Gaur hasiko da Ekain Perrinori egin zioten eraso homofoboaren gaineko epaiketa
Erasoa 2021ean egin zioten, Ekain lagun batekin zegoela, parke batean. Gaztea konorterik gabe utzi arte jipoitu zuten, iraintzen zuten bitartean.
Erasoaren aurkako protesta, Basaurin. Argazkia: Europa Press
Hamaika pertsona eseriko dira akusatuen aulkian gaurtik aurrera Bizkaiko Auzitegian, 2021eko ekainean Basaurin mutil bati egindako eraso homofoboaren gaineko epaiketan. Konorterik gabe utzi zuten, harne sexu-joerari buruzko mespretxuzko komentarioen artean jipoi bortitza emanda.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak lau egunez hartuko du gertakari horien gaineko epaiketa. Aurreikusitakoaren arabera, akusatuek hilaren 11n deklaratuko dute.
Epaitzen dituzten gertakariak 2021eko ekainaren 6ko goizaldean jazo ziren, Bizkotxalde parkean. Gazte talde batek Ekain Perrino gazteari eraso zion. 23 urte zituen orduan.
Eragile sozialek jakinarazi zutenez, erasotzaileek ez zuten biktima ezagutzen. Ukabilkadak eta ostikadak eman zizkioten, eta Ekain lurrean zegolea kolpeka jarraitu zuten, konortea galdu zuenean ere, "hau marikoi zikin bat zarelako gertatzen zaizu" eta antzekoak esaten zituzten bitartean.
Ekaitz konorterik gabe geratu zen, ahotik eta sudurretik odola zeriola, eta ospitaleratu egin behar izan zuten.
Bost urte baino gehiago geroago, hamaika pertsona epaituko dituzte.
Gizarte mailan ez ezik, alderdien eta erakundeen elkartasun mezuak ere eragin zituen kasuak. Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, Voxek izan ezik, elkartasun adierazpena egin zuten, eta Basauriko Udalak, Arartekoak eta Espainiako Gobernuak kasua aipatu zuten biktimari babesa eman eta gorroto-diskurtsoak salatzeko.