Animalia basatiak erabiltzen dituen zirku batek polemika piztu du Urruñako herritarren artean
Zirkua abuztuaren 16an jarri zen Udalaren baimenik gabe, eta larunbat honetara arte ikuskizunak eskainiko ditu arratsaldero.
Urruñako bizilagunak haserre daude ikuskizunetan animalia basatiak erabiltzen dituen zirku bat herrian jarri delako. Zirkua abuztuaren 16an iritsi zen herrira, eta inguruko nekazari bati lursail pribatu bat alokatu zion, Udalari dagokion baimena eskatu gabe.
Frantziako Estatuan oraindik ez dago galarazita zirkuko ikuskizunetan animalia basatiak erabiltzea —debekua 2029an sartuko da indarrean—, baina bizilagunak haserre daude animaliak ikuskizun horretan erabiltzeagatik.
Zirkua iragartzeko kartelak jartzeko moduak ere ezinegona sortu du herritarren artean. Izan ere, kartel ugari modu desegokian eta horretarako prestatutako guneetatik kanpo jarri izana leporatu diete antolatzaileei.
Herrian eta sare sozialetan sortutako polemika gorabehera, zirkuak egunero eskainiko ditu ikuskizunak larunbat honetara arte.