Erresuma Batuak Europar Batasuna uztea erabaki du
Badoaz, eurek hala erabakita. Erresuma Batuak Europar Batasuna uztea erabaki du 2016ko ekainaren 23ko erreferendum historikoan. Erabakiak jada krisian zegoen europar proiektua hankaz gora jarri du, eta oraindik zehazteke dauden ondorio ekonomikoak izango ditu. Europar Batasunak estatu kide garrantzitsuenetako bat galdu du. Boto guztiak zenbatuta, boto-emaileen % 51,9k ?17,41 milioi herritar? 'Leave' (Europar Batasuna uztea) bozkatu dute, eta % 48,1ek ?16,14 milioi? 'Remain'en (Batasunean geratzea) alde egin dute. Parte hartzea historikoa izan da: % 72,2koa.
Inkestek ziotenaren kontra, 'Brexit'a gailendu da. Europar Batasuna uztearen aldeko kanpainaren bozeramaile nagusia izan den Nigel Farage UKIP eskuin muturreko alderdiko buruzagiak ekainaren 24a "independentziaren eguna" dela azpimarratu du. Euforia horri kontrajarriz, diru merkatuek gorrian ekin diote egunari, emaitzek ekonomian eragin dezaketen hondamendiaren lekuko.
David Cameronen dimisioa
Ondorio ekonomikoez gain, lurrikara politikoa eragin du 'Brexit'ak. Astinduak Downing Street kaleko 10. zenbakian izango du epizentroa, David Cameron lehen ministroak urrian dimisioa emango duela iragarri baitu. "Europar Batasunarekin egin beharreko negoziazioak beste lehen ministro batek egin beharko ditu", esan du.
Atzo 'Brexit'aren aldeko kanpaina egin duten diputatu kontserbadoreen % 60k Cameronen jarraipena eskatu zuten eskutitz bidez. Gaur ezagutu den emaitzak, ordea, aukera gabe utzi du Cameron.
Nigel Farage UKIPeko buruak haren dimisioa eskatu du ordu batzuk lehenago.
Emaitzak, eskualdeka
Parte hartze historikoa izan da erreferendumean, %72,2koa; 1992az geroztik izandako handiena, eta 1975eko plebiszituan (Europako Ekonomia Elkargoa zenean geratzearen inguruan egin zen galdeketa) izandakoa baino sei puntu gehiago. Gaua Europar Batasunean geratzearen aldeko emaitzekin hasi badute ere, emaitzak irauli egin dira, eta 'Brexit'a gailendu da azkenean.
Eskualdeka, Eskoziak eta Ipar Irlandak Europar Batasunean jarraitzearen alde bozkatu dute (% 62k eta % 55,78k, hurrenez hurren). Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak adierazi duenez, emaitzek "argi utzi dute eskoziarrek Europar Batasunaren baitan ikusten dutela euren etorkizuna". Alex Salmond karguan haren aurrekoak ere uste du bere alderdiak independentziaren inguruko beste galdeketa bat bultzatuko duela.
Bestalde, Declan Kearney Sinn Fein alderdiko presidentearen iritzian, 'Brexit'ak "Ipar Irlandako egoera politikoa errotik aldatu du. Erreferenduma deitzearen aldeko kanpaina indartuko du gure alderdiak", esan du.
Urteak iraun dezakeen prozesua, abian
Ziurgabetasun horiei guztiei, beste bat erantsi behar zaie: 'Brexit'a gauzatzeko prozesua. Urteak eman ditzakete horretan, izan ere, Cameronek berak aitortu zuen ez zuela B planik.

'Leave' (EB uztearen aldeko aukera) babesten zuten britainiarrak, garaipena ospatzen. EFE
Kide batek Europar Batasuna uzteko eskubidea eta jarraitu beharreko prozedura Lisboako Itunaren 50. artikuluan jasotzen da. Horren arabera, estatu kideak EB uzteko borondatea jakinarazi behar du aurrena.
Batasuna uzteko prozesuak, dena den, luze jo dezake. Erresuma Batuak ez du zertan eskaera berehala egin, eta 'Brexit'aren aldekoek eurek apur bat itxarotearen alde egin dute
Epeak zehaztuta dauden arren, Europar Batasuneko gainerako 27 kideek dute azken hitza, eta prozesua dezente luza daiteke. Europar Zuzenbidean aditu direnek diotenez, negoziazioek 10 urte iraun dezakete, eta 'Brexit'aren aldekoek aitortu dute gutxienez lau urte beharko dituztela.
