NBEko giza eskubideen buruak migrazio politika berria "berriz aztertzeko" eskatu dio EBri
Volker Türk goi-komisarioak adierazi duenez, arau berriek nazioarteko legeak eta EBkoak errespetatu behar dituzte, "migrazioaren kudeaketa justu, iraunkor eta giza eskubideekin duten konpromisoa islatuz".
Pertsona migratzaileak Ceutan, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Volker Türk Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideetarako goi-komisarioak pertsona migratzaileen itzulerei buruzko arau berriak berriz aztertzeko eskatu dio Europar Batasunari. Arau horiek Hogeita zazpien migrazio-politika gogortzen dute, deportazioak arintzen dituzte eta hirugarren herrialdeetara bideratzea aurreikusten dute.
"Berme mugatuak dituzten itzulera-zentroak sortzea hirugarren herrialdeetan, atxiloketaren erabilera zabaltzea, baita haurrekin ere, eta itzulketak eragin ditzaketen babesak ahultzea, horrek guztiak kontu handiz hausnartzea merezi du", azpimarratu du Türkek X sare sozialeko bere kontu ofizialean.
Arau berriek nazioarteko legeak eta EBkoak errespetatu behar dituztela adierazi du goi-komisarioak, "migrazioaren kudeaketa justu, iraunkor eta giza eskubideetan oinarrituaren aldeko konpromisoa islatuz".
Europako Parlamentuak, Europako Batzordeak eta EBko Kontseiluak itzuleren araudiari buruzko behin-behineko akordio politikoa lortu zuten astelehenean.
Berritasun nagusien artean dago estatu kideek pertsona migratzaileen jatorriaz bestelako beste herrialde batzuetara deportatu ahal izango dutela, itzulera-zentro gisa izendatu duten horietara. Horretarako, herrialde horiek akordio bat sinatu beharko dute aldez aurretik, eta ez itzultzeko printzipioa errespetatu.