INDARKERIA MATXISTA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Arrigorriagako Padura klubean neska batek sexu-indarkeria eta jazarpena jasan dituela salatu dute

Bidaure eta Urruma elkarteek "irmotasun falta" leporatu diote kirol klubari, ustez klubeko beste jokalari batzuek egindako erasoaren aurrean. Bost gazte ikertzen ari dira, eta Ertzaintzak Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi du kasua.

Padura Arrigorriaga

Arrigorriagako futbol zelaia. EITB

Arrigorriagan, Padura futbol taldeko emakumezko adin txikiko batek sexu-indarkeria eta jazarpena pairatu dituela salatu dute Bidaure Genero indarkeriaren biktima diren haurrak babesteko elkarteak eta Urruma Arrigorriagako Talde Feministak. Sare sozialetan zabaldu duten oharraren arabera, ustezko erasotzaileak adin txikiko mutilak dira, futbol taldeko kideak.

Zehazki, bost gazte ikertzen ari dira horrekin lotuta. Antza denez, mutil horiek nesken taldeko jokalaria jazarri dute entrenamenduetan. Gainera, egoerak okerrera egin du ustez mutiletako batek neskaren bideo sexual bat zabaldu ostean. 

Salatzaileek gaineratu dutenez, Padura futbol taldeko arduradunek ez dute kasu honetan espero zitekeen moduan erantzun. "Ez dira adingabearen alde agertu, eta hartutako neurriak ez dira nahikoak izan jazarritako adingabearen ongizatea eta babesa bermatzeko", deitoratu dute. 

Horien aburuz, "onartezina" eta "umiliagarria" da klubak "eskura dauden neurri guztiak ez aktibatzea eta biktimari bizkarra ematea". 

Hori dela eta, Bidaurek eta Urrumak hauek galdegin dizkiote Padurari: lehenik, biktimari eta haren kideei barkamena publikoki eskatzea eta erreparazio neurriak hartzea; bigarrenik, erasotzaileei diziplina neurriak ezartzea; hirugarrenik, indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat premiaz ezartzea, eta, azkenik, prebentzio neurriak bermatzea horrelakorik errepika ez dadin. 

Bere aldetik, Padura Kirol Elkarteko ordezkariek adierazi dute taldea ez dela sexu-jazarpen kasu horren "erantzulea", eta azaldu dute ez dela elkarte horren "eremuaren barruan" gertatu. Hala ere, aurreratu dute gaur arratsaldeko azken orduan bilduko direla klubaren jarrera ofiziala adierazteko.

Salaketa jarri duten elkarteek gogoratu dute klubak indarkeria matxistaren aurkako protokolo berri bat egingo zuela iragarri zuela duela gutxi, eta "publikoki aurkeztu dela gaitz horren aurkako klub seguru eta konprometitu gisa".

Ertzaintzak Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi du kasua 

Neskak salaketa jarri ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen gertaturikoa argitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, behin ikerketa amaituta, auzia Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dute.

Miren Elgarrestari elkarrizketa Egun on Euskadi saioan
18:00 - 20:00

Arrigorriagako Udalak "kezka" eta "erabateko errefusa" adierazi ditu

Arrigorriagako Udalak "kezka" eta "erabateko errefusa" agertu ditu, "ustez hainbat gaztek bideo sexual bat baimenik gabe zabaldu eta horren ondoren biktimak jasan duen jazarpena" direla eta. 

Udalak ohar batean nabarmendu duenez, horren berri izan zuenetik bitartekaritza lanak egin ditu familiarekin eta Padura klubarekin, gertatutakoa "gaitzestea", familiari "babesa ematea" eta neurriak hartzea eskatzeko. 

Bestalde, Udalak "babesa eta elkartasuna" agertu dizkie biktimari eta gertukoei, eta gogorarazi du erantzukizuna biktimaren gainean jartzea berriro biktimizatzea dela. Hori dela eta, arduraz jokatzeko eta zurrumurruei biderik ez emateko eskatu diei herritarrei.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X