Errenteriako Udalak adierazi du biktimak babestea eta horien nahia errespetatzea izan dituela beti lehentasun
Prentsaurrekoan, Errenteriako alkateak jakinarazi du Xenpelar bertso eskolako eraso matxistak Adingabeen Fiskaltzaren esku daudela dagoeneko.
Errenteriako Udalak prentsaurrekoa eman du gaur, udalerri horretan gertatu diren eraso matxisten berri jakin ostean, horien gaineko xehetasunak eman eta Udalak egindako kudeaketa azaltzeko.
Iragan ostegunean, Udalak ohar bat argitaratu zuen, maiatzean zehar berri izan zen eraso matxistei buruz. Bertso eskolaren jarduera bertan behera uztea erabaki zuela publiko egin zuen orduan, gertaera horiek guztiak irmoki gaitzetsi zituen eta biktimekiko erabateko elkartasuna adierazi zuen.
Bezperan, asteazkenean, bertso eskolako ikasleen gurasoekin bilera egin zuten, auzi horren berri Udalaren bidez eta aurrez jakin zezaten. Bilera horretan, Udalak ezagutzen zituen salaketen eta horien inguruan hartutako erabakien berri eman zieten orduan.
Xenpelar bertso eskola udal zerbitzu bat da eta biktimen artean adingabeak daude. Bi zertzelada horiek larriagoa egiten dute egoera, Aizpea Otaegi alkateak iritzi dionez.
"Hasieran esan bezala, horren guztiaren berri maiatzean izan zuen Udalak, biktimek egoera salatzeko urratsa eman eta mugimendu feministari eta Bertsozale Elkarteari jakinarazi ziotenean. Eta, egoeraren larriaz jabetuta, Udalak maiatzean bertan, lehen unetik, hartu ditu erabakiak", adierazi du Aizpea Otaegi alkateak.
"Hemendik aurrera kudeaketa konplexu eta zaila dugu aurretik, gertatutakoa zehatzago ezagutzeko eta eskolaren bueltako gazte eta guraso horiei eragin zaien mina osatzen lagundu ahal izateko", erantsi du.
Bien bitartean, salatutako kasuak bere gain hartu ditu jada Adingabeen Fiskaltzak.
Jon Mayaren aurkako salaketak
Bertso Eskolako kasua publiko egin zenean, baina, bestelako hauts batzuk ere hauspotu ziren, Jon Maya dantzariari lotutakoak.
Gai horri dagokionez, gaur lehenengoz egin ditu Udalak adierazpen publikoak, lehentasun zutelako bitktimak babestea eta horien borondatea errespetatzea.
Esan dutenez, Errenteriako Udalak 2024ko abenduaren hasieran jakin zuen Jon Mayaren kontrako salaketen berri.
Orduan, Kukairekin harremanetan jarri zen Errenteriako Udala, eta taldeak hainbat erabaki helarazi zizkion: Jon Mayak salaketak onartu zituen, jardun publikoa eteteko erabakia hartu zuen eta bere jokabideen inguruko errebisio kritikoa egiteko ardura hartzeko prozesu bat abiatu zuen.
Gainera, Kukairen ordezkaritza legala eta Udalarekiko solaskidetza aldatu zen, eta Kukairen presidentearen gain utzi zuten. Une hartatik aurrera, eta 2025. urte osoan zehar, auzi horri dagokionez, Kukairekin harremana presidentearen bidez izan du Udalak, ez Jon Mayaren bidez, ordura arte bezala.
"Udalak, une hartan, Jon Mayak eta Kukaik gaiari arduraz heldu ziotela iritzi zioten, biktimen nahia errespetatzeko hautua egin zutela eta biktimek adierazi zuten borondate ez punitibista erreparazioaren bidetik daitekeela. Eta, eremu publikotik apartatu den Jon Maya eta Kukai konpainiaren jarduna bereiziz, Kukairekin dugun hitzarmena eta dirulaguntza izenduna bere horretan uztea erabaki genuen. Urtero bezala, 53.600 euro jaso zituen Kukaik 2025ean, eta ohiko ekimen eta emanaldiak egin zituen herrian, Jonen presentziarik gabe", argitu du Otaegik.
