EKIALDE HURBILA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Libanoren aurkako orain arteko "erasorik handiena" egin duela esan du Israelek

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak argi esan du Estatu Batuen eta Iranen arteko akordioa onartzen badu ere, itunean ez dela Libano sartzen.

libano beirut ataque erasoa
Beirut, gaur goizean. Argazkia: EFE

Israelgo Armadak jakinarazi du Libanoren aurkako orain arteko "eraso handiena" egin duela gaur, eta Hezbollah milizia xiitaren hainbat azpiegitura guztiz suntsitu dituztela ziurtatu du. 

Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek bi asterako su-etena iragarri eta berehala, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak argi utzi du Libano ez dela sartzen itun horretan, eta, beraz, han erasoek ez dutela etenik izango esan du.

"Israelgo Armadak Hezbollah miliziak Beiruten dituen azpiegitura militarren aurkako eraso zabala egin du, otsailean erasoaldia abiatu genuenetik, handiena", kontatu du Netanyahuk. 

Besteak beste, "kontrol-guneak eta Hezbollahko milizianoen formazio-lekuak" txikitu dituztela azaldu du lehen ministroak. Haren hitzetan, Israelen aurkako "eraso terroristak antolatzen dituzten" egituren aurkako erasoa izan da. 

1.500 hildako Libanon

Bere aldetik, Joseph Aoun Libanoko presidenteak AEBk eta Iranek adostutako menia ontzat eman du, baina eskatu du Libano ere kontuan hartzea. "Eskualde osoan bakea ezarriko duen ituna behar dugu", adierazi du.

Hezbollahk, berriz, nabarmendu du "garaipen historiko baten atarian" dagoela herrialdea. 

Libanoko agintariek zabaldutako azken balantzeren arabera, joan den otsailaren amaieratik, 1.500 herritar hil eta 4.600 inguru zauritu dituzte Israelek egindako erasoetan. Euren bizitokiak utzi behar izan dituztenak milioi baino gehiago dira. 

Su-etenetik, 735 hildako Gazan

Gazan ere erasoek ez dute etenik, iazko urrian su-etena indarrean sartu bazen ere. Azken datuen arabera, menia ezarrita dagoenetik, 735 herritar hil ditu Israelek Gazan egindako erasoetan. 

Mahmoud Abbas Palestinako presidenteak salatu du "kolono israeldarren erasoek" ez dutela etenik, eta galdegin du bart izenpetutako akordioan Gaza, Zisjordania eta Libano ere aintzat hartzea.

Zure interesekoa izan daiteke

WASHINGTON (United States), 06/04/2026.- US President Donald Trump, along with Secretary of Defense Pete Hegseth (2-L), Chairman of the Joint Chiefs of Staff General Dan Caine (R), and CIA Director John Ratcliffe (L), briefs the media on Iran from the White House in Washington, DC, USA, 06 April 2026. EFE/EPA/JIM LO SCALZO
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Trump: "Ormuz zabaldu ezean, gau bakarrean suntsi dezakegu herrialde osoa"

Euskal Herrian goizaldeko 02:00ak direnean amaituko da Ormuzko itsasartea zabaltzeko Trumpek Irani emandako epea. Iranek Pakistanen bitartekaritzarekin proposatutako 10 puntuko dokumentua ez zaio, nonbait, nahikoa iruditu AEBko presidenteari. Iranek esan du negoziazioak ez direla mehatxuekin bateragarri. Israelek, bitartean, irandarrei ohartarazi die ez daitezela trenean ibili ez badute bizia arriskuan jarri nahi.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X