Ekialde Hurbila gerraren laugarren astean sartu da, eraso artean eta Ormuzko itsasarteari begira
Israelek eta Iranek bonbardaketak areagotu dituzte, munduko energia garraioari buruzko ziurgabetasuna handitzen ari den bitartean. AEBk merkatua ireki dio, aldi baterako, Irango petrolio gordinari, eta ez du argitu Ormuzen esku hartuko duen ala ez.
Israelek Beiruten egindako eraso baten ondorioak. Argazkia: EFE
Ekialde Hurbila gerraren laugarren astean sartu da, deseskalatzeko inolako itxurarik gabe, Israelen eta Iranen arteko erasoak areagotzen ari direnean, Ormuzko itsasartean arreta berezia jarrita.
Larunbat goizaldean, Israelek eraso gehiago egin ditu Beiruten eta Teheranen. Israelgo Defentsa Indarren hitzetan, lehen erasoak Hezbollah talde xiitaren posizioen aurka egin dituzte, Libanoko hiriburuko hegoaldeko hainbat auzotan.
Ordu batzuk geroago, "Irango erregimenaren jomugak" bonbardatzeko olde berri bat iragarri dute Teheranen eta herrialdeko beste hainbat tokitan, Isfahanen kasu.
Iranen erantzuna
Iranek AEBren eta Israelen interesen aurkako eraso koordinatu batekin erantzun die eraso horiei. Guardia Iraultzaileak esan du estatubatuarren bost base militar bonbardatu dituela Saudi Arabian, Arabiar Emirerri Batuetan, Kuwaiten, Iraken eta Bahrainen, eta eraso gehiago egin dituela Tel Aviven eta Haifan.
Herrialde horietako agintariek adierazi dute droneak eta misilak atzeman dituztela azken egunotan. Testuinguru horretan, Abolfazl Shekarchi Irango bozeramaile militarrak ohartarazi du AEBko eta Israelgo kargudunak "munduko edozein lekutan" harrapatuko dituela.
Energia krisia
Tentsio militarraren gorakadarekin batera, AEBko Gobernuak neurriak hartu ditu gerraren eragin ekonomikoari eusteko. AEBko Altxorraren Departamentuak baimena eman du, aldi baterako, itsasontzietan kargatutako Irango petrolioa salerosteko, energiaren prezioa egonkortu eta nazioarteko merkatura milioika upel gehitze aldera.
Saman Ghodousi Irango Petrolio Ministerioko bozeramailearen hitzetan, "herrialdeak ez du petrolio soberakinik nazioarteko beste merkatu batzuk hornitzeko", eta "erosleei itxaropena ematea eta merkatuaren psikologia kontrolatzen saiatzea" egotzi dio Trumpi.
Donald Trump AEBko presidentearen arabera, aliatuek eskatuz gero soilik esku hartuko du nabigazioaren segurtasuna bermatzeko, baina balizko operazio hori "erraza" izango da Washingtonentzat.
Bestalde, Iran bide estrategiko horren inguruan duen jarrera zehazten saiatu da. Abbas Aragchi Atzerri ministroaren hitzetan, Teheranek ez du itsasartea itxi, baina mugak ezarri dizkie erasoetan parte hartu duten herrialdeetako ontziei. Horren arabera, bere herrialdea prest dago herrialde batzuetara joan-etorri segurua bermatzeko, baldin eta aldez aurretik koordinazioa badago.
Instalazio nuklear baten aurkako erasoa
Iranek larunbat honetan salatu duenez, Israelek Natanzeko uranioa aberasteko gunearen aurkako erasoa egin du, baina ez omen da material erradioaktiborik isuri.
"Natanzeko Shahid Ahmadi Roshan uranioa aberasteko konplexuari eraso diote gaur goizean", jakinarazi du Irango Energia Atomikoaren Erakundeak, IRNA agentziak ohar baten bidez zabaldu duenez.
Erakunde horren iritzian, eraso hori "nazioarteko legeen eta konpromisoen aurkakoa da, Ez Ugaltzeko Ituna barne", baita segurtasun nuklearrarekin lotutako beste araudi batzuen aurkakoa ere.