AEB, Iran eta hainbat bitartekari 45 eguneko balizko su-eten bat negoziatzen egon litezke
Bestalde, Irango Atzerri ministroaren bozeramaileak esan du ez dituela Trumpen ultimatumak onartuko, "negoziazioa ez delako ultimatumekin, hilketekin edo gerra krimenak burutzeko mehatxuekin bateragarria".
AEB, Iran eta bitartekari talde bat 45 eguneko balizko su-eten baten nondik norakoak eztabaidatzen ari omen dira, AEBk eta Israelek Iranen aurka hasitako gerra behin betiko amaitzeko, Axiosek gaur, astelehenarekin, jakitera eman duenez.
Elkarrizketa horien berri ei duten AEBko eta Israelgo lau iturri aipatzen ditu hedabide horrek, eta gaineratzen du negoziazioak Pakistango, Egiptoko eta Turkiako bitartekarien bidez egiten ari direla, baita Donald Trumpen bidali Steve Witkoffek eta Irango Atzerri ministro Abbas Araghchik elkartrukatutako mezuen bidez ere.
Azaldu dutenez, su-etenak bi fase izango lituzke, negoziazioetan adostutakoa betez gero. Lehenengo fasean, 45 eguneko balizko su-eten bat sartuko litzateke indarrean, eta tarte horretan gerraren behin betiko amaiera negoziatuko litzateke.
Su-eten hori luzatzeko aukeraz ere hitz egin dute, baldin eta elkarrizketak luzatzen badira, iturrietako batek zehaztu duenez.
Horretarako, baina, ezinbesteko bi baldintza bete beharko lirateke: Ormuzeko itsasartea irekitzea eta Irango uranioaren aferari irtenbide bat ematea.
Bestalde, nolabait baztertu dute datozen 48 orduetan aldi baterako su-etena lortzeko aukera, aipatutako azken ahalegin diplomatiko horri indarra emanez, "gerra are gehiago gordintzea" saihesteko bidea izan daitekeela uste baitute, erantsi du Axiosek.
Ultimatum bidezko negoziazioei uko egin die Iranek
AEBko presidente Donald Trumpen ultimatumei buruz mintzatu da gaur Irango Atzerri ministroaren bozeramailea, eta azpimarratu du ez dela negoziazio horietan sartuko.
"Negoziazioa ez da ultimatumekin, hilketekin edo gerra krimenak burutzeko mehatxuekin bateragarria", esan du prentsaurreko batean Ismail Bagaeiren bozeramaileak.