Hezkuntza Sailak irakurmena indartuko du bereziki, ikasleen maila hobetzeko
PISA txostenak utzitako emaitzen ondoren, ikasleen emaitzak hobetzeko lan-ildo berriak ezarriko ditu Hezkuntza Sailak. Ondorioetako bat da irakumenean jarri behar dela indarra.
Egunero patxadaz irakurtzeko tarte bat hartzea. Errezeta hori jarri die mahai gainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeei, PISA txostenak emaitza txarrak utzi ondoren.
Ebaluazioko Adituen Foroarekin aztertu dituzte emaitzak, eta euskal hezkuntza-sistemaren bilakaerari buruz eskuragarri dauden gainerako ebidentziekin kontrastatu ondoren, lan-ildo berriak ezarriko ditu Begoña Pedrosak zuzentzen duen Hezkuntza Sailak: lehentasuna irakumena indartzea izango da.
Ikastetxe publikoetako eta itunpekoetako 600 ordezkari ingururekin elkartu dira gaur Hezkuntzako arduradunak, Barakaldoko BECen, hemendik aurrerako lehentasunak partekatzeko.
Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, "emaitzak ebaluatzea eta hobetzea da lehentasuna" dela. "Lan hori 2025eko otsailean abian jarritako Hezkuntzako Emaitzak Hobetzeko Estrategia Integralaren esparruan garatzen da, eta hainbat ebaluazio, azterlan eta adierazletan oinarritzen da. Horiek aukera ematen dute ikaskuntzen bilakaera ezagutzeko eta erabakiak bideratzeko", dio idatziak.
Bost jarduketa-ildo
Hasteko, Estrategia Integralean garatutako neurrien eragina ebaluatuko da eta emaitza onenak lortu dituzten zentroak ikusi eta horien metologiak zabalduko dira. "Emaitza onak lortzen ari diren jardunbideak identifikatu, sistematizatu eta zabalduko" dira, "jarraibide metodologikoak ikasgelara" eramateko.
Horrekin batera, ikastetxeetako hizkuntza-proiektuak berrikusiko dira, baliabide digitalen hezkuntza-erabilerari buruz dagoen ebidentzian sakonduko da eta 2027ko errolda-ebaluazioan funtsezko aldagaien bilakaera aztertuko da.
"Azterketak teknologiaren zer erabilerek errazten duten ikaskuntza, zeinek zaildu dezaketen eta zer baldintzatan aztertuko du, eta arreta jarriko du irakurketarekin, kontzentrazioarekin eta arretarekin duten loturan. Aldi berean, ikasleen konpetentzia digitala garatzen jarraituko da", azaldu du Hezkuntza Sailak.
Pedrosaren arabera, "gakoa da zorroztasunez aurrera egitea", erabakien eragina ebaluatuz eta beharrezkoa dena egokituz. "Emaitzak hobetzeko lana dagoeneko abian da. Estrategia Integrala 2025eko otsailean jarri zen abian, eta PISAk, hiru hilabete geroago egindakoak, informazio berria ematen du orain zer jarduketa indartu behar diren, zein berrikusi behar diren eta non esku hartu behar den intentsitate handiagoz identifikatzeko", erantsi du.