Zertan ahaleginduko da Boris Johnson?
Jeremy Corbyn buruzagi laborista, ez da erori Boris Johnson lehen ministroak ezarritako tranpan. Corbynek hilabeteak daramatza hauteskundeak aurreratzea eskatzen eta Johnsonek atzo hauteskunde horiek urriaren 15erako deitzea proposatu zion.
Baina hauteskundeak egun horretarako deituta, ezinezkoa izango zen brexit basatia ekiditea, akordiorik gabe urriaren 31ean Europako Batasunetik irtetea alegia. Horregatik Corbynek erabaki du lehenik eta behin atzo Parlamentuak onartutako legea martxan jarri behar dela, akordiorik gabeko brexita galarazten duena, eta ondoren egingo direla hauteskundeak.
Hauteskundeak, beraz, berandu baino lehen egingo dira, Johnsonen jarrera jada eutsiezina bait da. 3 bozketa segidan galdu ditu, bere alderdiko 21 diputatu kontserbadorek bere kontra bozkatu dutelako. Johnsonek guztiak kanporatu ditu, beraz une honetan talde parlamentario kontserbadorea argi eta garbi gutxiengoan dago.
Johnsonek ahalegin guztiak egingo ditu urriaren 31era iristeko; ezin da erabat baztertu Parlamentuak onartu berri duen legea ez betetzen saiatzea ere. Baino beste trikimailuren bat ba ote du gordeta? Horren berri eman ote zion Biarritzen Donald Trumpi? Kezkagarria da Trumpek atzo jarri zuen txio hori: “Nere laguna da eta ez dago zalantzarik lortuko duela. Borisek badaki nola irabazi, ez berarengatik kezkatu”.