Testuinguru honetan, EB uzteko prozesua "lehenbailehen" hasteko eskatu dio Europar Batasunak Erresuma Batuari, "ziurgabetasuna arrazoi gabe luza ez dadin".
"Prozesua mingarria izango dela jakinda ere, Erresuma Batuko Gobernuak britainiarren erabakia lehenbailehen gauzatzea espero dugu. Atzeratzeak ziurgabetasuna arrazoi barik luza lezake", adierazi dute EBko buruzagiek adostutako agiri batean.
Merkatuen eta Europaren erantzuna
'Brexit'aren garaipenak astindu gogorra eragin du diru merkatuetan. Libera esterlina 1985eko mailara jaitsi da, eta horrek Ingalaterrako Bankuaren esku-sartzea ekar lezake. Finantza erakundeak emaitzak ezagututa adierazi duenez, diruaren egonkortasuna eta Erresuma Batuaren finantzen osasuna bermatzeko "eman beharreko pauso guztiak" emango ditu.
Dolarrarekin alderatuta, % 8,61 galdu du liberak (1,36 dolar balio du), eta % 3,4 galdu du euroak.
Burtsetan ere gainbehera eragin du Erresuma Batuaren erabakiak.
Europari eta Europar Batasuneko agintariei begira ere badago mundua. Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak bilera deitu du gainerako 27 kideekin ekainaren 28 eta 29rako. Egun horietarako, EBren goi-bilera dago deituta, eta hitzordua baliatuta, beste bilera bat egitea proposatu du Tuskek. Helburua "Europar Batasunaren etorkizunaz gogoeta egitea" da, Tusken esanetan.
Cameronekin batera eguneko protagonista izan daitekeena ere mintzatu da eguerdian. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea "oso triste" agertu da kazetarien aurrera, baina azpimarratu du 'Brexit'a ez dela EBren azkena izango. Banaketak eragindako ziurgabetasunaren aldia "larregi" ez luzatzea espero duela esan du buruzagiak.

Juncker, ikusmin handia eragin duen prentsaurrekoan. EFE
Bestalde, Europako Parlamentuak aparteko osoko bilkura egingo du ekainaren 28an, asteartez, Martin Schulz erakunde horretako presidenteak iragarri duenez.
Asmoa ebazpen bat adostea da, "erreferendumaren emaitza kontuan hartuta, eta Europako erakundeek, batez ere Ganberak, jarraitu beharreko pausoen inguruan".
EBren eta Erresuma Batuaren arteko harremanak, zalantzan
'Brexit'a gauzatuta, Erresuma Batuak EBrekin zer-nolako harreman ekonomikoa izango duen da galdera garrantzitsuenetako bat. Lehendabizi, 27 herrialdeen Ekonomia ministroak ados jarri beharko dira, gero estatu kideek babestu beharko dute akordioa, eta, ondoren, Europako Parlamentuak eta Erresuma Batukoak onetsi beharko dute.
Immigrazioa izan da 'Brexit'aren aldekoen argudio nagusia. Europar Batasunaren baitan geratzeak EBko herritarren zirkulazio askea dakar. EBtik kanpo geratuta, "arazo" hori konponduta legoke, baina EBri esker lortutako itun ekonomikoak ere bertan behera geratuko dira, eta Erresuma Batua merkatu erkidegotik kanpo legoke.

Nigel Farage, 'Brexit'aren aldeko aurpegi ezagunena, pozaren pozez. EFE
'Brexit'aren aldekoen artean, zatiketa dago gai honen inguruan. Batzuen ustez, berehala atera behar da Erresuma Batua; beste batzuen aburuz, posible izango litzateke bertan jarraitzea. Herrialdeen arteko itun ekonomikoak adostearen alde egin dute dezentek.
Gai ekonomikoaz gain, beste auzien puzzlea osatzea ere zaila da. Itun komunitarioekin betetako 80.000 orrialde baino gehiago berrikusi behar dituzte.
Erresuma Batuaren baitan, nazioen krisia ere eragin dezake 'Brexit'ak; Eskozia eta Ipar Irlanda, horren lekuko.
