Esquadra Mossoek eta Guardia Zibilak IRTA-CReSA laborategiaren egoitza miatu dute, txerri-izurri afrikarra dela eta
Zero gunetik gertu dagoen eraikinean sartu dira gaur goizean, epailearen aginduz. Inguru hori susmopean dago, txerri-izurri afrikarra zabaltzea eragin omen zuen ihesaldi bat ikertzeko.
Esquadra Mossoek eta Guardia Zibilak IRTA-CReSA laborategia miatu dute, Bartzelonan. Argazkia: EFE
Esquadra Mossoek eta Guardia Zibilak IRTA-CReSA laborategiaren egoitza miatu dute ostegun goizaldean, Bellateran (Bartzelona), azaroaren amaieran Katalunian atzemandako txerri-izurri afrikarra dela eta. Agenteak zero gunetik gertu dagoen eraikinean sartu dira, epaileak hala aginduta. Eraikina susmopean dago, eta izurria eragin omen zuen ihesaldi bat ikertuko dute.
Cerdanyola del Valleseko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak agindu du miaketa, eta, azaldu dutenez, ingurumenaren aurkako delitu gisa ikertzen ari da auzia. Instalazio horietan sartzeko eta erregistratzeko, gisa horretako ikerketa-zentroetan beharrezkoak diren segurtasun-protokoloak eta -neurriak betetzen ari dira.
Kataluniako Gobernuak "zuhurtzia" eskatu du
Kataluniako Gobernuaren bozeramaile Silvia Panequek eskatu du "zuhur" jokatzeko erregistrotik atera daitezkeen ondorioekin, eta txerri-izurritearen jatorriari buruzko ikerketa amaitu arte itxaroteko galdegin du.
Kataluniako Parlamentuan egindako adierazpenetan, Panequek ziurtatu du Kataluniako Gobernuak ez duela "baieztatzeko zein ukatzeko inolako informaziorik".
IRTA-CReSA laborategia, susmopean
IRTA-CReSA laborategia (Animalien Osasunari buruzko Ikerketa Zentroa) susmopean dago, kutsatutako lehen basurdeak instalazioetatik hurbil topatu zituztelako.
Birusa ikertzen dabiltzan Esquadra Mossoek, Guardia Zibilaren Natura Babesteko Zerbitzuarekin batera, joan den abenduaren 9an bidali zuten lehen atestatua Cerdanyolako epaitegietara.
Ikerketa horrez gain, Generalitateak IRTA-CReSA laborategiari ikuskaritza egiteko eskatu dio, brotea animalien ikerketara bideratutako bost zentroetako batean (guztiak 20 kilometroko erradioan) agertu ote den jakiteko. Bost zentro horiek (IRTA-CReSA bera horien artean) ikerketaren fokupean daude.
Espainiako Estatuan 1994tik lehen aldiz detektatu den birusak Espainiako txerrien esportazioa arriskuan jarri du.