Kosner Baskoniaren ospakizunak, zuzenean, EITBn
Kopako txapeldunari Andre Maria Zuriaren plazan egingo zaion harrera zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en, ETB2n eta ETB On plataforman, 18:45etik aurrera.
Kosner Baskonia, Kopako txapeldun! Argazkia: Europa Press
EITBk bat egingo du Kosner Baskoniaren Kopako ospakizunarekin eta zuzenean emitituko du 19:00etatik aurrera Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egingo zaion harrera. Zuzeneko saioa 18:45ean hasiko da ETB1en, ETB2n, ETB ON plataforman eta kirolakeitb.eus webgunean.
ETB1en eta ETB ON plataforman Jon Balentziaga, Juan de la Vega eta Aitor Sainz kiroletako kazetariek egingo dute kontakizuna. Ordu horretan hasiko da ETB2n eta ETB ONen "Euskadi Quédate" saioko lantaldearen saio berezia, Andre Maria Zuriaren plazaren alboan kokatutako setetik. Halaber, "Biba Zuek!" saioak ere zuzeneko konexioak egingo ditu Gasteizekin, ongietorriaren azken orduaren berri, Maddalen Arzallusen eskutik.
Radio Vitoriak bere programazioa moldatu du, Kosner Baskoniaren Kopako garaipenaren ospakizunak gertutik jarraitzeko. Asteburuan Kosner Baskoniak Valentzian jokatu dituen hiru partidak ere zuzenean emititu ditu, eta emanaldi horiek guztiak GUAU plataforman entzungai daude.
2009tik ez zuen Errege Kopako titulua irabazten, eta poza lehertu da Gasteizen eta Araba osoan.
Ospakizunak bukatzeko, Kosner Baskoniak zaleei garaikurra eskainiko die, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan egingo den ekitaldi jendetsuan.
Kosner Baskoniak zazpigarren Kopa irabazi du Real Madril menderatuta (89-100)
Gasteizko taldeak final bikaina sinatu du Valentzian, hasiera kaskarra gainditu eta nagusitasunez garaitu du faboritoa, erasoko hirukoak lortutako 73 puntuei eta amaiera bikainari esker.