Urtebete da Sirian Bashar Al-Assaden agintaldia amaitu zela, eta urrun daude oraindik baketik eta normalizaziotik
Hamabi hilabeteotan aurrerapausoak eman badira ere, siriar asko oraindik ere muturreko egoeran bizi dira. Ahmed al-Shara Siriako presidenteak hitzeman du herrialde osoa berreraikiko duela, eta herritarrei eskatu die ahaleginak egin ditzatela egonkortasuna sendotzen laguntzeko.
Urtebete da gaur Bashar Al-Assaden erregimena erori zela. 50 urte baino gehiago iraun zuen Sirian diktadurak, lehendabizi Hafed Al-Assaden gidaritzapean, eta, ondoren, horren semea buru zela. Oposizioaren erasoaldiak hamar egun iraun zuen, 2024ko azaroaren 8an matxinoak Damascon sartu ziren arte. Hilabete geroago, Ahmed al-Shara erakunde jihadista bateko burua izendatu zuten herrialdeko behin-behineko presidente.
Esperantzak esperantza, baina, azken urtea ez da erraza izan Sirian, eta gaur gaurkoz urrun daude oraindik bakea eta egonkortasuna lortzetik. Datuek diote azken 12 hilabeteotan 10.000 pertsona baino gehiago hil direla borrokaldietan, horietariko asko, zibilak, eta beste horrenbeste antzinako erregimenaren jarraitzaileak.
Al Sharaak hitz eman du herrialdea berreraikiko duela
Ahmed Al-Shara trantsizioko presidenteak Siria nazioartean berriz kokatzea lortu du. Esaterako, Vladimir Putinekin, Donald Trumpekin eta munduko beste buruzagi batzuekin bildu da urte honetan zehar. Baina bi erronka nagusi ditu aurretik: barne segurtasuna egonkortzea eta biztanleriaren konfiantza berreskuratzea. Astelehen honetan herritarrei agindu die herrialde osoa berreraikiko duela, eta egonkortasuna sendotzen laguntzeko ahaleginak batzeko eskatu die.
Azken urteotan, boterean izandako aldaketa tarteko, bi milioi desplazatu inguru itzuli dira Siriako jatorrizko eremuetara, NBEren datuen arabera, nahiz eta oraindik berreraikitze prozesua egiteke dagoen eta oinarrizko zerbitzuak falta diren. Errefuxiatuentzako NBEren Agentziak ohartarazi duenez, 16 milioi pertsonak giza-laguntza behar dute herrialdean; izan ere, baldintzak oso kaskarretan bizi dira, oraindik orain,
Ospakizun ugari, Damascon
Siria urrun dago oraindik baketik eta normalizaziotik, eta datorren urtea ere ez da erraza izango. Herrialdea zatikatuta dago oraindik, baina pixkanaka ari dira giza eskubideak, segurtasuna, oinarrizko zerbitzuak eta, oro har, bizi-baldintza hobeak eskuratzen.
Gaurko ospakizun ugari antolatu dituzte, nagusia Damasco hiriburuan, desfile militar eta guzti, Bachar al Asaden erorketaren lehen urteurrena ospatu asmoz.