Agur labur bezain jendetsua jaso du Aleksei Navalnik Moskun, segurtasun neurri zorrotzekin egin den hiletan
Aleksei Navalni Errusiako oposizioko buruari lur eman diote dagoeneko Moskuko Borisovoko hilerrian.
Duela bi aste espetxean hil zen Errusiako oposizioko buruaren gorpua zeraman hilkutxa eguerdian iritsi da Moskuko Mariino auzoko elizara, azken agurra emateko.
Hilkutxa iritsi denean, elizaren aurrean bildutako politikariaren milaka jarraitzaileek txaloka hartu, eta haren izena oihukatu dute. "Zu ez zinen beldur, eta gu ere ez", oihukatu dute askok.
Navalnik maiz erabiltzen zuen mezu hori, bidegabekerien aurrean beldurrik izan ez zezaten eskatzeko bere jarraitzaileei.
Eguerdia pasatuta zela hasi da hileta-elizkizuna, eta hilbeilak ordu erdi eskas iraun du.
Hilbeila horren laburra izanik, tenpluaren inguruan bildutako milaka herritarrak ezin izan dira Navalniren aurretik pasatu hari azken agurra ematera, eta hilkutxa atera denean loreak bota dizkiote hilkutxa zeraman autoa pasatzean eta haren atzetik abiatu dira, Borosivorantz. Manifestazio itxura hartu du hilerrirainoko ibilbideak, askok eta askok altxatu egin baitituzte eskuetan zeramatzaten loreak, Navalniren hilobian jartzeko asmotan.
"Errusia libre izango da", "Putin gabeko Errusia", "Navalni", "Liosha (Alekseiren txikigarria), zurekin gaude" eta abar oihukatu dute jarraitzaileek hilerrira bidean.
Bertan bildutakoek barkamena eskatu diete Navalniren gurasoei, elizatik atera direnean.
Gorpuari lur eman diotenean, Frank Sinatraren "My Way" abestia entzun da hilerrian, Navalniren abesti kuttunetako bat, hiletaren zuzeneko emankizunean azaldu dutenez.
Politikariaren agurra zaintza- eta segurtasun-dispositibo zorrotz artean egin dute, zaintza-kamerak eta Interneteko eta telefonia mugikorreko seinale-inhibitzaileak tartean zirela.
Oztopoak azken unera arte
Navalniren amak, Liudmila Ivanovnak, joan den astean salatu zuen astebete baino gehiago zeramala semearen gorpua noiz jasoko zain, Errusiako agintariek ez ziotelako ematen.
Halaber, Navalniren gertukoek egunak zeramatzaten salatzen hileta egiteko eta gorpua lurperatzeko oztopoak baino ez dituztela jaso. Aurrena, ehorztetxe guztiek uko egin zioten hiletaren ingurukoak antolatzeari. Ondoren, aukeratutako egunean (otsailaren 29an) "lurperatzaile bakar bat ere ez" izatea salatu zuten. Navalniren gertukoen ustez, Errusiako Gobernuak ez zuen egun horretan egiterik nahi, Putinek estatuaren egoerari buruzko hitzaldia zuelako.
Gaur goizean bertan, hiletaren egunean, arazoak izan dituzte gorpua elizaraino eramateko.
Navalniren gertukoek gaur goizean jakinarazi dutenez, oposizioko kidearen senideak 10:00etan iritsi dira gorputegira politikariaren gorpua jasotzera, baina lehen saiakeran ukatu egin diete. Bigarrenean bai eman diete gorpua senideei, ia 11:00ak zirenean. "Gorpua ez dute entregatu orain arte", idatzi du Kira Yarmish Navalniren bozeramaileak X sarean, eta hiletaren ordutegia mantentzen zela baina "atzerapenak" egon zitezkeela ohartarazi du.
Geroago, Yarmishek beste mezu bat argitaratu du, Navalniren gorpua zeraman hileta-autoa elizara bidean zela esanez.
Bitartean, Kremlinek ostiral honetan "gogorarazi" du Errusiako legeek zigorrak aurreikusten dituztela agintariek aldez aurretik baimendu ez dituzten manifestazioetan parte hartzegatik.
Kremlinek presio eta oztopoak ukatu ditu. "Guk ez dugu horrekin zerikusirik. Kremlinek ezin du presiorik egin. Navalniren gertukoen beste lelokeria bat baino ez da", esan du Dmitri Peskov Putinen bozeramaileak.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo egin zuen hitzaldia Errusiako Parlamentuan. Ohartarazi zuenez, NATOk Ukrainara soldaduak bidaltzeak gerra nuklearra eragin lezake.
Atxiloketen beldur zen Navalniren alarguna
Hain justu, Julia Navalnaia Navalniren alarguna Europako Parlamentuan izan zen asteazkenean. Bertan adierazi zuenez, senarraren gorpua "hondatuta" zegoen, eta hiru urtez Putinen aginduz torturatu egin dutela salatu zuen.
Hiletari buruz, ohartarazi zuen bertaratuko ziren pertsonak atxilotzeko agindua eman zezaketela Errusiako agintariek. Azkenean ez da halakorik gertatu.
