Milaka lagun bildu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon, euskararen aldeko pizkundearen akuilu izan daitezen
Euskararen aldeko pizkunde berri baten premia gizarteratzea eta hizkuntza-politiketan jauzia emateko adostasun soziopolitikoa bultzatzea helburu duen ekitaldia egin dute Bilbao Arenan. 2026ko ekainaren 13rako hitzordua ere jarri dute euskaltzaleek.
6.000 lagun baino gehiago bildu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak larunbat honetan Bilbao Arenan, euskararen "pizkunde" berri baten aldeko “txinparta” pizteko asmoz.
Euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela gogoratu dute baina itxaropenerako aukera ere badagoela aldarrikatu dute. Gakoa, besteak beste, hizkuntza-politiketan jauzi bat egitea dela defendatu dute.
Euskara Euskal Herri osoan ofiziala izatea bermatzeko eskatu diete erakundeei, eta herritarrei, berriz, hitz egin dezatela euskaraz, "hizkuntza arriskuan egon den guztietan, aurrera egitea bermatu" duena hori izan delako.
17:25 jota zirenean abiatu da aldarrikapena eta euskal kulturaren sustapena uztartzen dituen ekitaldia. Herritar arruntekin batera, EAJko, EH Bilduko, Geroa Baiko eta EH Bai ordezkariak ere izan dira Bilbon, baita Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua ere, bere saileko hainbat kiderekin batera. Bengoetxearen hitzetan, "euskarak pertsona guztiak behar ditu", baita "aliantza zabalak" ere.
EH Bilduren Izenean, Pello Otxandiano Legebiltzarreko bozeramaileak berretsi du euskarak "beste pizkunde bat behar duela" eta "bestelako neurri politikoak hartzea ezinbestekoa" dela.
Ekitaldia hasi berritan, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak egin du Kontseiluaren izenean lehen hitzartzea Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendari ohiarekin batera. Euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde lan egiten duten 30 erakunde eta gizarte-eragile baino gehiago biltzen ditu Kontseiluak.
Larrialdi linguistikoaren inguruko gogoeta egin dute biek, baita itxaropenerako deia ere: "Nahiko genuke gauzak ondo doazela esatea, baina hori gure burua engainatzea litzateke. Etorkizuna dago jokoan", esan dute. Izan ere, azken eraso judizialek, besteak beste, euskararan "desofizilizatzea" nahi dutela ohartarazi dute. "Denon arteon emango diogu beste pizkunde bat euskarari. Euskaltzaleon garaia da!", adierazi dute.
Hitzartzez hitzartze, euskalgintzako eragile ugarik parte hartu dute festa kutsua ere izan duen ekitaldian: Itziar Ituño, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Edurne Azkarate eta Olaia Aguayo aktoreek; Gontzal Mendibil eta Flako Fonki, Amets Aranguren eta Joseba Tapia, zein Gorka Urbizu eta Maia Iribarne kantariek; Mejillon Tigreren performanceak; eta Ane Labaka eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariek, besteak beste.
Kontseiluaren izenean egindako bigarren hitzartzean, Aize Otañok (AEK) eta Sebastien Castetek (Euskal Konfederazioa) esan dute adostasun handi bat dagoela Kontseiluan. "Jauzi bat behar da hizkuntza-politiketan, hori da euskarari etorkizuna bermatzeko bidea, justizia sozialean eta gizarte kohesioan sakontzekoa", eta horretarako euskara Euskal Herri osoan ofiziala behar duela izan defendatu dute, eta "zeharlerrotasunez euskararen alde egin, ezagutza orokortu eta erabilera normalerako baldintzak sortu" behar direla.
"Horretarako baditugu tresnak: euskalgintzak metatutako ezagutza, giza kapitala eta engaiamendua", horren hitzetan.
Ekitaldiaren amaiera aldera, Lurdes Iriondori omenaldia egin diote Bilbao Arenan bildutakoek, heriotzaren 20. urteurrenean.
Ondoren, Kontseiluaren hirugarren hitzartzea izan da. Bertan, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak "euskararen normalizazioa eraldaketa soziala" dela aldarrikatu du, "aldaketa sakon eta iraunkor hori ezinbestekoa delako euskarak biziraun dezan" eta horretarako "ezinbestekoa da oinarri sozial zabal bat", esan du.
Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez, "Iparraldeko hiztunen proportzioak behera egin du azken urteotan", eta Nafarroan "hamar ikasletik seik ez dute inolako harremanik euskararekin".
Globalizazioa, digitalizazioa eta indibidualismoa "hizkuntza gutxituen aurka eta boteretsuen alde" doazela ere esan du.
Eskisabelek "euskararen aurkako erasoek" sortzen duten "mina" eta "euskaldunen eskubideen urraketen aurrean isilik egon beharrean, jende askok helarazi dien topaguneen beharra" ere aipatu ditu.
