Denboralea

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pertsona bat hil da eta beste bi desagertu dira azken orduetan Andaluzian denboralearen eraginez

Malagako Alhaurin el Grande udalerrian desagertu da horietako bat, hildakoaren gorpua aurkitu duten leku berean. Desagertutako beste laguna Granadako Illora udalerriko motor-gidari bat da.

18:00 - 20:00

Pertsona bat hil eta beste bat desagertu da Alhaurin el Grande udalerrian, larunbatetik Malaga astintzen ari den denboralearen ondorioz.

Guardia Zibilak baieztatu duenez, bi gizon zeuden desagertuta, eta horietako baten hilotza aurkitu dute arratsaldean. 

Larunbatetik Andaluzia gogor jotzen ari den denboraleak 339 gorabehera utzi ditu azken orduotan, gehienak Malagan.

Orduek aurrera egin ahala, baina, hobera egin du iragarpenak, eta Aemetek bertan behera utzi ditu igande honetarako Malaga osoan ezarritako abisua. Alerta laranjak indarrean jarraitzen du, ordea, Almerian eta Granadako kostaldean.

Motor-gidari baten bila ari dira Granadan

Bestalde, Guardia Zibila, Suhiltzaileak eta Babes Zibileko langileak motor-gidari baten bila ari dira gaur goizetik Illoran (Granada). Dirudienez, motorrean zihoala ur korronte batek eraman du aurretik.

10:30 eta 11:00ak bitartean gertatu da ezbeharra, eta ordu horretan jaso dute larrialdi zerbitzuek gertatutakoaren berri.

Abisu gorria euriagatik Valentzian

Aemetek alarma gorria ezarri du Valentzia hegoaldeko kostaldean, euri asko espero delako. Gainera, Generalitateak ES_Alert sistema erabili du mezu bat bidaltzeko inguru horretako bizilagunei. Iragarpenaren arabera, 12 orduan 180 litro ur pilatuko dira.

Gainerako lekuetan, alerta laranja dago indarrean, 150 eta 180 litro inguru pilatzeko arriskua baitago.

Valentzia hegoaldeko kostaldeko herritarrei bidalitako mezuaren arabera, 20:00ak arte erruz egingo du euria, hori baita Aemetek iragarri duena.

Generalitateak bigarrenmezu bat bidali du

Valentziako Gobernuak bigarren Es-Alert mezu bat bidali du probintzi osoko herritarren sakelako telefonoetara, uholde arriskuaz ohartarazteko, eta ubide eta sakanetara hurbil ez daitezela eskatzeko.

Halaber, ahal den neurrian etxean geratzeko galdegin diete.

Lehen abisua 15:30ean bidali diete Valentzia hegoaldeko kostaldeko bizilagunei, eta bigarrena, laranja mailakoa, 17:40ean probintzi osoko herritarrei.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X