24. KORRIKA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskararen aldeko lasterketa igande eguerdian helduko da helmugara, Bilbora

2.750 kilometro egin eta lekukoa eskuz esku 3.436 aldiz pasatu ostean, Bizkaiko hiriburua harrapatuko du Korrikak. Bertan jakingo dugu nork idatzi duen 10 egunez lekuko barruan gordeta eraman duten mezua, egileak berak irakurriko baitu. AEKk festa erraldoia prestatu du 24. Korrikari amaiera emateko.

Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak sartu zuen mezu sekretua lekukoaren barruan, Atharratzen. Argazkia: KORRIKA

Zirrarak, festak, hunkipenak... 10 egunez Euskal Herriko txoko, herri eta hirietan bizitakoek goia joko dute bihar, igandea, 24. Korrikak helmuga harrapatuko baitu: Bilbo. Martxoaren 19an Atharratzetik abiatu zenetik, milaka euskaltzalek parte hartu dute euskararen aldeko lasterketan. Urratsez urrats, lurraldez lurralde. Gehienetan, jendetsu; zenbaitetan, dozena bat lagunek bakarrik babestuta. Bihar ibilbidea osatuko du Korrikak. Kosta ahala kosta. Aldapan gora, ordu txikitan, euripean... oztopo guztien gainetik, aurrera egin du egunotan euskaltzaleen olatuak. Eskuz esku, ia 3.500 aldaketa eginda, iritsiko da lekukoa Bizkaiko hiriburura. Orduan egingo da publiko aurtengo Korrikaren mezua, egilearen ahotik beretik. 

Azken eguna Durangaldetik abiatuko du Korrikak, eta 07:20 aldera sartuko da Bizkaiko hiriburura, Enekuritik. Korrikako arduradunek 12:30erako espero dute helmugaratzea Ernesto Erkoreka plazan, udaletxe aurrean. Ohi bezala, AEKko kideek egingo dute azken kilometroa, 2.750.a, hain justu. Horiekin batera, 24. Korrikako mezuaren egilea igoko da udaletxe plazan paratutako eszenatokira, eta hark irakurriko du 10 egunez sekretua izan den mezua. Ozen, harro; Mendebaldetik Ekialdera, Euskal Herri osoan entzun dadin. 

Behin mezua zabalduta, festa lehertuko da Bilbon, eta badirudi eguraldia alde(ago) izango dutela euskaltzaleek. Izan ere, goiz busti eta hotza aurreikusi du EITBko meteorologia zerbitzuak, baina eguerditik aurrera hobetzera egingo du aroak. Aterrune politak izango dira, baina ez da baztertzen noizean behin zaparrada bakanen bat egitea. Tenperaturari dagokionez, fresko antzera jarraituko du, eta maximoak 12 ºC-koak izango dira. 

Bizkaiko hiriburua mukuru egotea espero da, eta, hori dela eta, garraio publikoa erabiltzeko gomendatu dute AEKko arduradunek. Metro Bilbaok eta Euskotrenek, esaterako, zerbitzu bereziak eskainiko dituzte. 

AEKk egitarau oparoa prestatu du egun horretarako. 6 gunetan banatu dituzte kontzertuak, umeentzako jarduerak, bazkaltzeko eremua eta bestelako ekintzak. Denetarik, denentzat, sorpresaren bat tartean. Hona egitarau guztia, gunez gune: 

BBK GUNEA - FAMILIA GUNEA (Erripa eta Bailen kaleetan) 

13:00-19:00 – Puzgarriak eta jolasak (Urtxintxa, Makusi eta BBK Fundazioa)

13:00-19:00 – Rokodromoa, kartak, bonbonera (Athletic Fundazioa)

NAIZ GUNEA - kontzertuak (Areatza)

14:00-15:00 – La Basu

16:00-17:00 – Arranoaren Hegaldia

18:00-19:00 – Añube

20:00-21:30 – Akerbeltz

ARRIAGA

13:30-18:00 – Jan-gunea 

        Herri-bazkaria

  • Menua: paella (bi aukera: beganoa edo oilasko eta saiheskiduna)
  • Ogia eta kafea barne
  • Prezioa: 8 €
  • Tiketak laster izango dira salgai

13:30-18:00 – Azoka

13:30-14:45 – Herri kirolak

15:15-16:30 – Dantza ikuskizuna (Gaztedi)

17:15-18:30 – Diskofesta (Urtxintxa)

SAN NIKOLAS - kontzertuak

15:00-16:00 – Zerotan

17:00-18:00 – Bele

19:00-20:00 – Misxerabliak

AREATZA

13:30-19:00 – Gamer gela, taloak eta foodtruckak

PLAZA BARRIA

Erakusketa: “Mundu bat KORRIKA!” 

13:00-14:00 – Punpairez

14:30-15:30 – PD Rasmia

16:00-17:00 – Bertsolariak

17:30-18:30 – Kontzertu akustikoa

BILBO ZAHARRA

16:00-17:00 – Yogurinha Borova

17:30-19:00 – Txalainak

19:30-21:00 – DJ Elepunto

ZAZPIKALEAK 

Egunean zehar kale-animazioa: txarangak, kalejira, erraldoiak, Korrika kantari eta joaldunak.

Zure interesekoa izan daiteke

(Foto de ARCHIVO)

Rueda de prensa de Palestinarekin Elkartasuna



REMITIDA / HANDOUT por PALESTINAREKIN ELKARTASUNA

Fotografía remitida a medios de comunicación exclusivamente para ilustrar la noticia a la que hace referencia la imagen, y citando la procedencia de la imagen en la firma

20/3/2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelgo taldeen aurkako partidak bertan behera uzteko eskatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak Gasteizen

Ehunka lagun atera dira gaur Gasteizko kaleetara, Baskoniak Hapoel Tel Aviven aurka jokatu beharreko kanporaketa eta apirilaren 7an Maccabiren kontrakoa bertan behera uztea eskatzeko. Palestinarekin Elkartasuna plataformaren arabera, Israel “genozidioa zuritzeko” erabiltzen ari da saskibaloia, eta ez da nahikoa Buesa Arena hustea: Israelekin harreman guztiak etetea aldarrikatu dute, baita kirol arlokoak ere.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X