Egunen batean Putinek "Errusiari, Ukrainari eta Nalvaniri berari egindakoagatik erantzun" beharko duela gaineratu zuen.
Errusiako segurtasun indarrek gutxienez 56 pertsona atxilotu dituzte, tartean bi adingabe, Moskuko hiletan.
Atxilotuen jarraipena egiten espezializatutako OVD-Info gobernuz kanpoko erakundearen arabera, atxiloketak Errusiako hiriburuan egin dituzte, baita Novosibirsk, Voronezh, Nizhnevartovsk, Kazan, Tomsk, Zlatoust eta Sotxi hirietan ere, besteak beste.
Zure interesekoa izan daiteke
Iranek misilak jaurti ditu 4.000 kilometrora, Indiako ozeanoan dagoen base militar baten kontra
Batek ere ez du jo AEBk eta Erresuma Batuak bertan duten basea. Izan ere, batek hegan zihoala huts egin du, eta bestea AEBko Armadako ontzi batek geldiarazi du. Hala ere, erasoak kezka sortu du Iranek irismen handiko jaurtigaiak dituela erakutsi baitu.
Ekialde Hurbila gerraren laugarren astean sartu da, eraso artean eta Ormuzko itsasarteari begira
Israelek eta Iranek bonbardaketak areagotu dituzte, munduko energia garraioari buruzko ziurgabetasuna handitzen ari den bitartean. AEBk merkatua ireki dio, aldi baterako, Irango petrolio gordinari, eta ez du argitu Ormuzen esku hartuko duen ala ez.
Israelgo Poliziak gas negar-eragilea erabiliz sakabanatu ditu Al Aksa meskitara hurbildu diren palestinarrak
Meskita hori musulmanentzat hirugarren garrantzitsuena da. Israelek sarbidea mugatuta dauka 2023ko urriaren 7an Hamasek erasoak egin zituenetik, baina Irango gerra hasi zenetik blokeoa nabarmenagoa da; beraz, fededun asko Jerusalemgo Hiri Zaharreko harresitik kanpo elkartu dira ramadanaren amaierako otoitzak elkarrekin egiteko.
Iranek Turkiari eta Omani eraso egin izana ukatu du Khameneik, eta Israelen "bandera faltsuko operazioak" direla ziurtatu du
Irango buruzagi gorenak "harreman hobeak" izateko eskatu die Afganistani eta Pakistani "musulmanen zatiketa saihesteko", "herrialde anaiak" direlako, eta bitartekari izateko prest agertu da.
Ekialdi Hurbilean izandako azken erasoek petrolio azpiegiturak eta garraioa izan dituzte helburu
Azken orduetan ugaritu egin dira petrolio azpiegituren eta garraioen aurkako erasoak. Iranek eta Qatarrek partekatzen duten gas plantaren aurkako erasoa egin du Israelek. Iranek gogor erantzun du, misil oldea jaurtiz Bahrain, Saudi Arabia, AEB, Kuwait eta Jerusalem aldera.
EBk premiazko neurriak eskatu ditu Irango gerraren eragin ekonomikoa geldiarazteko
Europako buruzagiek energiaren prezioari buruzko berehalako neurriak eskatu dizkiote Batzordeari, eta gatazka arintzearen alde agertu dira; zenbait herrialde Ormuzko itsasartera laguntza bidaltzeko prest agertu dira.
Emakume bat hil da Suitzako Alpeetan, bera zegoen teleferikoko kabina maldan behera erorita
Ezbeharra izan da asteazken honetan Titliseko eski estazioan, Suitzako erdialdean. Teleferikoa lokabe geratu da, eta maldan behera erori da. Hildakoa zen kabinako bidaiari bakarra. Suitzako Meteorologia Bulego Federalaren arabera, istripuaren unean 100 eta 130 km/h arteko haize-ufadak zeuden.
Txertoak agortu dira eta farmaziak gainezka daude Erresuma Batuan, meningitis-agerraldi baten ondorioz
Kezka zabaldu da Erresuma Batuan. Unibertsitate-ikasleak biltzen diren Canterburyko diskoteka batean hasi da agerraldia. Dagoeneko bi pertsona hil dira, eta gutxienez 20 kutsatu dira.
Petrolio-upelaren prezioa 113 dolarrera igo da, eta gasa % 30 garestitu, Qatarko energia-azpiegituren aurka abiatutako erasoen ondorioz
Ekialde Hurbileko gatazkak merkatuak astintzen jarraitzen du: Asiako burtsek behera egin dute gogor, eta Europakoetan eguna negatiboan hastea aurreikusten da, Europako Kontseiluaren bileraren zain.
Israelek eta Estatu Batuek eraso egin diote Iranek eta Qatarrek duten munduko gas aztarnategi handienari
Iranek ohartarazi du bere azpiegitura energetikoaren aurkako erasoek "ondorio kontrolaezinak" ekar ditzaketela, eta egoera are gehiago zaildu eta mundu osoari kalte egin diezaioketela.