Aurrekaririk gabeko prozesua
Ataka mardula edukiko dute Erresuma Batuko eta EBko buruek, beraz. Aurrekaririk gabeko prozesua burutu beharko dute. Antzeko prozesu bat izan zen duela 30 urte, baina ezberdintasun handiak daude: Groenlandia, estatu ere ez den Danimarka barruko lurralde autonomoa, 1985ean atera zen Europako Ekonomia Erkidegotik.
Horri guztiari gainerako 27 estatuek Erresuma Batuari egingo dioten harrera batu behar zaio. Hoztasuna eta presioak aurreikusi dituzte adituek.
Bada gehiago, 'Brexit'ak 'domino efektua' eragin baitezake gainerako kideen artean. Populismoaren mamua Europatik hedatuko den beldur dira asko eta asko.
Zure interesekoa izan daiteke
Ukrainak Errusiarekin hitz egin nahi izatearen "seinale batzuk" jaso dituela azpimarratu du Putinek
Errusia "gatazka bide baketsuan amaitzeko" prest dagoela azpimarratu du, "joan den ekainean Atzerri Ministerioaren aurrean azaldu nituen printzipioetan oinarrituta" eta "gatazka eragin zuten jatorrizko arrazoiak ezabatuz gero".
AEBko Gobernuak Epstein pederastaren artxibo klasifikatuak argitaratuko ditu ostiral honetan, partzialki bada ere
Pasa den azaroan, AEBko Ordezkarien Ganberak Trumpen gobernua Jeffrey Epstein pederastaren artxiboak sekretupetik ateratzea behartzen duen legea onartu zuen. Lege-testuaren arabera, material hori "kontsultatzeko eta deskargatzeko" moduan egon beharko da.
Europar Batasunak 90.000 milioi euroko mailegua emango dio Ukrainari, zor bateratuaren bidez finantzatuta
Momentuz, 27 herrialdeetako agintariek ez dituzte aktibo errusiarrak erabiliko Ukraina finantzatzeko.
EBk akordioa iragarri du asilo-eskatzaileak "hirugarren herrialde seguruetara" deportatzea errazteko
Europako Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren arteko behin-behineko akordioak babes-eskaerak ez onartzeko kasuistikak zabalduko ditu.
Ospea minimoetan duela, Trumpek bere lorpenak puztu ditu nazioari egindako diskurtso batean
Ia egunero egiten dituen agerraldi publikoetan esaten dituen gauza asko errepikatuz hasi du hitzaldia agintariak: etorkinei eta Joe Biden bere aurrekoaren gobernuari eraso egin die, eta hilabete gutxi batzuetan AEBk "okerrenetik onenera" egin dutela ziurtatu du, deportazioak egin dituelako, mugaetako kontrolak zorroztu dituelako eta beste herrialde batzuen aurka muga-zergak ezarri dituelako.
Venezuelak, AEBri: "Ez duzue gure petroliorik izango, ez oparituta, ezta lapurtuta ere"
Etxe Zuriak atzo adierazi zuenez, AEBk sortu zuen Venezuelako petrolio-industria, eta Caracasen 1976an industria hori nazionalizatzea, estatubatuarrei inoiz egindako "lapurretarik handiena" izan zen.
Alemaniak umeei hilean 10 euro ematea onartu du, erretiro-pentsioetan aurrezteko
"Goiz hasteko pentsioa" delakoa Alemaniako Gobernuak abian jarri duen pentsio sistema pribatuaren erreforma sorta zabalago baten parte da.
Frantziako Barne Ministerioaren aurkako zibererasoa egin eta dozenaka artxibo konfidentzial lortu dituzte
Laurent Nuñez Barne ministroak adierazi duenez, aurrekari penalen (TAJ) eta pertsona bilatuen (FPR) fitxategietara sartu dira hackerrak. Pariseko Fiskaltzak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko.
Venezuelan sartu eta irteten diren petrolio-ontziak erabat blokeatzeko agindu du Trumpek
AEBko presidenteak nabarmendu duenez, "Maduroren erregimen ez-legitimoa lapurtutako petrolioa erabiltzen ari da narkoterrorismoa, pertsonen trafikoa, hilketak eta bahiketak finantzatzeko, besteak beste".
Bondiko atentatuaren ostean, armen gaineko legeak gogortu egingo dituztela iragarri du Australiak
Australiako Gobernuak erantzun dio igandean Bondi hondartzan izandako erasoari, eta iragarri du aldaketak egingo dituztela armei buruzko legedian, kontrolak indartzeko. Sydneyn 16 pertsona hil zituzten.