Israel eta Hezbollah, elkarri haginak erakusten, mundua bake eske
Lehendik zaila bazen, azken egunetan are gehiago gaiztotu da egoera Ekialde Hurbilean, zehazki Israel eta Libanoren artean, azken egunetan Israelek Libanon egindako erasoen eta Hezbollahk Israelgo lurretara egindakoen ondotik.
Bi estatuen arteko gatazka ez da berria, fase gogorragoak eta arinagoak igaro ditu 70eko hamarkadatik hona, batez ere Israelek Libanoko zatiak bereganatu nahi izan dituelako behin baino gehiagotan (esaterako, 1978an, Litani operazioarekin eta 1982an, Beiruten setioarekin).
Urte horretan, 1982an, sortu zen Hezbollah, eta Libanoko milizien artean indar handienekoa bihurtu da urteekin. Hortik aurrera, Esku-hartze operazioa 1993an eta Amorruaren Mahatsak operazioa 1996an izan dira Israelek Hezbollahri aurre egiteko abiarazi zituen kanpaina nagusiak.
Urte batzuez tentsio bare moduko batean egon ostean, bien arteko azken hilabeteetako tentsioa Isralek Gazako erasoaldia hasi eta biharamunean, urrian, piztu zen atzera. Palestinarren alde egiteko, ezinbestean jarri behar baitzuen Hezbollahk Israelen kontra. Hassan Nasrala Hezbollahko liderrak behin baino gehiagotan esan izan du azken hilabeteotan Israelek Palestinari eraso egiteari uzten dionean, orduantxe utziko diola miliziak Israeli eraso egiteari.
Kontua da, Israel iparraldean, Libanorekiko mugan, milaka israeldar (60.000, Israelen arabera) etxea uztera behartu dituztela bi indar armatuen arteko liskarrek, eta elementu horixe da, hain zuzen, Israelek Libanorekiko ekintza armatuak bertan behera uzteko jartzen duen baldintza: alde egin behar izan dutenak bertara itzuli arte ez da geldituko.
Erasoak gero eta bortitzagoak
Gauzak horrela, gero eta sarriago, urrunago eta bortitzago bilakatzen ari dira elkarren kontrako erasoak.
Irailaren 17an eta 18an, aurrekaririk gabeko eta inoiz ikusi gabeko sofistikazio teknologikoko eraso masibo bat egin zuen Israelek Libanon. Teorian, Hezbollahko kideen eskuetan zeuden ehunka gailu elketroniko manipulatu zituen, aldi berean lehertarazteko. Gailuak, baina, oso erabiliak dira telefono eta Internet sarea oso egonkorra ez den herrialde askotan (Libanon, kasurako) eta, beraz, hildakoen eta zaurituen artean baziren zibilak ere. Guztira, bi egunetan egindako erasoetan, 30 lagun baino gehiago hil eta 3.000 baino gehiago zauritu zituzten.
Hilaren 19an, Israelek 50 bonbardaketa baino gehiago egin zituen Libano hegoaldean, Armadaren esanetan, Hezbollahren "eraikin militarrak" eta "arma biltegi bat". Erasoa bere gain hartzeko igorritako oharrean, Israelgo armadak azaldu zuen, xedea "Israelgo iparraldera segurtasuna eramatea" zela, "bizilagunak etxeetara itzultzea ahalbidetzeko", Hezbollahrekin gatazka areagotu zenetik ebakuatuta jarraitzen dutenei erreferentzia eginez.
Eta jopuntua hiriburuan jarrita, Israelek Beirut bonbardatu zuen joan den irailaren 20an, eta gutxienez 50 lagun erail eta 60tik gora zauritu zituen. Erasoaren helburua Ibrahim Akil zen, Hezbollahko goi-kargudun bat, eta Israelgo Armadak hil zutela baieztatu du. Israelen arabera, Hezbollahko beste 15 goi-kargudun ere hil ditu erasoan.
Hezbollahk gogor erantzun die eraso horiei ere, eta larunbatean eta igandean dozenaka jaurtigai bota ditu Israelera, eta erasoetako bat Israelgo Haifa hiriraino iritsi da, mugatik 60 kilometrora.
Konponbidetik urrun
Katramila zenbat eta handiago, are zailagoa askatzen, eta bi indarren arteko soka aspaldian ez bezala dago nahaspilatua.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak telebistako mezu batean herritarrei azaldu dienez, "Hezbollahk pentsatu ere ezin zituen kolpeak jaso ditu egunotan", eta eraso berriak iragarri ditu, muga inguruetako erasoak amaitzen ez diren bitartean.
"Hezbollak ez badu mezua ulertu, egon ziur ulertuko duela. Ez dugu etsiko iparraldeko gure herritarrak etxeetara itzuli arte", esan du Netanyahuk.
Naim Qassem Hezbollahko idazkariordeak igandean iragarri duenez, Israelekiko "esku-hartze fase berri batean" sartu da alderdi-milizia xiita. Beiruteko erasoan hildako komandanteen hiletan esan ditu hitzok, eta gaineratu du, "erasoen ostean indartsuago" egin direla, Gaza babesten jarraituko dutela eta "tartean behin, espero duten eta ez duten tokietan", hil egingo dituztela israeldarrak.
