Frantziako hauteskundeak: nor da nor Eliseorako lehian?
2022ko apirilaren 10ean, frantziarrak hautetsontzietara deituta daude, datozen bost urteetan nork gobernatuko dituen erabakitzeko. Bi itzuliko sistema dute, kontsentsuko hautagaiei mesede egiten diena, eta, printzipioz, Emmanuel Macron egungo presidentea da faboritoa.
Jarraian, kanpainaurreko protagonista nagusiak aztertuko ditugu, hauteskundeak egiteko bi hilabete falta direnean:
Emmanuel Macron
Macron 2017an sartu zen politikaren lehen lerroan, zentroko mugimendu liberal berri batekin. Frantziako Konstituzioak elkarren segidako bi agintaldi baimentzen ditu presidentearentzat; beraz, Macronek beste bost urtez errepikatzeko eskubidea dauka. Faborito azaldu da zundaketa guztietan, eta lehen itzulirako boto-asmoaren arabera, botoen % 20tik gora jasoko dituen hautagai bakarra da.
Valérie Pecresse
Pecressek Frantziako eskuin klasikoa ordezkatzen du, Jacques Chiracen eta Nicolas Sarkozyren mugimenduen oinordeko. Polemiken ondorioz François Fillonen eskutik 2017an bigarren itzulitik kanpo geratu ziren Errepublikarren burua da. Bigarren ageri da boto-asmoan, eta, gorenera iristekotan, lehen emakumea litzateke Frantziako Presidentetzan.
Marine Le Pen
Jean Marie Le Penen alaba eta oinordeko politikoa da presidente izateko beste hautagaietako bat. Oraingoan, Le Pen bere irudia moderatzen ahalegindu da, neurri handi batean Zemmour aurkeztuta eskuin muturreko benetako hautagai gisa. Halere, Pecressen ezusteko sarrerarekin topatu da, eta jada ez dauka hain ziurtatuta 2021eko zundaketek aurreikusten zuten bigarren itzulirako pasea.
Éric Zemmour
Zemmour ultraeskuineko ideiengatik egin zen ezagun hedabideen aurrean, eta Reconquista proiektu politikoarekin eman die forma orain ideia horiei. Gorakada azkarra izan zuen inkestetan, baina azken asteotan laugarren posturaino jaitsi da.
Hautagaitza aurkezteko bideoan esan zuen Frantzia "salbatu" egingo duela migrazioak, segurtasunik ezak eta LGTBI kolektiboaren eskubideen aldarrikapek eragin dituzten erronken aurrean. Bere adierazpen polemikoek epaitegietara eraman dute, eta arrazakeria sustatzeagatik zigortu zuten urtarrilean.
Jean-Luc Mélenchon
Jean-Luc Mélenchon, Frantzia Intsumisoko liderrak ezkerrik borrokalariena ordezkatu du azken hamarkadan, bere burua Alderdi Sozialistaren ustezko zentrismoaren aurreko alternatiba gisa azalduta. Inkesten arabera, duela bost urte lortutako botoen erdiak eskuratuko ditu. Datorren hitzordua azken aukera izan liteke 70 urteko hautagai honentzat.
Yannick Jadot
Yannick Jadot eurodiputatuak Europa Ekologia-Berdeak ordezkatzen ditu, Frantziako ekologismoaren bandera politikoa. Melenchon du aurkari nagusi, ezkerraren hautagai nagusia, baina ez batak ez besteak ez omen dute botoen % 10 baino gehiago eskuratuko.
Christiane Taubira
Christiane Taubirak urtarrilaren erdialdera berretsi zuen bere hautagaitza, hilabeteetako espekulazioen ostean. Justizia ministro ohiak gainerako taldeek lekua hartuta zutenean egin zuen sarrera, ezkerrari plataforma independente batetik bultzada berria emateko asmoz.
Anne Hidalgo
Alderdi Sozialistak urrian izendatu zuen Hidalgo hautagai, Parisen bi garaipen izan ostean. Ezkerreko beste hautagaiei elkarrekin plataforma bat osatzeko proposatu die, baina ez du arrakastarik izan. Edonola ere, hiriburuko alkateak ez du amore emango, datozen bi hilabeteetan gerta daitekeenaren esperoan.
Zure interesekoa izan daiteke
Imanol Pradales atxilotutako gazteei buruz: "Nire alaba balitz, erantzukizunen bat hartuko nuke"
EHKSk Bilboko istiluetan parte hartu ez zuela dio: "Quiles ez etortzea lortu zenean, helburuak beteta zeuden"
Podemosek zuhurtzia eskatu du, baina ez du baztertzen infiltratutako poliziak edo ultraeskuindarrak egotea istiluen atzean
Mikel Irujo eta Aitana Duque EAJren hautagaiak izango dira Nafarroako Parlamenturako Geroa Bairen zerrendan
Deustu, istiluen biharamunean: 55.000 euroko kalteak zenbatu dituzte
ErNEk Alfonso Garaikoetxea kargugabetzea eskatu du, Bilboko istiluak direla eta
Insaustik ziurtatu du indarkeria ez dela itzuliko Donostiako kaleetara, Blocusen deialdien aurrean
Javier de Andrés: "Absentismo daturik txarrenak dituen erkidegoa gara"