8 kilometrorainoko auto-ilarak AP-8 autobidean, Zestoan hainbat ibilgailuk istripua izan ondoren
Txorierriko igarobidean gertatu den beste istripu batek auto-ilara luzeak eragin ditu Loiun. Pertsona bat zauritu da bertan.
Istripua AP-8 autobidean, Zestoan. Argazkia: @trafikoaEJGV
Lau ibilgailuren arteko istripua gertatu da gaur goizean AP-8 autobidean, Zestoa parean, eta horrek auto-ilara luzeak eragin ditu Bilbora bidean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ezbeharra 06:45 aldera gertatu da. Lau autok eta kamioi batek talka egin dute, eta, hori dela eta, bi erreietako bat itxi behar izan dute Bilbora bidean. 8 kilometrorainoko ilarak sortu dira bertan. Dena den, ez da inor zauritu.
Bestalde, hainbat ibilgailuren arteko istripua gertatu da Txorierriko igarobidean, BI-30 errepidean, Loiun. Ezbeharraren ondorioz, pertsona bat zauritu da, eta errei bat itxi behar izan dute. Hori dela eta, 3 kilometrorainoko ilarak sortu dira Barakaldora bidean.
Bestalde, Sollubeko igoeran luizia gertatu da eta zuhaitz bat bidera erori da. Hori dela eta, erreietako bat itxi dute, eta Ertzaintza txandaka bidea ematen aritu da.