Hlaren 19ko eraso masiboaren ostean Hassan Nasrala Hezbollahko buruzagiak ere argi hitz egin zuen, eta ohartarazi "arau guztiak hautsi" eta "marra gorri guztiak gainditu" zituela Israelek, eta ondorioz, "errepresio eta zigor bidezkoak" jasoko dituela hark bueltan.
Mundua, ikusle; erakundeak, bake eske
Egunez egun sareetan eta hedabideetan, ia zuzenean kontatutako gatazketako bat izaten ari da Israel Gazan egiten ari den sarraskia, eta Libanon eta Hezbollahrekin zabaldu den gatazka zahar-berri hau ere bide beretik doa. Pantailetan betikoak, etengabeko sufrikarioan, zibilak, errugabeak, haurrak.
Israelek nahiz haren babesleek hedabideen eta sare sozialen gainean abian duten kontrol eta zentsura argia gorabehera (igande honetan bertan, Al Jazzeeraren Ramallahko bulegoa itxiarazi du Israelek), herritarrek zuzenean ikusten dituzte indarkeria eta haren ondorioak, herritarrek ez ezik, erakundeek ere. Beldurra eta harridura konpartituak dira. Ez ordea, ardurak, eta, hilabete luzez maiz egin bezala, indarkeria etetea eskatu dute oraingoan ere erakunde askok.
Jeanine Hennis-Plasschaert NBEren Libanorako koordinatzaile bereziak igande honetan ohartarazi duenez, "Ekialde Hurbila berehalako hondamendi baten atarian egonda, ez da inoiz behar adina aldiz esango: Ez dago irtenbide militarrik aldeei segurtasun handiagoa emango dienik", esan du arduradunak Nazio Batuen Erakundeak Libanon duen misioaren X kontu ofizialean argitaratutako ohar labur batean.
Ildo beretik mintzatu da Josep Borrell Europar Batasuneko diplomazia-buruak: "Europar Batasuna sakonki kezkatuta dago Libanon gertatzen ari den indarkeriaren eskalatzearekin, Beiruteko ostiraleko atentatuen eta Israelek eta Hezbollahk muga inguruetan egin dituzten erasoen ondotik", eta gaineratu du "premiazkoa" dela su-etena, ez bakarrik Libano eta Israel arteko mugan (Lerro Urdin gisa ezagutzen denean), Gazan ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste.
Irango zentral nuklear bati eraso egin diotela salatu du NBEk
Oraingoz, ez dute biktimen ezta kalteen berririk eman. Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak Ekialde Hurbileko gatazka baretzeko deia egin du, istripu nuklearrak gertatzeko arriskua saihesteko.
Iranek misilekin eraso egin du Tel Aviven aurka, Ali Larijaniren hilketaren mendeku gisa
Irango Guardia Iraultzailearen esanetan, "100 helburu militar eta segurtasun helburu baino gehiago" jo dituzte, erasoan Israelgo aireko defentsa sistemak gaindituta.
Iranek baieztatu du Ali Larijani Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkaria hil duela Israelek
Martxoaren hasieran Khamenei aiatola hil zutenetik, Larijani Irango buruzagi garrantzitsuenetakoa zen. Halaber, eraso berean Golamreza Soleimani Basij indar paramilitarreko buruzagia hil dutela baieztatu du Irango Guardia Iraultzaileak. Hilketa horien aurrean, Irango agintari politiko eta militarrek "mendekua" agindu dute.
Espainiak euskara, katalana eta galegoa Europar Batasunean hizkuntza ofizialak izan daitezen nahi du
Fernando Sampedro EBko Estatu idazkariak esan du presioa egiten jarraituko dutela, nahiz eta gaiak bederatzi hilabete daramatzan Ministerioaren agendatik kanpo.
Israelgo Armadak iragarri du "eskala handiko" beste erasoaldi bat egingo duela Teheranen aurka
Israel Katz Defentsa ministroak iragarri duenez, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko agintaria hil dute.
Trumpek esan du "ohore handia" izango litzatekeela "Kuba hartzea"
Bere Administrazioa Kubako agintariekin hitz egiten ari dela errepikatu du agintariak, eta irla "porrot egindako nazio bat" dela azaldu du. "Ez dute dirurik, ez dute petroliorik, ez dute ezer".
Beste ontzi bati eraso egin diote Ormuztik gertu, Erresuma Batuko itsas agentziak jakinarazi duenez
Bestalde, AEBko Armadak baieztatu duenez, Irango "7.000 objektibo baino gehiago" jo ditu, eta ehun ontzi baino gehiago "kaltetu edo suntsitu" ditu, otsailaren 28an Israelekin batera erasoaldia hasi zuenetik.
EBk uko egin dio Ormuzera aktibo militarrak bidaltzeari, berea ez den gerra bat delako
Nazioarteko bazkideek itsasartea desblokeatuko duen hedapen militar batean parte hartzeko ideia berretsi du Trumpek.
NATOk Trumpi erantzun dio aliatuek laguntza eskaini diotela Ormuzerako
AEBko presidenteak ohartarazi zuen Aliantzak “oso etorkizun makurra” izango duela aliatuek itsasartea desblokeatzen laguntzen ez badute. Erresuma Batuak adierazi du “plan kolektibo bat” lantzen ari dela eremurako, eta EBk Atzerri ministroak bildu ditu auzia aztertzeko.