Oposizioko alderdiak elkarlanean arituko dira akordiorik gabeko 'brexit'a saihesteko
Erresuma Batuko oposizioko talde parlamentarioek elkarlanean aritzea adostu dute datorren urriaren 31an Europar Batasunetik akordiorik gabe ateratzea saihesteko.
Jeremy Corbyn buruzagi laboristak antolatu du bilera. Eskoziako SNP alderdi abertzalea, Change UK, Plaid Cymru eta Alderdi Berdea izan dira batzarrean. Topaketa "eraginkorra" izan dela eta aurrerantzean bilera gehiago egingo dituztela adierazi dute ohar batean.
Aipatu alderdiek ohartarazi dute Boris Johnson lehen ministro britainiarra "bide ez demokratikoak erabiltzeko prest" egongo litzatekeela Europar Batasunetik itunik gabe ateratzeko.
Horrela, bada, premiazkotzat jo dute akordiorik gabeko brexit-a ekiditeko "bide praktikoak" aurkitzea eta, ildo horretan, lege berri bat onartzea edo zentsura-mozio bat aurkeztea aipatu dituzte.