GIPUZKOA ETA IPARRALDEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Angulen legez kanpoko trafikoaren aurkako operazioa 10 atxiloturekin eta 400 kilo atzemanda amaitu da

Guardia Zibilak eta Jendarmeriak elkarlanean egindako operazioan, Gipuzkoan eta Iparraldean aritzen zen talde bat desegin dute.

Angulak konfiskatu dituzte. Argazkia: Guardia Zibila

Guardia Zibilak amaitutzat eman du Putzua operazioa, aingira europarraren legez kanpoko trafikoan aritzen zen gaizkile talde bat deseginda. Espezie babestua da, eta kontserbazio egoera kritikoan dago. 

Frantziako Jendarmeriarekin batera egindako operazioan, 10 pertsona atxilotu eta ikertu dituzte, eta merkatu beltzera bideratutako 400 kilo angula baino gehiago atzeman dituzte.

Ikerketa 2025. urtearen hasieran abiatu zuten, eta Gipuzkoan eta Iparraldean ezkutuan ari zen eta kontrolak saihesten zituen arrantzale talde bat identifikatu zuten. Talde horrek arrantzatutakoa enpresa bati saltzen zioten, legez kanpo banatzeko, osasun bermerik gabe.

Operazioaren azken fasean, 4 pertsona atxilotu dituzte Gipuzkoan, eta miaketak egin dituzte hainbat enpresa eta etxetan. Agenteek 28 kilo angula bizi eta 407 kilo angula izoztu atzeman dituzte. Osasun kontrolik gabe bildutako produktua zen; beraz, ez zen egokia giza kontsumorako. Jatorri argirik gabeko 65.000 euro ere konfiskatu dituzte operazioan.

Aldi berean, Iparraldean, 6 pertsona atxilotu eta beste horrenbeste miaketa egin dituzte. Gainera, 10 kilo angula izoztu eta 13.000 euro atzeman dituzte.

Aingira europarraren (Anguilla anguilla) ale gazteak dira angulak. Espezie horren egoera kritikoa da, eta nazioarteko merkataritza erabat araututa dago. Asiako merkatuetan, baina, eskari handia dago, eta kiloko 5.000 euro ere oraindu izan dituzte. Horregatik, legez kanpoko trafikoan espezializatutako taldeak sortu dira horren inguruan.

Zure interesekoa izan daiteke

Marcha antirracista



EUROPA PRESS

21/3/2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Arrazismoaren aurkako martxa batek "faxismoaren gorakada" eta "zigorgabetasuna" salatu ditu Bilbon

Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, ehunka pertsonak bat egin dute larunbat honetan Arrazakeriaren aurkako Bilboko M21 Asanbladak deitutako manifestazioarekin. "Faxismoaren gorakada" salatu, eta "talde neonazi eta supremazisten" jarduera eta diskurtsoen "zigorgabetasunaz" ohartarazi dute. 12:00ak jota zirenean hasi da martxa, Mariaren Bihotza plazan, eta San Frantzisko kalea Zabalbururaino zeharkatu eta gero, Bilboko udaletxearen aurrean amaitu da, manifestu bat irakurrita.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X