EKIALDE HURBILA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Israelek gogortu egin ditu erasoak Libano hegoaldean eta Gaza iparraldean

Bestalde, Netanyahuk Macronen aurka egin du, Frantziako presidenteak Israeli armarik ez saltzeko eskatu ostean, eta Israelek "bere babesarekin edo bere babesik gabe irabaziko du", erantsi du. Egiptok, Libanok eta Jordaniak, aldiz, babesa adierazi diote Frantziako presidenteari.
20241006140919_beirut_
18:00 - 20:00
Israelek erasoaldi gogorrenetako bat egin du Libanoko hiriburuan, 30 bat eraso eginez

Israelek oldarraldia hasi zuenetik egin duen erasoaldi gogorrenetako bat egin du Beiruten, hegoaldeko barrutietan, Hezbollahren ustezko guneetan, 30 bat eraso eginez. Aldi berean, Gaza iparraldearen aurka jotzen jarraitu du, azkenaldian baino are gogorrago.

Libanoren kasuan, bonbardaketak Bourj el-Barajneh eta Ghobeiry barrutian izan dira bereziki, baina baita auzo estatubatuarrean, Sfeirren, Choueifaten eta Amrousiehn ere. Al-Manar telebista-katearen estudioen kontrako erasoa ere egin du Israelek (aurrez ebakuatu dute), eta aireportura daraman errepidea ere jo badu ere, trafikoan normaltasuna izan da nagusi.

Israelgo Indar Armatuek esan dute Jacher Ali Toil, Hezbollahko ustezko komandantea, hil dutela Libano hegoaldean, Kafr Kila udalerrian, egindako bonbardaketa batean, eta "terroristatzat" jo dute.

Israelek gutxienez 23 pertsona hil eta 93 zauritu ditu larunbatean Libanoko hainbat tokitan egindako erasoetan, Osasun Ministerioak igande honetan jakitera eman duenez. 2023ko urriaren 8tik, Israelen eta Hezbollahren arteko borrokak bizitu zirenetik, Israelek 2.036 pertsona hil eta 9.662 zauritu ditu.

Eraikin bat sutan, Israelek Libanon egindako eraso baten ondorioz. Argazkia: EFE Eraikin bat sutan, Israelek Libanon egindako eraso baten ondorioz. Argazkia: EFE

Bestalde, arabieraz hitz egiten duen Israelgo Armadaren bozeramaile Avichay Adraee koronelak esan du Heliopolis eskolaren, Choueifat Unibertsitate Nazionalaren eta Mojtaba meskitaren ondoan dauden eraikinen aurka egin dituztela erasoak. Normalean abisu bat zabaltzen du Armadak, eraikin jakin batzuetatik gutxienez 500 metrora urruntzeko esanez, baina Sfeirren ez du halakorik egin.

Israelgo Armadak jakinarazi du aireko bonbardaketez gain, lurreko tropek ere inbasioarekin jarraitzen dutela mugaren inguruko herrietan: Khiam, Marjayoun, Tebnine, Ain Ebel, Bint Jbeil, Hasbaya, Yaroun, Madfoun eta Beit Yahoun.

Gaza

Bien bitartean, gaur goizaldean, Israelgo Armadak gogortu egin du Gaza iparraldearen aurkako aireko erasoaldia, Jabalia inguruan bereziki, eta gutxienez 10 palestinar hil eta zenbait zauritu ditu, WAFA albiste-agentzia palestinarraren arabera.

Zaurituak Kamal Adwan ospitalera eraman dituzte, 60 jomuga baino gehiago (etxebizitza ugari tartean) izan dituen erasoaren ostean, Al Mayadeen hedabide libanoarrak zabaldu duenez.

Al-Faluja inguruan ere izan dira erasoak, Jabalia mendebaldean, eta Beit Lahia ere jo dute lurreko ibilgailuak erabiliz.

Eraso horiez gain, Israelgo Armadak UNRWAk erabiltzen zuen eraikin batean ustez "Hamaseko terroristek Israelen aurka atentatuak antolatzeko eta egiteko" erabiltzen zuen gotorleku baten aurka egin du.

Gutxienez 45 palestinar hil eta 256 zauritu dituzte azken 24 orduetan Gazako Zerrendan, Israelen erasoen ondorioz, eta, ondorioz, 41.870 hildako eta 97.166 zauritu dira dagoeneko, Osasun Ministerioaren arabera.

Mutiko bat hondakinen artean, Deir Al Balahen (Gaza), Israelek egindako bonbardaketa basatien ostean. Argazkia: EFE Mutiko bat hondakinen artean, Deir Al Balahen (Gaza), Israelek egindako bonbardaketa basatien ostean. Argazkia: EFE

Netanyahuk errefusatu egin ditu Macronen kritikak

Bestalde, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hitzak gaitzetsi ditu; izan ere, buruzagi frantziarrak Israeli armak ez bidaltzeko eskatu du. Israelek "bere babesarekin edo bere babesik gabe irabaziko" duela erantzun dio.

"Zer lotsagarria", adierazi du agintari hebrearrak bart egin duen agerraldian, eta Macronekin bat egiten duten mendebaldeko gainerako herrialdeak ere kritikatu ditu.

Horren esanetan, Armadak "munduko segurtasunaren eta bakearen alde" egiten du borroka.

Macronek, berriz, "irtenbide politikoa" bilatzearen alde egin du, eta, esan bezala, Israeli arma gehiago ez saltzeko eskatu du.

Egiptok eta Jordaniak, aldiz, babesa adierazi diote Frantziako presidenteari Israelgo Armadak Gazan eta Libanon egindako "nazioarteko zuzenbidearen urraketa larrien" aurrean. Nayib Mikati Libanoko lehen ministroak ere txalotu egin du Macronen eskaera, eta nazioarteari eskatu dio presioa egin dezala, jadanik Libanoko herritarrak bete-betean harrapatu dituen gatazkari amaiera emateko.

Zure interesekoa izan daiteke

HAVANA (Cuba), 13/03/2026.- A handout photo made available by the Office of the President of Cuba showing Cuban President Miguel Diaz-Canel speaking during a press conference in Havana, Cuba, 13 March 2026. The Cuban government stated that the island 'has not relinquished its sovereign right to receive oil supplies', amid a severe energy crisis and an oil embargo imposed by the US since January, which has led to increased power outages. (La Habana) EFE/EPA/ALEJANDRO AZCUY / CUBA PRESIDENT OFFICE / HANDOUT HANDOUT EDITORIAL USE ONLY/NO SALES
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X