EH Bilduk Nerea Kortajarena aukeratu du Donostiako alkategai
Kortajarena EH Bilduren Programa idazkaria da gaur egun, eta legebiltzarkidea Eusko Legebiltzarrean 2016tik. Azken hauteskunde autonomikoetan EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua izan zen, eta "emaitza historikoa" lortu zuen, botoen % 40 gainditzea ahalbidetuz.
Nerea Kortajarena (EH Bildu). Argazkia: EITB
Donostiako EH Bilduren Idazkaritzak Nerea Kortajarena Ibañez proposatu du 2027ko maiatzaren 23an egingo diren udal hauteskundeetan Donostiako Udalerako aurkeztuko duen hautagaitzaren buru izateko.
Kortajarena EH Bilduren Programa idazkaria da gaur egun, eta legebiltzarkidea Eusko Legebiltzarrean 2016tik. Azken hauteskunde autonomikoetan EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua izan zen, eta "emaitza historikoa" lortu zuen, botoen % 40 gainditzea ahalbidetuz.
Jaiotzez donostiarra eta Loiola auzoko bizilaguna da Kortajarena, eta, Donostiako EH Bilduren Idazkaritzaren iritziz, "Gipuzkoako hiriburuko lehen emakume alkatea izateko beharrezkoak diren gaitasun guztiak biltzen ditu".
Gizarte langilea "eta hiria, auzoak eta bizilagunak sakon ezagutzen dituena". "Kortajarenak Donostiak behar duen norabide aldaketa bideratzeko beharrezko bermeak" eskaintzen dituela uste du EH Bilduko idazkaritzak.
Azkenik, Donostiako EH Bilduren Idazkaritzak eskerrak eman dizkio Juan Karlos Izagirreri "hiriaren alde egindako lanagatik eta hartutako konpromisoagatik".