Bruselak esan du EBk "lanak ondo" egin dituela Ceutan, eta "migrazio erreformak bizkortzeko" eskatu du
Magnus Brunner Europako Barne eta Migrazio komisarioaren hitzetan, Ceutan lehertutako krisitik ateratako ondorio nagusia da Europar Batasuneko kideek "bat eginda" kudeatu behar dituztela migrazio politikak.
Magnus Brunner EBko Barne eta Migrazio komisarioa, gaur, Bruselan. Argazkia: EFE
Ceutako migrazio-krisiari "ondo erantzun" dio Europar Batasunak: egoera kontrolpean izatea lortu du eta migrazio mugimenduak Schengen eremura zabaltzea saihestu da. Orain, gertakari horiek utzitako "irakaspenak" kontuan hartu eta Europako migrazio politiken erreformak bizkortu egin behar dira.
Magnus Brunner Europako Barne eta Migrazio komisarioak esan du hori, EBko Barne arduradunekin egin duen ezohiko bileraren ostean egin duen prentsaurrekoan. "Oraingoz, argi dago Europak proba gainditu duela. Pertsona hauek ez dute Schengen eremura sartzeko aukerarik izan eta mugako segurtasuna eraginkorra izan da", esan du politikari austriarrak.
Esan duenez, goizean izandako bileran, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak nabarmendu du egoera "kontrolpean" dagoela Ceutan eta krisiak ez duela eraginik izan EBko gainerako lurraldeetan. "Espainia, Maroko eta Europako erakundeen arteko elkarlanaren emaitza izan da kudeaketa", erantsi du.
Halaber, Brunnerrek adierazi du Europak ez duela azken hamarkadetan legez kanpoko migrazioa "horren kontrolatuta" izan. Halere, ohartarazi du edozein aurreikuspen "gainditu" duela Ceutan gertatutakoak.
Testuinguru horretan, komisarioak azaldu du Brusela "elkartze akordio oso bat" ari dela negoziatzen Marokorekin, eta horren bizkarrezurra migrazioa dela. Argi utzi du negoziazio horiek ez dutela zerikusirik azken egunotan gertatzen ari denarekin.
Hori bai, Ceutako egoera bere onera ekartzeko, Rabatekin izandako "elkarlana" ezinbestekoa izan dela zehaztu du.