GAZA, ERASOPEAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Israelek gutxienez 25 pertsona hil ditu Gazan, tartean sei haur, azken erasoetan

Gainera, Israelen droneek Kamal Adwan ospitaleko argindar sorgailua eta ur eta oxigeno biltegiak suntsitu dituzte. Libanon, 3.600 baino gehiago dira hildakoak.
Gizon bat semearen heriotzagatik negarrez. Argazkia: EFE
Gizon bat semearen heriotzagatik negarrez. Argazkia: EFE

Israelek azken orduetan egindako erasoetan, 25 palestinar hil ditu gutxienez, tartean sei haur eta Gaza hiriburuan hildako familia bateko zazpi kide, bertako iturriek zabaldu dutenez.

Shaldan familia da, hain zuzen ere, erasoek gogorren jotakoa. Zazpi hildakoetako hiru haurrak ziren, eta erasoan Gaza hiriko Zaytun auzoan zuten etxebizitza suntsitu dute.

Khan Yunis hirian, Gaza hegoaldean, Abu Sabla familiako sei kide hil dituzte hiru solairuko etxebizitzaren aurkako erasoan, hiru haur tartean.

Nuseirateko errefuxiatuen kanpalekuan ere egin du eraso Israelek. Horren ondorioz, lau pertsona hil, sutea eragin eta zenbait pertsona zauritu ditu.

Israelek erasoaldia gogortu zuen duela 40 bat egun, Jabalian eta Beit Lahian bereziki, eta ordutik 2.300 pertsona hil eta 6.000 baino gehiago zauritu ditu.

Ospitalearen aurkako erasoa

Bertan, Kamal Adwan ospitalearen aurkako eraso gehiago egin ditu Israelek, eta droneek argindar sorgailua eta ur eta oxigeno biltegiak suntsitu dituzte.

"Badirudi mugarik ez duela Gazako palestinarren aurkako krudeltasunak. 40 egun baino gehiago daramatza iparraldeak setiopean, inguratuta, bonbardaketa artean, bizirauteko baliabiderik gabe eta mehatxupean ihes egitera behartuta", salatu zuen Jonathan Whittal Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak.

"Emaitza? Jendea dago hondakinen azpian, erreskatatu gabe. Gaixoak eta zaurituak ez dira ospitaleetara iristen. Ur edangarria eta elikagaiak agortu egin dira. Bizitzak galdu dira", esan zuen.

14 hilabeteko erasoaldian, 44.000 palestinar baino gehiago hil eta 100.000 baino gehiago zauritu ditu Israelek, eta 11.000 dira hondakinen azpian desagertuak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.

3.600 hildako Libanon

Bestalde, Libanoko Osasun Publikoko Ministerioak ostiralean jakinarazi zuen Israelek gutxienez 3.645 pertsona hil eta 15.355 zauritu dituela bertan urtebetean, Hezbollahren aurkako gerran.

Azken 24 orduetan, hain zuzen ere, 62 pertsona hil eta 110 zauritu dituzte, gehienak Baalbek-Hermelen.

Hildakoen artean, 700 emakume eta 230 haur daude.

Zure interesekoa izan daiteke

WASHINGTON (United States), 06/04/2026.- US President Donald Trump, along with Secretary of Defense Pete Hegseth (2-L), Chairman of the Joint Chiefs of Staff General Dan Caine (R), and CIA Director John Ratcliffe (L), briefs the media on Iran from the White House in Washington, DC, USA, 06 April 2026. EFE/EPA/JIM LO SCALZO
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Trump: "Ormuz zabaldu ezean, gau bakarrean suntsi dezakegu herrialde osoa"

Euskal Herrian goizaldeko 02:00ak direnean amaituko da Ormuzko itsasartea zabaltzeko Trumpek Irani emandako epea. Iranek Pakistanen bitartekaritzarekin proposatutako 10 puntuko dokumentua ez zaio, nonbait, nahikoa iruditu AEBko presidenteari. Iranek esan du negoziazioak ez direla mehatxuekin bateragarri. Israelek, bitartean, irandarrei ohartarazi die ez daitezela trenean ibili ez badute bizia arriskuan jarri nahi.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X