Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.
Marokoko Justiziak gutxienez 34 pertsona auzipetu ditu Tetuanen, Marokoko Giza Eskubideen Elkarteko iturrien arabera (EFEk aipatuta), Ceutako krisiarekin lotutako indarkeriazko ekintzengatik eta beste delitu batzuengatik. Prozesuetako bost adingabeak dira. Indarkeria eta bandalismoa egozten dizkiete, eta haurrak babesteko Rabateko zentro batera eraman dituzte.
Gainerako atxilotuei honako delitu hauek leporatu dizkiete: matxinatzea, armak erabiltzea, Poliziaren aurkako indarkeria eta ondasun publikoei kalte egitea, Castillejos eta Espainiako hiri autonomoaren arteko mugan zeharkatze irregularrak antolatzea, eta "baimenik gabe bidaiarien garraioan parte hartzea eta migratzaileak prestatu gabeko lekuetatik ezkutuan ateratzea erraztea".
Gainera, Marokok 52 pertsona eraman ditu Nadorko auzitegietara, Ceutako krisiarekin lotuta.
Marokoko agintariek ez dute atxilotuei buruzko informazio ofizialik eman.
Europa Pressen arabera, bertako iturri diplomatikoek ukatu egin dute migrazio-politikak "erlaxatu" izana, eta ziurtatu dute "muga modu irregularrean" zeharkatzen saiatzen denak badakiela "itzularazi egingo dutela eta Marokok onartu egingo duela". Rabatek "konpromiso" horri eusten dio “aspalditik”.