ETXEBIZITZAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gasteizek 1.000 lokal etxebizitza bihurtzeko bidea ireki du

Proiektuak eraldaketatik kanpo utziko ditu Alde Zaharra, Zabalgunea, Arriagako zati handi bat eta Salburuko zein Zabalganeko finkatu gabeko eremuak, eta etxebizitza berriak titularraren ohiko bizileku iraunkor gisa erabili beharko dira.

Gasteiz, airetik ikusita. Argazkia: Gasteizko Udala.

Gasteizko Udal Gobernuak ostiral honetan onartu du beheko solairuko lokalak etxebizitza eta etxebizitza-tailer bihurtzea ahalbidetuko duen udal-ordenantzaren proiektua. Gehienez 1.000 lokal bihurtu ahal izango dira etxebizitza, eta arauak izapidetze-prozesua hasiko du orain, Udalbatzak behin betiko onartu eta indarrean sartu aurretik.

Erabilera-aldaketa baimenduko ez den eremuak

Etorkizuneko ordenantzak bizitegi-eremu jakin batzuetako lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko baldintzak ezartzen ditu, baina, aldi berean, hiriko merkataritza-gune nagusiak babestea du helburu. Horregatik, Alde Zaharra, Zabalgunea, Arriagako zati handi bat eta Salburuko zein Zabalganako finkatu gabeko eremuak eraldaketatik kanpo geratuko dira. Gainerako auzoetan ere merkataritza-arteria nagusiak babestuko dira.

Ohiko bizileku gisa soilik

Etxebizitza bihurtzeko baimena jasotzen duten lokalek gutxienez 7 urte metatu beharko dituzte lehen okupazioko lizentzia lortu zenetik, eta egokitzeko lanak egin ondoren, "titularraren ohiko bizileku iraunkor gisa erabili beharko dira, eta, beraz, debekatuta egongo da bigarren etxebizitza edo beste edozein erabileratarako bideratzea".

Etxebizitza-tailerrak eta baldintzak

Ordenantzak etxebizitza-tailerraren figura ere jasotzen du, eta beheko solairuan egiten diren etxebizitza guztiek indarrean dagoen araudiak ezarritako bizigarritasun-, osasungarritasun-, irisgarritasun- eta kalitate-baldintzak bete beharko dituzte.

Hiri Ereduaren, Hirigintzaren eta Etxebizitzaren zinegotzi Borja Rodríguezen hitzetan, "ordenantza honekin, etxebizitzaren funtzio soziala defendatu eta hiri-berroneratzea bultzatzen dugu". Gainera, horren esanetan, etxebizitza-tailerraren formulak "hiri barruko joan-etorriak murriztuko dituen bizitoki-alternatiba bat erraztuko du. Zalantzarik gabe, ordenantza egokia da etxebizitza eskuragarriak sortzeko ahalegin handia egiten ari den hiri honentzat".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X