Tolosako Ospitalea 2031rako egongo da eraikita
Erietxea eraikitzeko proiektua esleitu du Jaurlaritzak, 107,6 milioiko inbertsioarekin. Ospitalea udalerriko sarreran kokatuko da, ia 8.500 metro koadroko lursail batean. Ospitalizazioko 90 ohe izango ditu eta 380 profesionalek jardungo dute bertan.
Tolosako Ospitalea hartuko duen orubea. Argazkia: Osakidetza
Osakidetzak Tolosan (Gipuzkoa) ospitalea eraikitzeko proiektua (107,6 milioi euroko inbertsioa) lizitatu du, eta, horrela, 2031rako izango du ospitalea Tolosaldeak. Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, 2028an hasiko dira eraikitzen, eta 3 urteren buruan bukatuko dute. Eskualdeak osasun azpiegitura berria izango du hortik aurrera, eta ospitalizazioko 90 ohe eta 380 langile izango ditu.
Ospitalea 8.445 metro koadroko lursail batean kokatuko da, Larramendiko muinoaren hego-ekialdean. Gaur egun, herriaren sarreran dagoen kamioentzako aparkalekua dago bertan. Eraikinak 7 solairu izango ditu: 4 gainazalean eta 3 lurpean (2 aparkalekurako izango dira).
Zentroak erabakimen handiko kanpo-kontsultak izango ditu, eta diagnostikoak eta proba osagarriak egiteko aukera eskainiko du. Horrez gain, kirurgiak egingo dira bertan, eta konplexutasun txikiko gaixotasun kroniko akutua duten pazienteentzako eta eriondoan dauden pazienteentzako ospitalizazio medikoa eskainiko dute, 90 oherekin. Gainera, larrialdi zerbitzuak ere izango ditu.
Espezialitateak ere izango ditu: digestio-aparatua, dermatologia, endokrinologia, ginekologia eta obstetrizia, neurologia, errehabilitazioa, pneumologia, alergologia, kardiologia, hematologia, barne-medikuntza, erreumatologia, anestesiologia, kirurgia orokorra, oftalmologia, otorrinolaringologia, traumatologia eta urologia.
Aurreikuspenen arabera, 380 profesional izango dira lanean: medikuak, erizainak, erizain laguntzaileak, zeladoreak eta beste profil zehatzago bat duten beharginak (optometristak, fisioterapeutak edo gizarte-langileak). Bestalde, zerbitzu orokorretarako 98 langile izango dira.
Ospitale berria Donostialdeko ESIaren menpe egongo da.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera