MIGRAZIO-KRISIA CEUTAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ceutara sartzeko deialdien berri eman zien CNIk Espainiako eta Marokoko gobernuei, milaka migratzaile iritsi bezperan

Ceutako migrazio krisiaren harira, Espainiako Gobernuak 40 dokumentu desklasifikatu ditu gaur, eta horien arabera, uztailaren 29an CNIko agenteak Marokoko inteligentzia zerbitzuekin eta Espainiako Gobernuak Ceutan duen ordezkariarekin jarri ziren harremanetan, sare sozialetan Ceutara sartzeko deialdiak egiten ari zirela ohartarazteko. 

 

CEUTA (ESPAÑA), 16/08/2026.- Un grupo de migrantes concentrados para solicitar asilo este domingo en la playa del trampolín de Ceuta. EFE/ Reduan
Ceuta, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Espainiako Inteligentzia Zentroak (CNI) uztailaren 29an Marokoko eta Espainiako gobernuei ohartarazi zien Ceutara sartzeko deialdiak egiten ari zirela hainbat talde sare sozialetan. Egun bat geroago, uztailaren 30ean, milaka migratzaile sartu ziren hiri horretara. Orain arte, Espainiako Gobernuak ukatu egin du sarrera masiboa izango zela zioen informazioa jaso izana. 

Ceutako krisiaren inguruan CNIk idatzitako 40 dokumentu eman ditu argitara gaur Espainiako Gobernuak, eta horietako batean, Marokoko inteligentzia zerbitzuei eta Espainiako Gobernuak Ceutan duen ordezkaritzari zein Guardia Zibilari igorritako ohar bat ageri da, ‘Ohartarazpen goiztiarra' deiturikoa. 

Bi orriko idatzian, Whatsapp eta Facebook sare sozialetan hainbat taldek zabaldutako mezuak daude jasota, eta horiei erantsita, CNIk dio Ceutara igerian edo hesia zeharkatuz sartzeko deialdiak egiten ari direla, Marokoko Tronuaren Festaren asterako —uztailaren 30ean izaten da ospakizuna—.

Bereziki, hiru talde daude nabarmenduta: batetik,  'Ceutako hesiari erasoa' izeneko Whatsapp talde bat, eta bestetik, 'Ceuta Fnideq' eta 'Hraga Ceuta' goiburua duten Facebook sareko bi talde. Milaka eta milaka jarraitzaile biltzen dituzte hirurak.

Zabaldutako dokumentuen arabera, deialdiek zioten Tronuaren Festaren astean arduradun politikoak "distraituta" ibiliko direla "ospakizun eta desfileekin", eta abagune egokia izan daitekeela Ceutara sartzeko. 

Beste dokumentu batean, CNIren eta Espainiako Gobernuak Ceutan duen ordezkariaren arteko Whatsapp bidezko bi elkarrizketa daude jasota, uztailaren 29koak. Horietan ere, sare sozialetan egiten ari ziren deialdien berri eman zitzaion Marokori. 

Espainiako Gobernuaren erreakzioa

Espainiako Gobernuaren esanetan, "uztailaren 29ko CNIren komunikazioek ez zuten inoiz ohartarazi migratzaileak Ceutara masiboki iritsiko zirela"; aitzitik, Facebookeko bi taldetan deialdi bat egiten ari zirela jakinarazi zuten, Tronuaren Jaiaren astean hirira modu irregularrean sartzeko.

Moncloako iturriek azaldu dutenez, CNIk bere txostenetan gaineratu zuen deialdia egiten ari zen sare-talde horiek "guztira 180.000 jarraitzaile" zituztela, "hedapenaren irismena" irudikatzeko.

"Beste erakunde batzuek ere ezagutzen zuten hori, eta inola ere ez zen ulertu eskala- edo probabilitate-adierazle prospektibo bat bezala", erantsi dute aipatu iturriek. 

CNI: "Ez genuen aurreikusi gertatu zenaren tamaina"

Bestalde, Espainiako Inteligentzia Zentroak argitu duenez, uztailaren 30ean eman zuen informazioak "ez zuen aurreikusi gertatu zenaren tamaina eta izaera", "ezohiko fenomenoa" izan baitzen aurreko migrazio-krisiekin alderatuta.

CNIko iturrien arabera, asteazken honetako dokumentuen desklasifikazioak "agerian uzten du" zentroak "Ceutako hesiari eraso egiteko kanpaina bati buruzko informazioa eman zuela".

Hala ere, zehaztu duenez, informazio horrek "ez zuen aurreikusi 30ean gertatu zenaren garrantzia eta izaera, orain arte ezagututako migrazio-krisiekin bat ez datorren ezohiko fenomenoa izan baitzen". 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X