Krakoviako erasotzailearen etxean aurkitutako gorpuak haren gurasoak eta arreba dira
Balantze ofizialaren arabera, sei pertsona hil dira eta 16 zauritu; horien artean, bi polizia-agente eta erasotzailea bera daude. Azken hori "egoera kritikoan" dago, eta ebakuntza egin berri diote, bigarren aldiz.
Poliziaren esku-hartzea Krakoviako erasotzailearen familia-etxebizitzan, Ostrowiec Swietokrzyskiren. Argazkia: EFE
Larunbat arratsaldean Krakoviako Plaza Nagusian izandako erasotzailearen etxean hiru gorpu topatu dituzte; haren gurasoak (53 eta 52 urte) eta arreba (20 urte), Andrei Fiyolek Poloniako Poliziaren bozeramaileak jakitera eman duenez. Hirurek bala zauriak zituzten, eta, lehen hipotesien arabera, haien ondorioz hil dira.
Gorpuak larunbat gauean bertan aurkitu zituzten, familiak Ostrowiec Świętokrzyski udalerrian (Ostrowiec barrutian) duen etxebizitzan, Krakoviako ipar-ekialdean. Horren berri izan aurretik, Donald Tusk Poloniako lehen ministroak adierazi du biktimak susmagarriaren hurbilenekoak izan zitezkeela.
Erasotzailea, 24 urtekoa, 15:00ak aldera sartu zen Krakoviako Plaza Nagusian, abiadura handian zihoan ibilgailu batekin. Maskara bat eta uniforme bat jantzita, inguruan zeuden pertsonen aurka tiroka hasi zen. Horrek izua piztu zuen, eta oinezkoak aterpe bila joan ziren inguruko kafetegi, jatetxe eta eraikinetara.
Guztira sei pertsona hil dira eta 15 zauritu; horien artean, bi polizia-agente eta susmagarria bera, "egoera kritikoan" dagoena. Gainera, zauritutako hainbat pertsona egoera larrian edo kritikoan daude.
Testuinguru horretan, eraso horren atzean dauden arrazoiak ikertzen jarraitzen dute. Marcin Kierwinski Barne ministroak adierazi duenez, lehen ikerketen arabera, susmagarriak "oso iritzi erradikalak" zituen, baina oraingoz ez dute motibazio zehatzik eman.
Hipotesietako bat da gurasoen etxean lortu zuela arma, aitak arma-baimena baitzuen.
Gertatutakoaren larritasunaren aurrean, Karol Nawrocki Poloniako presidenteak azaroaren 8a eta 9a dolu egun nazional bezala ezartzen dituen dekretua sinatu du. Tuskek ere babestu du neurria, eta iragarri du "igandea eta astelehena dolu nazionaleko egunak" izango direla Polonian.