EMAKUNDE
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAEko gizon gazteen % 22,5ek maskulinitate tradizionalarekin bat egiten dute

"Maskulinitatearen kutxa Euskadin. Maskulinitatearen eraikuntza, jarrerak eta inpaktua euskal biztanlerian" azterlana aurkeztu du Emakundek. Horren arabera, 15 eta 19 urte bitarteko mutil gazteen hamarretik bik "gizontasuna eta genero-agindu tradizionalak modu larrian goresten" ditu.
Maskulinitatearen kutxa
Maskulinitatearen kutxa. Argazkia: EITB Media

Euskal Autonomia Erkidegoko gizonen % 43,2k ez dute bat egiten maskulinitate tradizionalaren ereduarekin, eta berdintasunezko ereduak jartzen dituzte praktikan. Soilik % 7k kokatu dute euren burua maskulinitatearen ikuspegi kontserbadorearekin. Gainerako % 49,8ak erdibidean daude.

Gazteenak dira (15 eta 19 urte artekoak) maskulinitate tradizionalaren estereotipoekiko joera handiagoa dutenak, zaharrenekin alderatuta. Mutil gazteen % 22,5 daude  maskulinotasun hegemoniko tradizionalarekin lerrokatuta. Ekosistema digitalean geroz eta ugariagoak diren berdintasunaren aurkako narratiba misoginoen ondorio da jarrera hori.

"Maskulinitatearen kutxa Euskadin. Maskulinitatearen eraikuntza, jarrerak eta inpaktua euskal biztanlerian" azterlanak azaleratu dituen ondorioetako batzuk dira horiek. Emakundek eskatuta, Reina Sofia FAD Juventud fundazioak egin du ikerketa, eta emaitza gaur aurkeztu dute Gasteizen, Europa Jauregian antolatu duten jardunaldian.

Kontzeptu analitiko bat da "maskulinitateren kutxa" izenekoa, eta pertsonak maskulinitatearen ikuspegi tradizional eta kontserbadorearen inguruan duten hurbiltasun edo urruntasuna azaltzeko balio du. Hori da ikerlan honek bereziki neurtu duena; alegia, euskal herritarrak kutxa horretatik zenbateraino gertu edo urrun kokatzen duten euren burua.

EAEko gizonezkoen % 7 eta emakumezkoen % 2,1 "maskulinitatearen kutxaren barnean" kokatzen dira eta gizontasuna "modu larrian" goresten dute; kutxa horren "ertzean" daudela diote gizonen ia erdiek (% 49,8) eta emakumeen ia laurdenak (% 24,4): horiek ez dute bat egiten agindu tradizionalarekin, baina ez dute erabat bere egiten berdintasunezko maskulinitate eredua; eta azkenik, gizonen % 43,3k eta emakumeen % 73,6k ziurtatu dute kutxaren "kanpoan" daudela modu kontzientean.

Beste lerroburu deigarri hauek ere utzi ditu azterlanak: gizonen hamarretik bik baino gehiagok diote "benetako gizonak heterosexualak" direla, "benetako gizona ezin dela afeminatua izan" edota "sexu-harremanak izateko prostituziora jotzea normala" dela. Bestalde, euskal biztanleriaren gehiengo zabalak indarkeria matxista gaitzesten badu ere, oraindik gizonen % 14,9k eta emakumeen % 6,7k irizten diote indarkeria mota hori "asmakizun ideologiko bat" dela.

"Euskadin gizonekin eta maskulinitateekin berdintasunaren alde lan egiteko estrategiak" goiburupean antolatu du Emakundek jardunaldia, Gizonduz ekimenaren barruan. Ikerlana aurkezteaz gain, 2030 Gizonduz Estrategiaren lan-ildo nagusiak ere partekatu dira topaketan.

Imanol Pradales lehendakariak eta Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak ireki dute jardunaldia, eta aipatutako txostenen aurkezpenen ondoren, lantaldeak eratuko dituzte bertaratu diren 300 pertsonen artean, gaiaren inguruko gogoetak partekatzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Pago basoa
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Gero eta baso gehiago dugu Euskal Herrian: larreek zuhaitzei leku utzi diete

Lur Geroak baso-kudeaketa planak egin ohi ditu Nafarroako udalentzat. Izan ere, bertan mendi eta baso gehienak publikoak dira; Nafarroako udalek dute basoen % 80 ingururen jabegoa. Nafarroako araudiaren arabera, baso-kudeaketa planak finantzatzeko eskuduntza Foru Gobernuak dauka, baina udalek plan horiek onartu behar izaten dituzte eta askok herritarren parte-hartzea eskatzen dute.  Aholkularitza enpresak, besteak beste, baso horiek modu sostenigarrian nola ustiatu proposatzen du; alegia, baso bakoitzetik zenbat egur atera daitekeen 10 edo 15 urtetan, basoak bolumenik galdu gabe. Horrez gainera, udalak behartuta daude mendian inbertitzera haien ustiapenetik (egurraren salmentatik edota lursailen alokairutik) jasotzen duten diruaren % 20. Inbertsio horiek nola egin ere aholkatzen du.  

Gehiago ikusi
Publizitatea
X