Eraso horiei guztiei aurre egiteko "oinarri sozial zabala" ezinbestekoa dela adierazi du, eta helburu horren inguruan azken bost urteetan ehuntzen joan diren sareak azaldu ditu. Lanketa horren ondorioz, hizkuntza politika berri baterako akordio soziopolitikoa sortu dela ere azaldu du eta dagoeneko 140 atxikimendu baino gehiago ere lortu dituztela. Euskararen ezagutza orokortzea eta euskalduntzea erabat doakoa izatea defendatu ditu, besteak beste.
Eskisabelek "aro berri bati ekiteko" deia egin du, "olatu erreakzionarioa orokortzen ari den honetan" ezinbestekoa delako "euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzea".
2026ko ekainaren 13rako hitzordu berria ere mahaigaineratu du: "Berriro ere elkarrekin arnasa hartzeko, elkar elikatzeko, elkar hauspotzeko. guztion beharra du euskarak, guztion beharra du pizkundeak", esan du Eskisabelek.
Ekitaldian parte hartu duten guztiak oholtzara igo eta "Euskal Herrian euskaraz" abestia abestuz amaitu da jaia, Miribillan bildutako guztien ahotsez lagunduta.
Hunkituta, eta euskararen alde ariketa kontzientea egiteaz hitz egin diote bertaratuetako askok eta askok ETBri.
Zure interesekoa izan daiteke
Kontsumok eguzki-eklipsea ikusteko zazpi betaurreko modelo erretiratu ditu, begietako lesioak eragin ditzaketelako
Merkatutik kendutako azken modeloa Mó-ren 2508-RS003 da, Multiopticas markakoa, ilunegia delako.
Bilboko Konpartsak txosnak muntatzen hasi da eta 600 jarduera baino gehiago aurkeztu ditu Aste Nagusirako
Konpartsek hamar egun izango dituzte Areatza eraldatzeko, abuztuaren 22an Marijaia iritsi baino lehen. Bilboko Konpartsek azpimarratu dute ez dutela inolako erasorik onartuko jaietan, eta babesa adierazi diete manteroei eta ikuskizunetako teknikariei.
61 urteko gizon bat hil da Barakaldoko igerilekuetan
Sorosleek eta larrialdi-zerbitzuek suspertze-maniobrak egin dizkiote bainulariari, baina ezin izan dute haren bizitza salbatu.
67 urteko gizon bat hil da Allotz urtegian
Beste bainulari batzuek gizona uretatik atera dute eta bihotz-biriketako bizkortze maniobrak egin dizkiote larrialdi zerbitzuak iritsi diren arte, baina ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko.
Eklipsearen ostean, gera zaitez zerura begira: Pertseiden izar-jasa dator
Aurtengo Ilberriak bolido distiratsuagoak ikusteko aukera eskainiko du, aurreko urteetan baino argitasun handiagoarekin.
Ostiralera arte luzatu dute beroagatik ezarritako abisu horia
Tenperatura altuengatik eta oso altuengatik ezarritako abisu horia ostiralera arte gutxienez luzatu du Eusko Jaurlaritzak, hiru egun hauetan tenperatura maximoak 37º ingurukoak izango baitira Euskadin.
"Eklipsea zentzumen guztiekin bizi beharreko esperientzia da"
Ana Ursua astrofisikari eta "eklipse-ehiztariaren" hitzetan, eguzki-eklipse osoa "naturaren ikuskizunik zoragarriena da", fenomeno zientifiko eta emozional paregabea, hain zuzen ere.
Heldu da egun historikoa: gaurko eklipseaz gozatzeko jakin beharreko guztia
Duela mende bat baino gehiago ikusi zen azkenekoz eklipse oso bat Euskal Herrian, eta hurrengoa 375 urte barru izango dugu. Hemen hainbat jakingarri azalduko ditugu: non ikusi, ordutegiak eta begiak nola zaindu, besteak beste. Orain zuzenean eskaintzen ari da eklipsea, Bardeatik.
Laredoko alkateak ukatu egin du herrian euskal udatiarren aurkako jazarpenik dagoenik
Laredon uda igarotzen duten hainbat familiak salatu dutenez, euskal herritarrak izate hutsagatik egin diete eraso. Hala ere, alkateak ukatu egin du "euskal herritarren kontrako jazarpenik dagoenik", eta kasu bakanak direla ziurtatu du.
Horrela bizi izan zuten lurrikara Kolonbian dauden hainbat euskal herritarrek
Kolonbian dauden euskaldun batzuekin hitz egiteko aukera izan dugu. EHUko medikuntzako ikasle batzuekin eta lagun talde gipuzkoar batekin izan gara. Oraindik gorputzetik beldurra kendu ezinik daude, baina eskertuta onik daudelako.