50 pertsona zauritu dira Noaingo txupinazoan hainbat suziri lehertuta
Hiru erietxera eraman dituzte erredurekin eta horietako biri alta eman diete arratsaldean. Beste 47 lagun lekuan bertan artatu dituzte. Nafarroako udalerri horretako jaiek aurrera jarraitzen dute.
Noaingo jaiei hasiera emateko txupinazoan zenbait suzirik eztanda egin dute eta 50 pertsonak zauriak jasan dituzte.
Hiru lagun ospitalera eraman dituzte erredurekin. Horietako biri alta eman diete arratsaldean zehar. Hirugarrenak ingresatuta jarraituko du eskuetan erredurak dituelako baina egonkor aurkitzen da.
Horre gainera, beste 47 lagun artatu dituzte lekuan bertan, batez ere erreduren ondorioz eta eztandak eragindako trauma akustikoagatik.
12:00ak aldera jazo da ezbeharra. Hainbat suzirik Elortzibarko udaletxeko balkoiaren barruan su hartu dute. Ondorioz, leherketa izan da jende ugari zegoen eremu batean.
Gertakariak larrialdi egoera eragin du, eta larrialdi zerbitzuek, segurtasun indarrek eta osasun-langileek azkar esku hartu behar izan dute.
Elortzibarko Udalak jakinarazi duenez, zauritu guztiak arriskutik kanpo daude.
Testuinguru horretan, Guardia Zibila gertatutakoaren nondik norakoak ikertzen ari da udaletxe barruan, material piroteknikoaren lehertzearen arrazoi zehatzak argitzeko.
"Lore-sorta bat bezala"
Oscar Montero kamerariak, ezbeharraren unean udaletxeko balkoian zegoen zaurituetako batek, EITBri azaldu dionez, badirudi giza akats bat izan dela, pertsona batek eskuan zeramatzalako suziriak, "babesik gabe", lore-sorta bat balitz bezala, denak batera.
Era berean, Guardia Zibilak adierazi du lehergailu-mota horiek "arriskutsuenak" direla eta segurtasun-protokolo oso zorrotza behar dutela, adibidez, 15 metroko segurtasun-distantzia mantentzea, baina gaur egun ez da horrelakorik mantendu.
Bestalde, Mikel Navarro alkateak azaldu duenez, bigarren suziriaren metxa piztu dutenean, hura deskontrolatu egin da eta gainerako lehergailuei su eman die.
Jaiak, aurrera
Elortzibarko Udalak lasaitasun mezua helarazi die herritar guztiei eta, bereziki, zaurituei eta haien familiei. Era berean, eskerrak eman dizkie auzotar eta bisitari guztiei, emandako laguntzagatik eta erakutsitako ulermenagatik.
Era berean, esker ona eta aitortza helarazi dizkie lehen unetik laguntza eta elkarlana eskaini duten boluntario guztiei.
Larrialdia artatu eta segurtasuna bermatu ondoren, "Noaingo jaiek aurreikusitako egitarauarekin eta normaltasun osoz jarraituko dute".
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera