Zubietako espetxearen inaugurazio ofizialak gizarteratzearekiko konpromisoa finkatu du, Martuteneko ereduaren aurrean
Pertsona erdigunean jartzen duen espetxe sistema propioa aldarrikatu du bertan Imanol Pradales lehendakariak, eta ETAk hil zituen espetxe funtzionarioei aitortza egiteko baliatu dute ekitaldia Pradalesek eta Fernando Grande-Marlaska ministroak.
Astelehen honetan inauguratu dute Zubietako espetxe berria Imanol Pradales lehendakariak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak. Bertan, pertsona erdigunean jartzen duen espetxe-sistemaren alde mintzatu da lehendakaria, Martuteneko eredu zaharrarekin kontrajarria; izan ere, 1948an eraikitako kartzela hura "presoak zaintzeko" helburu bakarrarekin diseinatu zen.
Egungo euskal espetxe-sistemaren barruan presoak birgaitzeko eta gizarteratzeko konpromiso irmoa dutela adierazi dute agintariek ekitaldian. Kudeaketa-eredu berri horren xehetasunak azaltzeaz gain, ETAk eraildako espetxeko funtzionarioei aitortza egiteko ere baliatu dute topaketa Pradalesek eta Marlaskak.
Hiru langile horien memoria Zubietako gune berrian gordeko da hemendik aurrera, espetxe zaharretik ekarritako oroimenezko plaka bertara aldatu baitute.
Nolakoa da Zubietako espetxe berria?
Espetxea handia eta modernoa da, eta 400 plaza ditu: 360 gizonentzako, eta 40, emakumeentzako. Horiei CISek (Gizarteratze Zentroa) hartuko dituen 75 plazak gehitu behar zaizkie, modulu independente bat erregimen irekiko kasuak kudeatzeko eta presoak kanpora atera daitezkeen beste modalitate batzuetarako.
Zubietako espetxeak, Eskuzaitzetako industrialdean kokatuta, sei egoitza-modulu izango ditu guztira, horietako bat emakumeentzat, eta, gainera, amentzako unitate bat izango du.