Hemen da San Tomas, urteko feria nagusia
Bilbok eta Donostiak urteko azokarik garrantzitsuenetako bat ospatuko dute igande honetan. Aterkia ezinbestekoa izango da egunean zehar, fronte batek prezipitazioak utziko baititu.
San Tomas eguneko azoka bereziak egingo dira igande honetan Euskal Herriko txoko askotan. Gabonen atarian, Donostiakoa eta Bilbokoa izango dira jendetsuenak.
Donostiako San Tomas azokak 163 postu izango ditu aurten. Gainera, bertaratuko direnek publiko guztientzako hogei bat jardueraz gozatzeko aukera izango dute.
Beste urte batzuetan bezala, azokako protagonista nagusia txerria izango da, Poxpolin, Duroc arrazako txerrama mistoa, aske hazia. Hilaren 21ean 370 eta 380 kilogramo artean pisatuko du, eta Konstituzio Plazan bertan egongo da.
Gipuzkoako hiriburuan egingo den azokara hurbilduko direnek, salmenta postuez gozatzeaz gain, gustu eta adin guztietarako jardueretan parte hartu ahal izango dute. Donostia Kultura Festak elkarteak, hainbat elkarte eta erakunderekin elkarlanean, landa-produktuen, Donostialdeko eztiaren, txorimaloen, txistorraren eta euskal jantzi tradizionalen lehiaketak programatu ditu, besteak beste, egun horretarako.
Bilboko 76. San Tomas Azokak tradizioa eta gastronomia iraunkortasun eta elkartasun balioekin uztartuko ditu. Hitzordu horrek, urtero bezala, etxola, ekoizle eta bisitariez beteko du Areatza.
BBKk, Bilboko Udalak eta Bisubi Fundazioak, Bizkaiko sukaldarien fundazioak, lurraldeko nekazaritza sektorearekin duten hitzorduaren xehetasunak eman dituzte ostegun honetan. Horien kalkuluen arabera, urtero 100.000 pertsona inguruk parte hartzen dute.
Abenduaren 21ean, 09:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte, 243 etxola irekiko dira Bilboko Areatzan eta inguruetan. Horietatik, 166 baserritar produktuak saltzeko izango dira, eta 117 ekoizleren produktuak izango dituzte salgai, San Tomas eguneko gastronomia- eta jai-eskaintza osatzen duten 12 txosnarekin batera.
Gainera, BBK Klima proiektuak parte hartzeko dinamika bat jarriko du abian aurten, hondakinak egoki kudeatzea sustatzeko eta ekitaldia efizienteago, jasangarriago eta ingurumenari dagokionez hobea izaten laguntzeko neurriekin.
Aterkia ezinbestekoa izango dugu igandean. Euskalmeten arabera, fronte bat igaroko da eta prezipitazioa utziko du, probabilitate handiagorekin goizean eta eguerdi partean. Arratsaldean, noizbehinka zaparradak botako ditu, eta trumoi-ekaitzak jo eta txingorra bota dezake.