Gerora, ordea, 2025eko azaroan, iragarri ziguten Kukaik eta Jon Mayak ohiko jarduerari berrekiteko asmoa zutela eta 2026ko otsailean horren berri emango ziola formalki konpainiak Udalari. Bilera hori egin eta informazio zehatza eta osoa jaso arte, Udalaren eta Kukairen arteko 2026ko harremana “izoztuta” egon zen.
Azkenean, apirilean bilera egin zuten, eta, alkatearen hitzetan, "eraikitzen ari ginen adostutako bidetik aldentzen ziren bi mugarri egon ziren:
-Jon Maya jarduera publikora itzuli da.
-Kukairen Gidaritza Taldeko kide batek izenpetuta, ohar bat zabaldu da, ordura arteko printzipio guztiak auzitan jartzen dituena.
Gauzak horrela, krisi bat zabaldu da Udalaren eta Kukairen artean, "bai prozesuari, zein konfiantzari dagokionez".
"Gure ustez, krisi honetatik ateratzeko modu bakarra prozesura itzultzea da: berriz ere biktimei dagokien zentralitatea ematea", nabarmendu du alkateak. "Bitartean, 2026. urtea, Kukairekiko harremana izoztuta abiatu genuen, eta horrela jarraitzen dugu", bukatu du.
Bukatzeko, oposioaren aldetik jasotako kritika eta eskaerak hartu ditu mintzagai. PSE-EEk, esaterako, premiazko batzordea galdegin dio Udalaren kudeaketari buruz eztabaidatzeko, baina Otaegik erantzun dio biktimek hala nahi izan ezkero soilik deituko duela batzordea.
Zure interesekoa izan daiteke
36 urteko euskal mendizale bat larri zauritu da Asturiasen, eskalatzen ari zela harkaitz bat erorita
Antza denez, harria emakumea zegoen tokitik 300 bat metrora goragotik erori da. Garezurreko traumatismo larria izan du, eta Asturiasko Unibertsitate Ospitale Nagusira (HUCA) eraman dute.
Epailearen aurretik igarotzeko zain jarraitzen du Azpeitiko ustezko hiltzaileak
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, larunbat goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du Ondarroako ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.
Ehunka lagunek harrera egin diote Freedom Flotillako ontziari Euskadin
Asteartera arte (hilak 8), Euskadin egoteko asmoa du. Egun horretan, Vigora abiatuko da, eta, ondoren, Mediterraneoko beste hainbat gunetara jarraituko du. Ontziak Bilbon egingo duen egonaldian, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, emanaldiak, Palestinako azoka eta flotillako aktibistekin prentsaurrekoa.
25 urteko emakume bat atxilotu dute Eltziegon, bikotekidea harrapatzea leporatuta
Etxeko indarkeriaren esparruan hilketa-saiakera delitua egotzi diote. Gertaera larunbat goizean jazo da, 07:30ak aldera. Atxilotua polizia-etxera eraman dute eta, eginbideak amaitu ondoren, epailearen esku utziko dute.
20 urteko mutil bat hil da Lekeitioko Antzar Egunean, hesi batetik erorita; ospakizuna bertan behera utzi dute
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.
4.000 pertsona inguru bildu dira Donostiako Sagardo Egunean
Gipuzkoako 32 sagardotegitako sagardoak dastatzeko aukera eskaini dute. Trikitilari eta bertsolarien musikaz girotu dute eguna. Une hunkigarrienetako bat Jabier Ansorena eta Marian Matasen omenezko ekitaldia izan da.
Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen
Irungo Udalak Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du irailaren 5a, Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitu dituzte gaur.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Urdulizen, hiru pertsonari botilak jaurtitzea leporatuta
06:20 aldera jazo da erasoa, metro geltokitik gertu. 200 bat lagun bildu dira inguruetan. Atxilotua aurretik ere atxilotu dute antzeko gertakariengatik.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikan, 14 urteko neska haurdun bat ezkontzera behartzea egotzita
Hiru atxilotuak (adingabearen gurasoak eta 27 urteko gizon bat) behin-behinean aske utzi ditu epaileak. Hala ere, auzitegira joan beharko dute deitzen dituztenean. Halaber, 17 urteko mutil baten bila ari dira, haurraren ustezko aita, baina ez dute aurkitu.