Azoka

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euria gorabehera, giro ederrarekin ari dira ospatzen San Tomas Bilbon eta Donostian

Negu giroa nagusitu da, baina horrek ez ditu bisitariak kikildu, eta milaka pertsona dabiltza, hara eta hona, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan barrena. 

Donostiako Konstituzio Plaza, gainezka.

Donostiako Konstituzio Plaza, gainezka, gaur goizean. Argazkia: EFE

Taloak txistorrarekin, baratzeko produktuak eta, batez ere, giro ona. Osagai horiek dira nagusi gaur Bilbon eta Donostian, San Tomas eguneko azokan.

Bizkaiko hiriburuan, goizean goizetik, euria da azokaren beste protagonistetako bat. Eguraldiak, baina, ez ditu bisitariak uxatu, eta milaka dira aterkia eskuan hartuta bertaratutakoak. 

Donostian, aldiz, ateri abiatu da eguna, baina eguerdi aldera, euritara jo du aroak. Eguraldia gorabehera, Poxpolin, ia 400 kiloko duroc arrazako txerrama mistoa, jaun eta jabe da Konstituzio Plazan.

18:00 - 20:00

Gipuzkoako hiriburuan egingo den azokara joaten direnek, salmenta postuez gozatzeaz gain, gustu eta adin guztietarako jarduerak izango dituzte guztien gozamenerako. Donostia Kultura Festak elkarteak, hainbat elkarte eta erakunderekin elkarlanean, landa-produktuak, Donostialdeko eztia, txorimaloak, txistorra eta euskal jantzi tradizionalak ezagutzera emateko lehiaketa ugari programatu ditu gaurko.

Bilboko 76. San Tomas Azokak tradizioa eta gastronomia iraunkortasun eta elkartasun balioekin uztartuko ditu. 

BBK-k, Bilboko Udalak eta Bisubi Bizkaiko Sukaldarien Bilkura Fundazioak lurraldeko nekazaritza sektorearekin duten hitzorduaren xehetasunak eman dituzte ostegunean. Aurten ere 100.000 bat bisitari espero dituzte egunean zehar. 

Aterkiak nagusi Bilboko San Tomas azokan

Aterkiak nagusi Bilboko San Tomas azokan. Argazkia: EFE

243 postu paratu dituzte Areatzan, eta 20:00ak arte izango dira zabalik. Horien artean, 166 saltokitan baserriko produktuak salduko dituzte, 117 saltokitan ekoizleen produktuak izango dira salgai, eta 12 txosna izango dira San Tomas eguneko gastronomia- eta jai-eskaintza osatzen.

Gainera, BBK Klima proiektuak parte hartzeko dinamika bat jarriko du abian aurten, hondakinak zuzen kudeatzea sustatzeko eta ekitaldi efiziente, jasangarri eta ingurumenari begira garbiagoa izateko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X