Aurrera doa Tolosako ospitale berriaren esleipena, nahiz eta EH Bilduk murrizketak kritikatu dituen
Alberto Martinez Osasun sailburuak adierazi du prozesua bide onetik doala eta aste honetan bertan espero duela ospitale berria eraikitzeko proiektua esleitzea, lanak 2028an hasi eta 2031n amaitzeko asmoz. Bien bitartean, Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideak gogor kritikatu du dokumentua, eta alternatiba guztiak ondo aztertu diren zalantzan jarri du.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aste honetan bertan esleituko du Tolosako (Gipuzkoa) Ospitale Publiko berriaren proiektua, Alberto Martinez Osasun sailburuak astelehen honetan iragarri duenez. Osasun sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, EH Bilduren eskariz, azpiegitura horren plan funtzionala xehatzeko.
Martinezek ziurtatu duenez, Tolosako Ospitale berriak "zerbitzu eta espezialitate gehiago" izango ditu, eta etorkizuneko ospitaleak —100 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, zazpi solairu, 90 ohe eta lau ebakuntza-gela izango dituen eraikin moderno bat— eskualdeko osasun zerbitzua "zalantzarik gabe" hobetuko duela defendatu du.
Sailburuaren arabera, azpiegitura bat eraikitzea baino, "zaintzeko beste eredu bat" zabaltzea da asmoa. Horregatik, Donostialdeko ESIarekin koordinatutako arreta batean oinarrituko da azpiegitura berria, eta goi-teknologiaz hornituta izango da, besteak beste, erresonantzia magnetikoak eta ordenagailu bidezko tomografia axialak egiteko.
EH Bilduk murrizketak salatu ditu
Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideak gogor kritikatu du dokumentua, eta ohartarazi du Tolosaldeko ESIak "orain baino zerbitzu gutxiago" eskainiko dituela, prestazio batzuk murriztu edo desagertuko direlako. Hala, zalantzan jarri du alternatiba guztiak ondo aztertu diren.
Proiektuaren egutegia udal-izapideen mende dago orain. Osasun Sailaren asmoa da 2028an hasi eta 2031n amaitzea, osasun sailburuak jakinarazi duenez, eta Tolosako Udalari jadanik ofizialki eskatu zaio Iurramendiko lurzorua uztea, eraikitzen hasteko. Hala ere, Udalak ezetz erantzun du oraingoz, beste bi lursail txiki erosteko negoziatzen ari dela argudiatuz.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak