzaileak. Gainera, probatutzat jo da gero eta sarriago egiten zizkiola erasoak, eta gero eta bortziagoak zirela.
Halaber, aldeei gaur jakinarazi zaien ebazpenean ondorioztatu da biktimak zuen "egoera pertsonala eta familiarra" baliatu zuela entrenatzaileak erasoak egiteko, bien arteko adin aldeak eta entrenatzaile izateak ematen zion "botere posizioa" erabili baitzituen. Biktimak harekiko zuen "beldurra" ere erabiltzen zuen.
Baimenik ez
Epaiak dio erasotzailearekiko zuen "menderakuntza" egoeraren ondorioz hartu zuela parte biktimak topaketa horietan, eta ez bere borondatez.
Ondorio horretara iristeko, Auzitegiak salatzailearen lekukotza hartu du kontuan. Koherentea, kontakizun logikoa, testuinguruaren azalpen argia eta kontraesanik gabea. Horiek dira, besteak beste, epaileak neskaren deklarazioari buruz esandakoak.
Horrekin batera, epaileak iritzi dio Balorazio Integralerako Auzitegiko Unitateak eta hainbat lekukok egindako deklarazioek baieztatzen dutela biktima garai hartan "babesgabetasun" eta "mendekotasun" egoeran zegoela eta entrenatzaileari "beldurra" ziola.
Bestalde, auzipetuaren "ziurtasun eza" ere agerian geratu zen epaiketan, sententziaren arabera. Bere lehen deklarazioan ukatu egin zuen sexu-harremanik izan zuenik adin txikikoarekin, eta ondoren, ahozko epaiketan, "muxuak eta ukituak" onartu zituen, bere hitzetan, "denak baimendutakoak".
"Bortxa eta larderia" erabilita, salatzailearen borondatea urratu egin zela dio epaileak, eta argi azaldu du biktimak inoiz ez ziola entrenatzaileari baimenik eman sexu- harremanak izateko.
Helegitea
Hori guztia dela eta, 13 urte eta 6 hilabeteko zigorra ezarri diote Lopezi, sexu-eraso jarraituak egiteagatik. Astungarri gisa jo da biktima bereziki zaurgarria izatea. Adin txikikoen entrenatzaile izateko inhabilitazioa ere ezarri diote, kartzelaldiak irauten duen denboran.
Horrez gain, eragindako minagatik 80.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio neskari, eta espetxe-baimenekin kalera ateratzen denean, bost urtean ezingo du biktimaren bizilekura gerturatu (300 metroko urruntze-agindua).
Ebazpenari helegitea jartzeko aukera dago EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.
Biktimaren abokatua: "Bi ordu eta erdi eman ditugu negarrez, eta, gero, oso ondo"
Epaia baloratu gabe, Arantxa Perez biktimaren abokatuak esan du zigor hori espero zutela eta gaztea "indarberrituta" sentitu dela epaiketan zehar.
Perezek esan du "oso pozik" daudela zigorrarekin. "Bi ordu eta erdi eman ditugu negarrez, eta, gero, oso ondo", gaineratu du. "Gertatu den guztiaren ondoren, pozik dago", adierazi du, biktimaren aldarteari erreferentzia eginez.
Gainera, akusazio partikularraren abokatuak Justizia Administrazioa goraipatu du eta "pertsona askoren" lana eskertu du, "ez baita bide erraza, baina eginerrazagoa izan da haiei esker".
Zure interesekoa izan daiteke
Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen ere Korrika!
Korrikak ez duela mugarik erakutsi du berriz ere. Larunbat honetan ehunka lagun bildu dira Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen euskararen alde korrika egiteko. Tradizio bihurtzen ari da Euskal Herritik kanpo ere korrika egitea eta auten 50 hiri handitan antolatu dute hitzordua. Ikusmin handia eragin dute inguruan zebiltzan herritarren eta turisten artean.
Ehun bat polizia atxilotu edo ikertu dituzte Espainian azken bost urteetan, narkotrafikoarekin lotura izateagatik
EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, Espainiako Gobernuak jakinarazi du 106 agente atxilotu edo ikertu dituztela 2021eaz geroztik, baina ez du zehaztu zein polizia zerbitzutakoa den ikertutako edo atxilotutako pertsona bakoitza.
Arrazismoaren aurkako martxa batek "faxismoaren gorakada" eta "zigorgabetasuna" salatu ditu Bilbon
Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, ehunka pertsonak bat egin dute larunbat honetan Arrazakeriaren aurkako Bilboko M21 Asanbladak deitutako manifestazioarekin. "Faxismoaren gorakada" salatu, eta "talde neonazi eta supremazisten" jarduera eta diskurtsoen "zigorgabetasunaz" ohartarazi dute. 12:00ak jota zirenean hasi da martxa, Mariaren Bihotza plazan, eta San Frantzisko kalea Zabalbururaino zeharkatu eta gero, Bilboko udaletxearen aurrean amaitu da, manifestu bat irakurrita.
Edukiontziak erre dituzte bart Getxon eta Bilbon, eta ikerketa zabaldu du Ertzaintzak
Getxoko Areeta auzoan, 12 edukiontziri eman diete su, eta Bilboko Zorrotza auzoan, 3 erre dituzte. Ikerketa abiatu dute, eta Getxoko Udaltzaingoa susmagarri bat identifikatzeko lanean ari da jada.
Durango, Palestinaren alde
Musikari ez ezik, bertsolariei eta umoregileei ere ireki die leihoa Oihu bat Palestinara jaialdiak; izan ere, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Txaber Altube eta Nerea Ibarzabal bertsolariek eta Antton Telleria eta Asier K. bakarrizketariek hartu dute parte.
Nafarroako Erribera luze-zabalean zeharkatuta, Iruñerako bidea hartuko du gauerdian Korrikaren lekukoak
13:23an iritsiko da igandean Korrika Nafarroako hiriburura, bere laugarren egunean. Euskararen aldeko pausoek Erribera hartu dute larunbat honetan, korri eginez eta euskaraz bizitzeko aldarria ahotan.
Ehunka lagun elkartu dira Bilbon, "Kuba bizirik. Blokeorik ez!" lelopean
Hegoak plataformak deituta, Kubaren aldeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Bilboko Areatzan, "EBk ezarritako itolarri ekonomiko eta energia blokeo politika arbuiatzeko". Habanara iritsiko den konboi solidarioaren alde ere agertu dira. Bilbon bezala, Iruñean ere mobilizatu dira plataforma horrek deituta.
47 urteko gizon bat atxilotu dute Ermuan, anaia sastatzea egotzita
Erasoa 06:00ak aldera gertatu da, San Pelaio auzoko etxebizitza batean. 46 urteko biktima larri eraman dute ospitalera, gorputzeko hainbat lekutan zauriak baitzituen.
Gizon batek alaba adingabea hil du Torreviejan
Guardia Zibila indarkeria bikarioko krimen gisa ikertzen ari da gertatua. Zantzu guztien arabera, 40 urteko gizonak 3 urteko alaba hil du eta bere buruaz beste egin du ondoren.
Preso bat hilik aurkitu dute Baionako espetxean
23 urteko gizonak bere buruaz beste egin du. Arazo psikiatrikoak zituen, eta bakarkako ziega batean zegoen preso.