Iruñea prest eta gori-gori sanferminei ekiteko
Jaiari hasiera emango dion ekitaldiko gonbidatuen artean egongo dira, Maria Chivite Nafarroako presidentearekin batera, Imanol Pradales lehendakaria (karguan dagoela joango den lehenengo lehendakaria) eta Pello Reparaz Zetakekoa, besteak beste. Txupinazoa eta entzierroak zuzenean jarraitu ahal izango dira Orainen eta ETB1en.
Sanferminetako txupinazoa. Argazkia: Europa Press
Iruñea prest dago gaur eguerdian 2026ko sanferminei hasiera emateko. Txupinazoa 12:00etan jaurtiz, 9 eguneko, 204 orduko, jai etengabeari ekingo diote. Aurten, giro onaren beroari faktore klimatikoa gehituko zaio; izan ere, jaia bero bolada betean hasiko da, eta tenperatura astelehenean 40 ºC-raino iritsiko da.
Hiriburua abisu laranjan egongo da tenperatura altuengatik. Egunean zehar termometroa 17-40 graduren bueltan ibiliko da, eta eguerdian, txupinazoaren unean, 33 gradura iristea espero da.
2026ko sanferminei hasiera emateko arduradunak Clint Jean Louis Fernandez eta Araceli Sergio Aguilera izango dira, Tafallako Larrialdi Zerbitzuko zuzendariordea eta ZIU mugikorreko erizaina, hurrenez hurren. Sanferminetako La Escalerica peñak proposatutako Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzaren hautagaitzak irabazi zuen aurtengo txupinazoa nork botako zuen aukeratzeko herri-bozketa. San Fermin jaietan larrialdietako osasun langileek egiten duten lana ikusarazteko eta nabarmentzeko modua izango da, batez ere entzierroetan gertatzen den edozein ezbeharri erantzuteko egunero egiten duten lanagatik.
Jaiari hasiera emango dion ekitaldiko gonbidatuen artean egongo dira, Maria Chivite Nafarroako presidentearekin batera, Imanol Pradales lehendakaria (karguan dagoela joango den lehenengo lehendakaria) eta Pello Reparaz Zetakekoa, besteak beste.
Iruñeko Udalak hirian banatuko dituen sei pantaila erraldoietan ere jarraitu ahal izango da txupinazoa (baita Orain-en eta ETBn ere). Pantaila erraldoikein "eskuragarriago" egin nahi dute txupinazoa, jende andana pilatzen den lekuetara joan behar izan gabe. Pantailak Gazteluko plazan, Foruen plazan, Antoniutti parkean, Yamaguchi plazan, Arrotxapeko Anelier pasealekuan eta Txantreako Arriurdiñeta plazan egongo dira.
2026ko Sanferminek 516 ekitaldi izango dituzte uztailaren 6tik 14ra. Aurten haur-programazioaren eta jaiaren "deszentralizazioaren" aldeko apustua egin dute, hiriko hainbat auzotara emanaldiak, jolasak eta sorpresak eramanez. Nobedade nagusi gisa, uztailaren 12an, igandean, Aniztasunaren Eguna ospatuko da, Mazedonia - Kulturen Kalejira tradizionalarekin. Gainera, Sarasateko agertokia San Jose plazara lekualdatu da, eta bertan jota jaialdiak eta kultur arratsaldeak izango dira. Azkenik, abereen feria uztailaren 11n izango da, larunbatean, uztailaren 7aren ordez.
Txupinazoaren ondoren, musikak beteko ditu hiriko kaleak txaranga eta banden irteerekin. Antoniutti parketik, Udaletxe plazatik eta San Frantzisko plazatik abiatuko dira. Galtzagorri, Ziripot eta Maestro Bravo talde herrikoiak girotuko dituzte kaleak. 13:30ean, Foruen plazan, Amaiur, Ardantzeta, Basakaitz, DanTXaldi, Duguna, Eluntze, Harizti, Iruña Taldea, Larratz, Mikelats, Muthiko Alaiak, Oberena, Ortzadar eta Txori Zuri taldeek parte hartuko dute folklore jaialdian.
17:00etan, erraldoien eta buruhandien irteera izango da autobus geltokian, eta, 18:30ean, burtzien zezenketa zezen-plazan.
23:00etan, Su Artifizialen Nazioarteko XXV. Lehiaketaren lehen bildumaren txanda izango da. Hugo Salgado Alvarezen 'Con afouteza nos Sanfermíns' ikuskizunaz gozatu ahal izango da, Josman Pirotekniaren eskutik (Ourense).
Isabel Aaiun arduratuko da, 21:30ean, Gaztelu Plazako agertokiko lehen kontzertuaz. Ondoren, 23:45ean, su artifizialen ondoren, 70eko hamarkadako Boney M talde mitikoak hartuko dio lekukoa, Maizie Williams tartean dela. Bestalde, 23:30ean, Lucia Salas & J.Beren arituko da Foruen Plazako agertokian; Edelweiss Orkestra Gurutzeko Plazan; eta Versus Orkestra Antoniuttin.
Uztailaren 7an, San Fermin egunean, zortzi entzierroetako lehena izango da, Fuente Ymbroren zezenekin. Ondoren, hilaren 8an, Jose Cebada Gago ganadutegia; 9an, Victoriano del Rio Cortes; 10ean, Alvaro Nuñez; 11n, Jose Escolar Gil; 12an, La Palmosilla; 13an, Miura; eta 14an, Jandilla.
Txupinazoa eta entzierroak Orain eta ETB1en jarraitu ahal izango dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera