Espainiako Gobernuak Estatutu Markoaren erreforma onartu du, medikuen oposizioa gorabehera
Onarpena ia lau urteko negoziazioen ondoren iritsi da; medikuen sindikatuek aurka jarraitzen dute eta grebarako deialdiari eutsi diote.
Ia lau urteko negoziazioen ondoren, Espainiako Gobernuak osasun zerbitzuetako langileen estatutu markoa eraberritzeko lege aurreproiektua onartu du gaur, Ministroen Kontseiluan. Araudi horrek Osasun Sistema Nazionaleko 700.000 profesionalen baino gehiagoren lan baldintzak arautzen ditu.
Osasun Ministerioak erreforma babestu du, argudiatuta duela bi hamarkada baino gehiago indarrean dagoen legeria eguneratzeko eta osasun sistemaren egungo beharretara egokitzeko balioko duela. Hala ere, medikuen sindikatuek ez dute ontzat jo, eta greba deialdiari eutsi diote. Haien esanetan, erreklamazio nagusiak ez dira aintzat hartu.
Lanaldia murriztu, guardiak aldatu
Erreformaren neurri nagusietako bat da asteko gehienezko lanaldia 45 ordura murriztea. Europako araudiak ezarritako 48 orduko mugaren azpitik geratuko da, beraz. Horrez gain, 24 orduko guardiak desagerraraziko dituzte, eta profesional batek ezin izango du 17 ordutik gora egin etenik gabeko lanaldi eraginkorrean.
Atsedenaldiei dagokienez ere aldaketak izango dira. Langileek gutxienez hamabi orduko atsedenaldi jarraitua izango dute lanaldi baten eta hurrengoaren artean, eta, gainera, astean behin gutxienez 24 orduko atsedenaldia hartu beharko dute, eguneroko atsedenari gehituta. Bestalde, guardien ondoriozko atseden egunek ez dute ordu zorrik sortuko; hortaz, ezin izango dira gero ohiko lanaldien bidez konpentsatu.
Behin-behinekotasunaren aurka
Osasun Ministerioaren arabera, erreformaren beste ardatz nagusietako bat behin-behinekotasuna murriztea da. Horretarako, hutsik dauden lanpostuetan egiten diren aldi baterako izendapenak gehienez hiru urtera mugatuko dituzte, eta hautaketa prozesuak gutxienez bi urtean behin deitu beharko dira.
Halaber, aldi baterako kontratazioaren erabilera abusiboa izan den kasuetan, langileek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute: lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko soldata finkoaren parekoa.
Etorkizuneko legeak ikertzaile estatutupeko langilearen figura ere jasoko du. Doktoretza duten profesionalei zuzenduta egongo da, eta lanaldiaren erdia gutxienez osasun arloko ikerketara bideratu beharko dute. Horrez gain, adingabeak zein mendeko senideak zaintzen dituztenentzako bateragarritasun neurriak jasotzen ditu testuak; deskonexio digitalerako eskubidea aitortzen du, eta erasoen zein diskriminazioaren aurkako babesa indartzen du.
Aurreproiektua jendaurreko informazio eta entzunaldi fasera igaroko da orain, Gorteetara bidali aurretik. Bien bitartean, medikuen sindikatuek salatu dute beren eskaera nagusiak —besteak beste, medikuentzako estatutu propioa, guardien araubidea erregulatzea, soldatak hobetzea eta erretiro malgua— ez direla aintzat hartu, eta gatazkak zabalik jarraitzen du.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera