Nafarroako hainbat eragilek seme-alabak euskaraz matrikulatzeko deia egin diete gurasoei
2026-2027 ikasturterako aurrematrikulazio epea gerturatzen ari den honetan, Nafarroako hainbat eragilek gurasoei dei egin diete seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatu ditzaten, haien “etorkizun eta ongizate pertsonalaren alde” eta “Nafarroa eta mundu hobe baten alde” hartutako erabakia dela ziur baitaude.
Eredu horietan matrikulazioa bultzatzeko helburuarekin, Etorkizuna euskaraz hazi kanpaina bateratua jarri dute martxan euskalgintzako eta hezkuntzako eragileek eta sindikatu euskaltzaleek. Zehazki, honako hauek egin dute bat ekimenarekin: AEK, IKA, Errigora, Taupa Mugimendua, EHE, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Dindaia, AET, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Euskalgintzaren Kontseilua, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen Elkartea, NIZE zuzendarien elkartea, IKAMA Nafarroa, NUPeko Euskara Taldea; eta LAB, ELA eta STEILAS sindikatuak.
Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren aurrean egindako agerraldian irakurri duten adierazpenean aldarrikatu dute euskara ematea “pertsona eta herritar gisa aberastea” dela.
Azaldu dutenez, eredu horietan ikasten duten haurrei, besteak beste, “kultur unibertso baterako atea irekitzen" zaie, “eleaniztasunerako gaitasuna indartzen” zaie, “harremanak zabaltzeko bidea” ematen zaie eta “trebakuntza eta aukera profesionalak ugaritzen” zaizkie. Gainera, “Nafarroako berezko hizkuntzaren jabe egiten” direla gogorarazi dute.
Bestetik, gizartearen “etorkizuna hobetzeko bidea” ere badela adierazi dute; izan ere, modu honetara, “euskarari etorkizuna bermatzen” zaiola eta “nafar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eta betetzeko oinarriak jartzen” direla azpimarratu dute.
Haurrei euskara emanda, “bizikidetzan eta demokratizazioan” sakontzen dela ere berretsi dute, “gizarte kohesioa indartuz” eta “justizia sozialean aurrera” eginez.
Azkenik, “indartzen ari den olatu erreakzionarioari” aurre egiteko modua ere bada euskara ematea eragile horien aburuz. Olatu hori “hizkuntza hegemonikoak indartzera” datorrela salatu dute.
Gurasoei gonbidapena egitearekin batera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu diote euskarazko ereduei “trabak ezarri ordez erraztasunak” eskaintzeko; hau da, bultzatzaile izan dadila “nafar guztiek euskararen oinarrizko ezagutza eskuratzea bermatua izan dezaten”.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera