Donostiako EAJk etxebizitza eskaintza areagotzea eta turismo eredu "ordenatu eta jasangarria" sustatzea jarri du jomugan
Martxotik uztailera bitartean, elkarrizketa eta gogoeta saioa egin dute jeltzaleek 500 gizarte eragilerekin, eta 200 ekarpenetik gora jaso dituzte, 11 erronka sektorialetan bilduta. Jon Insausti alkateak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: "Entzutea ez da jendeak zer pentsatzen duen galdetzea. Entzutea da prest egotea beste begirada batzuk onartzeko".
Donostiako EAJk elkarrizketa saioa egin du bost hilabetez 500 bat gizarte elkarterekin datozen urteotan hiriak dituen erronkak identifikatu eta ekarpenak biltzeko. Ekimenak, "Donostiarekin konpromisoa" izenpean, 11 gai garrantzitsu seinalatu ditu, eta horien artean, etxebizitza eskaintza areagotzeko, turismo eredu "ordenatu eta jasangarria" sustatzeko eta "osoko segurtasun eredua" lantzeko konpromisoa hartu du.
Gaur aurkeztu dute Jon Insausti Donostiako alkateak eta Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) presidenteak ekimena. Entzuketa prozesuan egindako hausnarketak eta batutako ekarpenak nabarmendu dituzte biek.
Donostiako EAJ martxoan hasi zen ekimena lantzen. Aurrena, alderdi barruko prozesua burutu zuten, Gipuzkoako EAJk egindako "Lehentasunen kaiera" dokumentua abiapuntu hartuta. Hiriko 140 militanterekin 10 lantalde osatu zituzten, gai inportanteenen inguruan bilduta (Etxebizitza, Osasuna, Migrazioa, Segurtasuna, Turismoa, Gizarte Politikak, Berdintasuna, Euskara eta Kultura, Kirola eta Ekonomia-Industria-Enplegua). Ondoren, kanpoko eragileekin —500 bat— egindako prozesua etorri zen. Guztira, bost hilabete eman dituzte iritzi eta ekarpenak trukatuz. Amaitzeko, uztailean, 235 ekarpen bildu eta gaur aurkeztu den memorian jaso dituzte.
11 erronka sektorial
Memoriak 11 erronka garrantzitsu jaso ditu: etxebizitza, osasuna, migrazioa, segurtasuna, turismoa, gizarte politikak, indarkeria matxistak, euskara eta kultura, kirola, ekonomia, industria eta enplegua, eta mugikortasuna eta jasangarritasuna. Etxebizitza alorrean, eskaintza ugaritzeko beharra azpimarratu dute, lankidetza publiko eta pribatu handiagoaren bitartez. Beste hauek ere jarri dituzte jomugan: etxebizitza babestua areagotzea, etxebizitza hutsak alokairura bideratzea eta gazteen emantzipazioa erraztea.
Donostian turismoaren auziak duen pisua kontuan hartuta, "eredu ordenatu eta jasangarria" sustatzearen aldeko apustua partekatu dute eragileek, herritarren bizi kalitatea babesteko gai izango dena eta jasotako dirua bertara itzultzeko modua emango duena. Horretarako "araudi eraginkorragoak" ezartzea babestu dute.
Segurtasunean ere jarri dute azpimarra. "Osoko segurtasun eredua" defendatu dute, Euskal Polizia indartuta. Bestalde, prebentzioan aritzeko eta behin eta berriz delituak egitearen aurrean irmotasuna agertzeko beharra nabarmendu dute.
Euskara eta kulturaren alorrean, beharrezkotzat jo dute gure hizkuntza eguneroko bizitzan sendotzea, batez ere gazte jendearen artean eta donostiarren belaunaldi berrietan.
Migrazioaren gaia ere izan dute mahai gainean eragileek. Besteak beste, bertakotzearen, eskubide eta betebeharrekiko berdintasunaren, kulturarteko elkarbizitzaren eta bateratze soziala indartzearen aldeko apustua aipatu dituzte. Memoriaren egileen aburuz, "immigrazioa erronka etikoa" da, nahiz eta gure gizartearen "etorkizun demografiko eta ekonomikorako aukera" ere baden.